Publicada el Jueves, 5 de Mayo de 2016

Ebro ibaia garbitzeko baimenak bizkortzeko eskatzen zuen mozioa baztertu dute

Azken uholdeak direla-eta Ebroko Konfederazio Hidrografikoak egin dituen obrak aztertzea planteatzen zuen, erreklamazioak egiteko, akatsak ikusita

Parlamentuaren Osoko Bilkurak, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren aurkako botoekin eta UPN, PSN eta PPNren aldeko botoekin, gaur atzera bota duen mozio batek Nafarroako Gobernua premiatzen zuen “kasuko baimenak urgentziaz bizkor ditzan, Ebro ibaia garbitzeko makineria egokiari dagokionez, Tuterako ureztatzaile-elkarteek bizi duten arazoa ikusita”.


Baztertu den mozio horrek, gainera, bigarren puntuan Foru Gobernua premiatzen zuen hau egin zezan: “Ebroko Konfederazio Hidrografikoak azken uholdeak direla-eta egindako obrak berrikusi, eta behar diren erreklamazioak egin, ureztatzaile-elkarteek obra horiek direla-eta azaldutako gabeziak ikusita”. Bai atal hori bai hurrengoa UPNk eta PSNk soilik babestu dituzte. PPN aurka agertu da, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Erekin batera.


Hirugarren atalean, berriz, Nafarroako Gobernua premiatzen zen “Ebroko Konfederazio Hidrografikoaren eta Ubide Inperialaren arteko akordioa berrikusi, oholek ibaian gora sortzen dituzten kalte larriak balioetsi eta ohol horiek udan ken daitezen exiji dezan, oholak jarri osteko lehen urteetan egiten zen bezala”.


Zioen azalpenean, bestalde, UPN parlamentu-taldeak sustatutako mozio horrek Tuterako ureztatzaile-elkarteen kexak jasotzen zituen “ibaia ez dragatzeko politika dela-eta”, eta ohartarazten zuen “uraldi-arrisku handia” dagoela eta nekazaritza- eta abeltzaintza-sektorea egoera larrian dagoela “ura ponpatzea eragozten duten legarrak eta lohiak direla-eta”.


Bestalde, proposatzaileak adierazten zuen “ondorio negatiboak” ekarri dituela Ubide Inperialeko presan ohol batzuk jarri izanak, Endesaren jabetzakoa den El Belber-ko presa hidroelektrikoan (Cabanillas) elektrizitate gehiago ekoitzi ahal izateko.


www.parlamentodenavarra.es
Mozioa (56. NPAO, 2016-04-22koa)