Noiz argitaratua Asteazkena, 2021.eko Urriak 13

2021eko urriaren 13ko bilkura

MAHAIAK ETA ELEDUNEN BATZARRAK GAUR –ASTEAZKENA, 2021eko URRIAREN 13a– HARTUTAKO ERABAKIAK

 

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura presentziala egin dute gaur –asteazkena, urriak 13–, 10:00etan, eta erabaki hauek hartu dituzte:

 

MOZIOAK:

- Horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatzen da egin beharreko zuzemenak egin ditzan Gobernu zentralaren aitzinean, Nafarroako erakundeen esku gera dadin parke eoliko edo fotovoltaikoak paratzeko ekimen guztien gaineko erabakimena. Geroa Bai talde parlamentarioko Mikel Asiain Torres jaunak aurkeztu du.

 

LAN-BILKURAK ETA BISITAK:

- Obanosko Misterioa Fundazioaren lehendakariaren komunikazioa, zeinaren bidez uko egiten baitio beren egoera nahiz Obanosko Misterioa eta Jarduera Jakuetarrak proiektua azaltzeko lan-bilkuran parte hartzeko gonbitari.

- Kasedako San Zoiloren ermitara. Navarra Suma, Nafarroako Alderdi Sozialista, Geroa Bai eta EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioek, Nafarroako Podemos-Ahal Dugu foru parlamentarien elkarteak eta Izquierda-Ezkerra talde parlamentario mistoak aurkeztu dute.

 

AHOZKO GALDERAK:

- LC Districts proiektuari buruzkoa. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioko María Aranzazu Biurrun Urpegui andreak aurkeztu du. . Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Batzordea.

 

GALDERA IDATZIAK:

- Terrorismoa dela-eta kondenatutakoei egindako harrera publikoei buruzko galdera berrestea. Navarra Suma talde parlamentarioko Jorge Esparza Garrido jaunak aurkeztu du.

- Osasunari buruzko Foru Lege berriari buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Cristina Ibarrola Guillén andreak aurkeztu du.

- Kirurgian batez beste itxaron beharreko denborari buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Cristina Ibarrola Guillén andreak aurkeztu du.

- COVID-19aren pandemiaren bilakaera aztertzeko aginte-koadroen datuei buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Cristina Ibarrola Guillén andreak aurkeztu du.

- Nafarroako Txertoen Aholku Batzorde Teknikoari buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Cristina Ibarrola Guillén andreak aurkeztu du.

- Aisialdiko eskolen gaineko araudiari buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Ángel Ansa Echegaray jaunak aurkeztu du.

- Zezenketetarako aziendarendako laguntzen 2021eko deialdiari buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Miguel Bujanda Cirauqui jaunak aurkeztu du.

- Lázaro Galdiano Fundazioaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko lankidetza-hitzarmenari buruzkoa. Navarra Suma talde parlamentarioko Raquel Garbayo Berdonces andreak aurkeztu du.

 

KONTUEN GANBERAREN TXOSTENAK ETA AURREKONTUEN KONTROLA:

- Informazioa, 2021eko ekitaldiko hirugarren hiruhilekoari dagozkion zorpetze-eragiketak ituntzeko baimenei buruzkoa, Nafarroako Gobernuak aurkeztua.

- Informazioa, 2021eko ekitaldiko hirugarren hiruhilekoari dagozkion zorpetze-eragiketei buruzkoa, Nafarroako Gobernuak aurkeztua.

 

BESTELAKO GAIAK:

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Gustavo de Guzmán Muñoz Barrutiaren hautagaitza (Geroa Baik aurkeztu du), gizarte zerbitzu publikoak kudeatzeko Nafarroako Fundaziorako (Gizain Fundazioa) patronatukide izateko. Fundazioak adingabearen arloko oinarrizko gizarte zerbitzuen kudeaketa publikoa egiten du, eta laguntza ematen die oinarrizko laguntzako gizarte zerbitzuei. Oraintsu hil den Gabriel Hualderen hutsunea betetzera dator. 

- Nafarroako Parlamentuaren zerbitzuko Langileen Estatutua aldatzeko proposamena. Zuzenketak aurkezteko epea abiarazi da, urriaren 18ra bitarte (astelehena). Eztabaia hilaren 19an eginen da (asteartea), Erregelamendu Batzordean, erabateko legegintza-eskumena baitauka.

- Mahaiak eta Eledunen Batzarrak jasotzat eman dute Zerbitzu Juridikoen txosten-oharra, foru parlamentariek egiten dituzten informazio-eskariak direla-eta Nafarroako Gobernuak igorritako idazkiari buruzkoa.

 

Txostenak dioenez, “eskaera egin duen parlamentariak baloratuko du, jasotako erantzuna ikusita, ea bere eskubidea ase den, bai dokumentazioa helarazita, bai halakorik ez egiteko zuzenbidean oinarritutako arrazoiak ontzat emanda. Eta kasua bada, eskatutako dokumentaziorik egonen ez balitz, bere eginkizunak baliatuta egoki iritzitako bide parlamentarioak baliatzen ahalko ditu (galdera idatzia, agerraldia, informazio-bilkurak), edo, informazioa ukatu zaiolako bere eginkizuna gauzatzeko oinarrizko eskubidea urratu zaiola iritzita, beste bide batzuk baliatzea har dezake gogoan, jurisdikzio eskudunean aurkaratzeko aukera barne.

 

Hori dela-eta gogorarazi beharra dago jurisprudentzia konstituzionala, zeinaren arabera Gobernuari informazioa eskatzeko ekimen parlamentarioak baliatzeko egintzak gobernuaren eta legebiltzarraren arteko harreman politikoen esparruan kokatzen baitira, eta hori gauzatzean sortzen diren arazoak ere esparru politikoan ebatzi behar baitira, halako moduan non, oro har, ez baita bidezkoa ez fiskalizazio judiziala ez Konstituzio Auzitegiarena ere (Konstituzio Auzitegiaren 220/1991 epaia, azaroaren 25ekoa).

 

 Halere, Konstituzio Auzitegiak berak, salbuespenez, gobernuak parlamentariei informazioa ukatzearen gaineko kontrol jurisdikzionalerako bide baterako aukera ematen du”.

 

GAI EKONOMIKOAK, BARNE ANTOLAMENDUKOAK ETA KONTRATAZIOARI BURUZKOAK:

- Mahaiak onetsi du Phelan McDermid sindromearen Nazioarteko Eguna dela-eta Legebiltzarraren egoitzaren fatxada 2021eko urriaren 22an berde kolorez argiztatzeko proposamena.

- Mahaiak onetsi du berdintasunari buruzko kazetaritza-lana saritzen duten Nafarroako Kazetarien Elkartearen 2021eko Teobaldo sarien urteko babesletza berritzeko proposamena.

 

ADIERAZPEN INSTITUZIONALAK:

-Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak babestu egiten baitu Bularreko Minbiziaren Nazioarteko Egunaren ospakizuna dela-eta SARAYk abian jarri duen kanpaina. Nafarroako Parlamentuko lehendakariak aurkeztu du.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak honako hau erabaki du:

 

1. SARAY elkarteak abian jarritako elkartasun kanpaina babestea eta Nafarroako herritarrei bertan parte har dezaten dei egitea.

 

2. Parlamentuaren egoitzan ekitaldi instituzional bat egitea heldu den asteartean, urriaren 19an, 12:00etan, SARAY elkartearekin batera.

 

3. Urriaren 19an arrosa kolorez argiztatzea Parlamentuaren egoitzako fatxada”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bat egiten baitu Pobrezia Desagerraraztearen aldeko Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin. Parlamentuko lehendakariak aurkeztu du.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“Nafarroako Parlamentuak:

 

1. Bat egiten du Pobrezia Desagerraraztearen aldeko Nazioarteko Egunaren ospakizunarekin. Hartara, heldu den urriaren 14an ekitaldi bat eginen du, Parlamentuko atalondoan, 12:00etan, Gizarte Entitateen Plataformarekin.

 

2. Berretsi egiten du Pobreziaren eta Desberdinkeriaren aurkako Itunean pobreziaren eta desberdinkeriaren aurka sinatutako konpromisoa.

 

3. Itun horren jarraipena egiteko eta ituna betetzeko urratsak egiten jarraitzeko konpromisoa hartzen du.

 

4. Uste du funtsezkoa dela pandemiatik heldu diren erronka global berriei aurre egitea, desberdinkeriak areagotu egin baitira gure gizartean eta are gehiago herrialde txirotuetan.

 

5. Olana paratuko du bere fatxadan urriaren 13tik 18ra bitarte, Pobrezia Desagerraraztearen aldeko Nazioarteko Eguna ospatzeko”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bere jarrera zehazten baitu Osasunako jokalari baten aurkako jokabide sexista dela-eta. Parlamentuko lehendakariak aurkeztu du.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

"1. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Karolina Sarasuak gertakariak salatzean izandako jokabide ausartaren alde agertu diren ahots guztiekin.

 

2. Nafarroako Parlamentuak Osasunako jokalariak pairatutako irain eta mehatxuak arbuiatzen ditu.

 

3. Nafarroako Parlamentuak emakume kirolariei eskertu egin nahi die belaunaldi gazteenei ematen dieten etsenplua, eta kirolean emakumeen eta gizonen arteko berdintasunarekiko konpromisoa azpimarratzen du”.

 

- Eledunen Batzarrak ez du onetsi adierazpen instituzional bat, xede zuena Nafarroako Parlamentuak errefusatzea PSOEren Sevillako federazioak egindako adierazpenak, zeinetan esaten baitzuen Nafarroa erkidego aberats eta intsolidarioa dela. Navarra Sumak aurkeztu du proposamena.

 

Baztertutako adierazpenak honako hau zioen:

 

“Nafarroako Parlamentuak:

 

1.- Errefusatu egiten ditu Nafarroari buruz esandakoak, Espainiako Konstituzioak onartutako araubide berekia duen foru erkidego baten errealitatearekiko bidegabeak eta ezjakinak izateagatik.

 

2.- Berretsi egiten du Nafarroaren Foru Araubidearekiko errekonozimendua eta errespetua, Espainiako gainontzeko herrialdeekiko erabateko leialtasunez baliatzen baita.

 

3.- Andaluziako PSOEri exijitzen dio Nafarroari buruzko adierazpen iraingarri horiek erretira ditzan eta, bidenabar, foru erkidegoaren errealitate instituzionala urratzen duten agiriak onesteari uko egin diezaion.

 

4.- PSOEren ordezkari gorena den aldetik, Pedro Sánchezi eskatzen dio foru erkidegoa erdeinatzen duten adierazpen horiek gaitzets ditzan eta beren dokumentu politikoetatik ezaba ditzan, Nafarroaren errealitatearekiko nahiz batasun konstituzionalari egindako ekarpenarekiko laido bidegabea izateagatik.

 

5.- Nafarroako Gobernuko lehendakaria premiatzen du Nafarroako erakundeen osotasuna nahiz nafarrek Espainia osoarekiko erakutsitako elkartasuna eta leialtasuna aldeztu ditzan eta, ondorioz, horiek bezalako baieztapen desegokiak berehala zuzentzea exiji dezan”.

 

- Eledunen Batzarrak ez du onetsi adierazpen instituzional bat, xede zuena Nafarroako Parlamentuak errefusatzea Europako Parlamentuko Aurrekontu Batzordearen proposamen bat –aurrekontutik 20 milioi euro gordetzea UNRWArentzat–, bidegabea eta intsolidarioa izateagatik. PSNk, Geroa Bai, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek aurkeztu dute.

 

Baztertutako adierazpenak honako hau zioen:

 

"1.  Nafarroako Parlamentuak errefusatu egiten du Europako Parlamentuko Aurrekontu Batzordearen proposamena –aurrekontutik 20 milioi euro gordetzea UNRWArentzat–, bere ustez delako:

 

Ilogikoa: UNRWA NBEren agentzia humanitarioa da, Ekialde Hurbilean lekualdatutako errefuxiatu zaurgarrien beharrizanez arduratzen dena. Ez da Palestinar Agintearen ikasketa-planen arduraduna, ez du testulibururik egiten eta ezin du testulibururik aldatu. UNRWA ez du zertan azalpenik eman bere ardurapekoa ez den eduki problematiko bati buruz.

 

Bidegabea. UNRWA etengabe lanean ari da ziurtatze aldera bere hezkuntza-eskaintza NBEren balioekin bat datorrela; Agentziak berrikusi egiten ditu herrialde anfitrioiek ekoitzitako testuliburu guztiak, eduki problematikoa aztertzen du ziurtatzearren bere eskolan ez zaiela tokirik uzten antsemitismoari, gorrotoari edo indarkeriaren hauspotzeari, eta sarean argitaratu ditu autoikaskuntzako material guztiak. Nazioartean onartutako ebaluatzaile neutralen arabera (horien artean, Munduko Bankua, ACNUR, MOPAN eta British Council), txalogarriak dira UNRWAren eskoletako irakaskuntza eta ikasleek eskolan lortutako emaitza.

 

Arriskutsua: UNRWA ia-ia osorik finantzatzen da borondatezko ekarpenei esker, eta finantza-zailtasunak edukitzen jarraitzen du, beharrizanak gero eta handiagoak direlako. 20 milioi euroko erreserba Europar Batasunak Agentziari urtero egiten dion oinarrizko ekarpenaren laurdena izanen litzateke; horrek arrisku larrian jarriko luke egin beharrekoa egiteko bere ahalmena, eta eskualdearen egonkortasunari begira mehatxu larria izanen litzateke.

 

Zaurgarrienendako kaltegarria: UNRWA palestinar errefuxiatuei laguntzen die Libanon, Sirian, Jordanian, Gazan eta Zisjordanian, oinarrizko osasun laguntza, gizarte zerbitzuak nahiz bizitzak salbatzeko laguntza emanez. EBren ekarpenei esker, laguntza zuzena eman diezaieke Gazako zerrendan oraintsu izandako borrokek kaltetutako errefuxiatuen familiei. Erreserbak ez luke testuliburuei dagokienez aldaketarik eraginen, eta kalte besterik ez lieke eginen Ekialde Hurbileko errefuxiatu zaurgarrienetakoak diren horiei.

 

2. Nafarroako Parlamentuak beste behin aitortzen du UNRWAk egindako lan eskerga, Palestinako errefuxiatuei laguntza eta babesa emateko Nazio Batuek emandako agindua betetzean”.