Noiz argitaratua Osteguna, 2018.eko Otsailak 22

Foro Sozial Iraunkorrak antolatuta, gaur arratsaldean Alan McBridek hitzaldia eskainiko du Parlamentuan

Komunitate unionistako kide eta Wave Traume Centre-eko koordinatzailea, indarkeria politikoaren biktimen babeserako eta Ipar Irlandaren bakearen aldeko taldea

 

Nafarroako Parlamentuan ostegun honetan, otsailak 22, Alan McBridek hitzaldia eskainiko du, Ipar Irlandako komunitate unionistako kidea, bakearen aldeko ekintzaile famatua eta Wave Traume Centre-eko koordinatzailea, indarkeria politikoaren biktimen babeserako taldea.

 

Foro Sozial Iraunkorrak sustatutako Hitzorduak ekimenaren hirugarren edizioa da, eta oraingoan sufritutako mina positibatzeko eta aitorpena eta bakearen aldeko dinamika bat eraikitzeko helburua dauka.

 

Testuinguru horretan, Alan McBridek bere esperientzia kontatuko du, bere biktima egoera (bere emaztea eta bere aitaginarreba galdu zituen IRAren 1993ko bonba eraso batean) eta Wave Traume Centre ekimenetik burutzen duten lana eta Healing Trough remenbering (oroimenaren bidez sendatu) ekimena azalduko du.

 

Irekiera ekitaldian (Erabilera anitzeko aretoan, 18:00etanAinhoa Aznarez Igarzak, Legebiltzarreko Lehendakariak parte hartuko du. McBrideren hitzaldia eta gero, galderak egiteko tartea egongo da. Fernando Armendariz, Foro Sozialeko eta Amnistia Internacionaleko kideak saioan moderatzaile lana egingo du.

 

 

Foro Soziala 2013an hasi zen lanean, bake prozesuari bultzada emateko asmoz. Aieteko Nazioarte Konferentzian hitzartutako ibilbide orriari jarraiki, lanerako lau ildo nagusi zehaztu genituen: armagabetzea; preso eta iheslarien itzulera erraztea; giza eskubide eta bestelako eskubide demokratikoen bermea; eta, azkenik, iraganari eta memoriari zintzotasunez begiratzeko ahalegina elkarbizitzan aurrera egiteko.

 

Otsailaren 22ko ekimenaren helburua da “herritarren parte hartzea sustatzea bake iraunkorra ezartzeko prozesuan”. “Konplexua” da lana, eta beraz, “adituen, erakundeen eta zibilen” ekarpenak ezinbestekoak dira, hori guztia, ikuspegi “anitz eta autokritikotik”. Hitzorduak ekimenaren lehen edizioa 2016ko azaroaren 4an izan zen, eta indarkeria desberdinetako biktimen arteko elkarretaratzeak izan zituen helburu. Bigarrena 2017ko apirilaren 5ean izan zen, eta gaia torturaren profil sexista, emakumeenganako indarkeriaren adierazpen zehatz gisa izan zen.