Publicada el Viernes, 23 de Diciembre de 2016

Jokoaren gaineko Tributuak arautzen dituen Foru Legea onetsi da

Arau berriak sartzen dituen bi aldaketa nabarmenenak dira bingoaren zerga-tasa jaistea (% 25etik % 20ra) eta apustuen karga-tasa igotzea (% 10etik % 12ra)

Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak Jokoaren gaineko Tributuak arautzen dituen Foru Legea onetsi du gaur, UPN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin, PPNren abstentzioarekin eta PSNren aurkako botoarekin.

 

Legearen xedea da jokoaren gaineko tributuen kudeaketaren arauketa orokorra egitea, Estatuaren eta Foru Komunitatearen eskumenak zehazki mugatuz, Hitzarmen Ekonomikoaren eta Europako araudiaren arabera, eta eraginkortasunaren eta modernotasunaren aldetik beharrezkoak diren estandarrekin bat etorrita.

 

Horri dagokionez, zehazten denez, Estatuak eskumenak ditu bitarteko elektroniko, informatiko, telematiko eta interaktiboen bidez gauzatzen diren joko jardueren nahiz estatu mailako loterien gainean. Beste aldetik, Nafarroak kasino, joko eta apustuen arloko eskumen esklusiboak ditu, kirol eta ongintzaren arloko elkarrekiko apustuak salbu.

 

Alde horretatik, arau berriak sartzen dituen bi aldaketa nabarmenenak dira bingoaren zerga-tasa jaistea (% 25etik % 20ra) eta apustuen karga-tasa igotzea (% 10etik % 12ra).

 

Bingoaren kasuan, murrizketaren oinarria da Nafarroan joko hori nolabait esatearren tributazio bikoitzaren mendean dagoela: jokoaren beraren gaineko zerga eta lortutako sarien gaineko udal karga daude. Egoera hori Estatu osoan ez da beste inon ere gertatzen.

 

Hala ere, apustuen tasa % 10etik % 12ra igo da, uste baita joko horrek –azken urteotan nabarmenen gehitzen ari den joko mota da– tributu aldetik egoera “onuragarriegia” duela beste mota batzuekin alderatuta, adibidez bingoarekin berarekin, joko-makinekin edo Internet bidezko jokoarekin.

 

Aldaketa horren mendean daude zozketak eta tonbolak ere. Horien tasa % 12 izanen da. Ongintzako edo gizarte izaerako entitateek antolatutako tonbolei, aldiz, tasa murriztu berezia aplikatuko zaie, % 1. Lege hori indarrean jarri baino lehen salbuetsita zeudenei, gainera, hobari hau aplikatuko zaie lehen 5 urteetan: 2017an % 90, 2018an % 70, 2019an % 50, 2020an % 30 eta 2021ean % 10. Adibiderik aipagarriena Iruñeko Caritasen tonbola da.

 

www.nafarroakoparlamentua.eus
• Foru lege proiektua (128. NPAO, 2016-11-03koa)
• Zuzenketak (138. NPAO, 2016-11-23koa)