Publicada el Jueves, 1 de Diciembre de 2016

Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gobernua premiatzen du Vatikanoko Estatuarekiko akordio guztiak indargabetu ditzan

Espainiako Apezpiku Konferentziari pribilegio ugari ematen diotelako eta ez datozelako bat Konstituzioarekin eta Estatu ez-konfesionalarekin

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aldeko botoekin, PSNren abstentzioarekin eta UPN eta PPNren aurkako botoekin gaurko osoko bilkuran onetsi duen erabaki batean, Parlamentuak Espainiako Gobernua premiatzen du “Espainiako Estatuaren eta Egoitza Santuaren arteko akordioak izenarekin Vatikanoko Estatuarekin sinatutako akordio guztiak indargabetu ditzan, 1979ko urtarrilean atzerriko lurraldean sinatu eta Konstituzioaren aurreko aldian negoziatu zirenak, pribilegio ugari ematen dizkiotelako Espainiako Apezpiku Batzarrari, eta, horren ondorioz, Espainiako Estatuaren izaera ez-konfesionalaren eta Espainiako Konstituzioaren aurkakoak direlako”.


Onetsitako erabakiaren bigarren puntuan, bestalde, Espainiako Gobernuari dei egiten zaio “behar diren lege-aldaketak egin ditzan, erlijio ikasgaia ez dadin sar Espainiako hezkuntza sisteman, hezkuntza moderno, zientifiko, berritzaile, eta kalitatezko baterantz aurrera egiteko”.


Jatorrizko mozioak bazituen beste bi atal, baina biak ezetsi dira, EH Bilduk eta I-Ek bakarrik bozkatu dutelako haien alde. Lehenbizikoan Parlamentuak adierazi behar zuen “nafarrek eskubidea dutela beraien erabakiak hartzeko Foruaren Hobekuntzan eta eskualdatutako eskumenetan ezarritakoari jarraikiz” eta “erabaki subirano horiek atzerriko estatuen esanetara egotearen aurka daudela erabat”.


Bigarrenean, “Hezkuntzaren Lege Organikoaren 6.bis artikuluaren 2.c) idatz-zatiarekin bat etorriz”, proposatzen zen Nafarroako Parlamentuak berrets zezala “hezkuntzako administrazio eskudunei dagokiela –eta, beraz, Nafarroako Foru Komunitateari ere bai– 'ezartzea zein izanen den berariazko ikasgaien blokeko ikasgaien edukien ordutegia', eta horien artean erlijio ikasgaia sartzen da”.


Zioen azalpenean, bestalde, Podemos-Ahal Dugu parlamentu-taldeak sustatutako erabaki horrek dio Espainiako Estatuaren eta Egoitza Santuaren arteko akordioak Konstituzioaren aurreko garaian negoziatu zirela eta “1978ko Konstituzioak indarra hartu ondotik bost egun baino iragan ez zirenean” sinatu zirela, “ Konkordatu frankistak emandako pribilegioetako asko mantenduz, gai juridikoetan, gai ekonomikoetan eta hezkuntzan; beraz, Espainiako Estatuaren izaera ez-konfesionalaren aurkakoak dira”.


Testuinguru horretan, proposatzailearen ustez, akordio horiek indarrean jarraitzeak “erabakitzeko ahalmena murrizten die herritarrei hezkuntzaren arloan, kalte ekonomikoa eragiten du eta, azken buruan, Espainiaren subiranotasuna atzerriko estatu baten menpe uzten du”.


www.nafarroakoparlamentua.eus
Mozioa (129. NPAO, 2016-11-04koa)