Publicada el Jueves, 10 de Marzo de 2016

Nafarroako Kontseiluari buruzko Foru Lege proposamena aintzat hartzea onetsi da

Haren autonomia politiko eta funtzionala azpimarratu nahi da, eta bermatu egin nahi dira haren kideen kualifikazio teknikoa, neutraltasun politikoa eta inpartzialtasuna

Gaur egindako osoko bilkuran, Nafarroako Parlamentuak Nafarroako Kontseiluari buruzko Foru Lege proposamena aintzat hartzea onetsi du. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek aldeko botoa eman dute, eta UPN, PSN eta PPNk aurkako botoa.

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek aurkeztutako foru lege proposamenaren xedea da “Foru Komunitateko aholku-organo gorenaren araubide juridikoa eguneratzea (1999koa da), haren funtzionamendua hobetzea eta haren kideen kualifikazio teknikoa, neutraltasun politikoa eta inpartzialtasuna bermatzea”.

Horretarako, “unean uneko Gobernuarekin kidetasun politikoa duen” organo baten eraketa saihestu nahian, Gobernuak izendatzen dituen Nafarroako Kontseiluko bi kideak kentzea planteatzen da, kideen kopurua zazpitik bostera murriztuz.

Era berean, “organoaren barne nahiz kanpo askatasunari eraginen liokeen edo hura baldintzatuko lukeen menpekotasun hierarkikoaren izpirik” izan ez dadin, gaur egun indarra duen hautapen sistema aldatu nahi da, halako moduan non kide guztien hautapenak Parlamentuaren gehiengo osoaren bermea beharko baitu.

Nafarroako Kontseiluaren osaera sakonago aztertuta, eta, berriz ere, “aniztasun eta askatasun handiagoak” lortze aldera, aurreikusten da aukera ematea bai NUPeko Gobernu Kontseiluak bai Abokatuen Elkargoak hautagaiak aurkeztu ahal izateko.

Zereginak banatzeko eta lana antolatzeko neurri teknikoak ere jaso dira lege proposamenean, Kontseiluaren “autonomia organiko eta funtzionala” hobetu eta “haren kideen kualifikazio teknikoa, neutraltasun politikoa eta inpartzialtasuna” bermatu nahian.

Nafarroako Kontseiluari buruzko Foru Lege proposamena aintzat hartu eta gero, Batzordeak irizpena eginen dio, eta ondoren Osoko Bilkurari aurkeztuko zaio behin betiko eztabaida eta bozketa egiteko.

www.parlamentodenavarra.es
• Foru lege proposamena (16. NPAO, 2016-02-12koa)