Publicada el Jueves, 25 de Febrero de 2016

Nafarroako Gobernua premiatzen da berdintasuneko agente lanpostuak sor ditzan

Administrazioan eta haren politiketan genero berdintasunaren printzipioari lekua egiteko eskatzen da, gobernu onaren kontzeptuak osagai inklusiboa izan dezan

Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur UPN, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN, PPN eta I-Eren aldeko botoekin eta Geroa Bairen abstentzioarekin onetsitako ebazpen batean Nafarroako Gobernua premiatzen da “legegintzaldi honetan berdintasuneko agenteen lanpostuak sor ditzan”.

Onetsitako ebazpenaren bigarren puntuan, Parlamentuak “konpromisoa hartzen du eta eskatzen du Nafarroako Gobernuaren proiektu, arau eta plan guztiek genero-eraginaren txostenak izan ditzaten. Horretarako, txostenak egiteaz arduratzen diren teknikariak behar bezala prestatuko dira, eta/edo beharrezko kontratazioak eginen dira, datuak aztertuko dituztenen gaikuntza teknikoa bermatzen dutenak. Horrez gain, emakumeen eta gizonen arteko aldeak eta bereizkeriak arintzen dituzten neurriak gehituko dira, horrelakorik baldin badago”.

Bestalde, jada hirugarren puntuan, Parlamentuak konpromisoa hartzen du eta Nafarroako Gobernua premiatzen du “politika publiko guztien datu guztiak sexuaren arabera bananduta aurkez ditzan eta gainerako aldagaiekin (adina, klase soziala, hezkuntza-maila, enplegua, osasuna eta abar) alderatu ditzan, edozein eremutan emakumeen eta gizonen errealitatea ezagutze aldera”.

Halaber, Nafarroako Parlamentuak, “administrazio publiko guztiek bezala, hizkuntzaren erabilera ez-sexista eta integratzailea” bermatu behar duela aitortzen du. “Horrela bada, araudia beteko du, eta Nafarroako Gobernu osoari hori betetzeko eskatzen dio. Horretarako, bai Nafarroako Parlamentuak bai Nafarroako Gobernuak beharrezko baliabideak erabili beharko dituzte”.

Parlamentuak eskatzen du, halaber, “Genero-berdintasunari buruzko Foru Legea prestatzeko prozesua abiaraz dadin agente guztiak biltzen dituen partaidetzazko prozesuarekin”.

Gainera, Parlamentuak eskatzen du “Nafarroako Gobernuko departamentu guztietan berdintasun unitateak finka daitezen, horretarako behar dituzten baliabideak (aukera-berdintasuneko agenteak barne) emanda. Izan ere, unitate horiek behar-beharrezkoak dira, administrazioaren eremuan eta emakumeen eta gizonen artean berdintasun-printzipioa pixkanaka-pixkanaka eta eraginkortasunez gehitzeko”.

Beste alde batetik, Nafarroako Parlamentuak proposatzen du “lan-mahaia osa dadin INAI, Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren eta berdintasuneko teknikariak dituzten toki erakundeen artean, Berdintasunaren aldeko eta Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nafarroako Udalen Sarea garatzeko.Era berean, emakumeen aurkako indarkeriari buruzko tokiko protokolo-eredu bat garatuko da toki entitateetarako. Eredu hori koordinatu eginen da emakumeen kontrako indarkeria kasuen arreta eta prebentzioa eraginkortasunez koordinatzeko den erakundeen arteko akordioarekin”. Bai puntu hori bai hurrengoa Podemos-Ahal Dugu eta PSNren babesarekin eta UPN, Geroa Bai, EH Bildu, PPN eta I-Eren abstentzioekin onetsi dira.

Azkenik, “INAIren mende dagoen Berdintasunaren Nafarroako Behatokia” sor dadila eskatzen du Nafarroako Parlamentuak.

Podemos-Ahal Dugu parlamentu-taldeak bultzatutako ebazpenak zioen azalpenean ohartarazten du emakumeen aurkako indarkeriaren kausak “genero-bereizkeria, arau sozialak eta bereizkeria hori iraunarazten duten genero-estereotipoak” direla, eta “Administrazio Publikoan nahiz haren politiketan berdintasun printzipioari” lekua egiteko eskatzen du, halako moduan non “gobernu ona” ez baita “eraginkortasunaren eta efikaziaren” ikuspegitik bakarrik ulertuko, demokraziak osagai “inklusiboa” ere izanen baitu.

Horrek, proposamen-egilearen esanetan, “erakundeak aldatzeko asmo handiko prozesua dakar berekin, legediek bermatzen dutena eta erakunde publikoen jarduna eta kultura eraldatzea eskatzen duena”, horrenbestez genero-ikuspegia bizitzaren alderdi guztietan ezartzeko, “bai ekonomikoetan bai politiko, sozial eta kulturaletan”.

www.parlamentodenavarra.es
• Mozioa (21. NPAO, 2016-02-19koa)