Publicada el Jueves, 7 de Abril de 2016

Gobernua premiatzen da Elizak immatrikulatu duen ondarearen defentsa juridikoa bere gain hartzera

Ondasun horiek mantentzera eta zaintzera bideratutako diru-laguntzen politika instituzional oro berrikusia izan dadin planteatzen da, ukitutako herrien interesen arabera

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Eren baiezko botoekin eta UPN eta PPNren ezezko botoekin Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur onetsi duen ebazpen batean Nafarroako Gobernua premiatzen da “Osoko Bilkura honek 2012ko ekainaren 15ean onetsitako ebazpena, 1. eta 3. puntuetan, bete dezan”.

Onetsitako ebazpenaren bigarren puntuan hau eskatzen zaio Foru Gobernuari: “Justizia Ministerioaren aldetik jaso ditzan Eliza Katolikoak Nafarroan 1946tik gaur egun arte egin dituen immatrikulazio guztiak”.

Hirugarren atalean, berriz, Nafarroako Gobernua premiatzen da “Iruñeko eta Tuterako elizbarrutiei eska diezaien immatrikulatutako ondasunak itzultzeko. Ondasun horiek erregistratzeko gogoari eusten badiote, banan-banan eginen dute, era publiko eta nabarian, ondasun horien gainean hirugarrenek izan ditzaketen eskubideak babesteko”.

Halaber, Foru Gobernuari eskatzen zaio, “Eliza Katolikoak immatrikulatutako ondasunak berreskuratzen ez direino, ondasun horiek mantentzera eta zaintzera bideratutako politika instituzional oro baloratu eta berrikusia izan dadin ukitutako herrien interesen, ondasun horien berreskurapenaren eta nafar ondare komunaren segurtasunaren arabera”.

Bestalde, Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio “Nafarroako toki entitateek edo zilegi duen gainerako edonork eskaturik abiarazten diren prozedura judizial guztietan ager dadin, xedea denean Eliza Katolikoak immatrikulatutako ondasun higiezinak berreskuratzea”.

Orobat “informa dezan Nafarroako elizbarrutiek 1979tik 2015era bitartean pribatizatu dituzten ondasun guztiak –higigarriak zein higiezinak– mantentzeko eta konpontzeko esleitu diren kontusail instituzional guztien zenbatekoei eta xedeei buruz”.

Azkenik, Espainiako Gobernua premiatzen da “abiaraz ditzan aldatutako artikuluen (Hipoteka Legearen 206. artikulua eta Hipoteka Erregelamenduaren 5. artikulua) konstituzio-kontrakotasuna aldarrikatzeko izapideak, erregistroko amnistia ekiditeari eta immatrikulatutako ondasunak berreskuratzeari begira”. Epigrafe horretan PSNk emandako aurkako botoak gehitu zaizkie UPN eta PPN taldeenei. Gainerakoek alde bozkatu dute.

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E parlamentu taldeek sustatutako ebazpenaren zioen azalpenean “harridura” agertzen da Iruñeko eta Tuterako elizbarrutiek 1998 eta 2007 bitartean 1.087 ondasun immatrikulatu zituztelako. Hori dela eta, Aznarren lehen gobernuak onetsi zuen legearen eraginaz ohartarazten da, izan ere, Nafarroan bitarte hartan immatrikulatutako ondasunen %78 gurtza tokiak baitira, nahiz eta Francoren “diktaduran bertan ere espresuki salbuetsi ziren immatrikulaziotik gurtza katolikorako tenpluak”.

Proposatzaileen iritziz, Konstituzioan aldarrikatutako “akonfesionaltasuna” ez dator bat Eliza Katolikoak “zergen ordainketan edo diru-sarrera publikoen esleipenean” jasotzen duen “fabore-tratu” etengabearekin. “Eskandalu erraldoi” horretan, “austeritate faltsu batez harro agertu nahi duen erakunde batek ondare materiala eta ez-materiala ebatsi du”.

Egoera hori “hainbat arrazoi sozial, juridiko eta etikorengatik” arbuiagarritzat jotzen dute, areago “hainbatetan eta hainbatetan herri edo hiri bakoitzeko biztanleek eraiki eta mantendu zituzten” tenpluen kasuan, eta uste dute Parlamentuaren eginbeharra dela “iritzia ematea eta behar diren erabakiak hartzea aipatu ondasunak herriarentzat berreskuratzea posiblea izan dadin”.

Ildo horretan, ebazpenean gogora ekartzen da 2012ko ekainaren 14an Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi zuela, Nafarroako Gobernua premiatzen zuena Eliza Katolikoak immatrikulatutako ondasun guztien inbentarioa egin, ondare horren defentsa juridikoa bere gain hartu eta Hipoteka Legearen 206. artikuluaren konstituzio-kontrakotasunaren adierazpena susta zezan.

Eta oraintsu, Lehendakaritzako Batzordeak iragan urtarrilaren 13an egindako lan saioan, Nafarroako Ondarearen Defentsarako Plataformak proposamena aurkeztu eta “bilkuran zeuden parlamentu-talde guztiek aldeko harrera” egin ziotela Plataformaren proposamenari.

www.parlamentodenavarra.es
• Mozioa (45. NPAO, 2016-04-01ekoa)