Publicada el Jueves, 26 de Noviembre de 2015

2015eko Nafarroaren Eguna dela-eta Parlamentuak antolatutako ekitaldien egitaraua

Abenduaren 1ean 'Nafarroaren bertsio desberdinei' buruzko solasaldi ireki bat eginen da, eta abenduaren 2an txistularien kontzertu bat. Abenduaren 1ean eta 2an, Parlamentuak bere ateak zabalduko ditu, ohi duen moduan

Nafarroako Parlamentuak ekitaldien egitarau bat antolatu du abenduaren 3an Nafarroaren Eguna ospatze aldera.

Horretarako, abenduaren 1ean, asteartez, herritarrei eta kolektibo sozialei irekitako solasaldi bat eginen da Zer ospatzen dugu abenduaren 3an? Lurralde berari buruzko hainbat bertsio: Nafarroa izenburupean. Bilkuraren ardatza hiru txostengileren azalpenak izanen dira. 19:00etan eginen da, Osoko Bilkuren aretoan.

NUPen eta Nabarralderen laguntzarekin antolatu da eztabaida, eta Pili Yoldik eginen ditu moderatzaile lanak. Honakoek hartuko dute parte: Lucía Martínez Virto, zeinak Nafarroa: bere errealitate soziala. Nafarroa kohesionatuago baterantz gaiari buruz hitz eginen baitu; Luis María Martínez Gárate, zeinak Nafarroa memoria historikoaren ikuspuntutik gaia azalduko baitu, eta Antton Kurutxarri, zeinak Nafarroa Beherea: lotura historikoak dituen lurraldea hitzaldia eginen baitu.

Abenduaren 2an, asteazkenez, Txistularien Elkartearen kontzertu bat izanen da, Nafarroako hezkuntza- eta kultura-adierazpenei parte hartzeko gonbita egiten jarraitzeko Legebiltzarrak daukan helburuaren barruan. Printzesa Zelta emanaldia 19:00etan eginen da Legebiltzarraren egoitzako atalondoan. Sarrera librea izanen da, baina bertaratzea aurrez konfirmatu beharko da 948 209209 telefonora deituz, 9:00etatik 15:00etara.

Ekitaldi instituzional honetan, Nafarroako Parlamentuko lehendakari Ainhoa Aznárez Igarzak hasierako agurra eginen du.

Nafarroako Eguna ospatzeko egitaraua abenduaren 1ean eta 2an osatuko da, egun horietan Parlamentuak ateak irekiko baititu (10:30etik 14:30era eta 16:30etik 19:30era). Bisita doan izanen da, eta interesa duenak telefono honetan egin dezake eskaera: 948 209209 (09:00etatik 15:00ak bitarte)