Publicada el Miércoles, 4 de Febrero de 2015

Parlamentuak Antonio Loperenaren antologia bat erakusten du

Margolari eta izaera publikoko zizelkari nabarmen honek utziriko ondarea aitortzea xede duen erakusketa atondoan jendaurreari irekita egongo da martxoare 6a arte

Parlamentuko lehendakariak, Alberto Catalánek, Antonio Loperenari (Arguedas, 1922-Iruñea, 2010) buruzko erakusketa antologiko bati hasiera eman dio gaur. Antonio Loperena XX. mendeko bigarren erdiko margolari eta zizelkari nabarmena eta izaera publikoko eta imajinagintza erligiosoko obra gehien dituen Nafarroako artistetako bat da.

Ekitaldia Parlamentuko egoitzaren atondoan egin da eta Maite Esporrín, Mahaiaren idazkari nagusia, José Manuel Domínguez, Arguedaseko alkatea, Luis Casado, Tuterako alkatea, José María Muruzabal, gaur egungo Nafarroako artean aditua eta erakusketaren komisarioa, Ismael Loperena, artistaren semea, eta hainbat kultura eragileren eta parlamentu-talderen ordezkariak bertaratu dira.

Alberto Catalánek ekitaldiari hasiera ematean adierazi duenez, erakusketaren xedea “bere kabuz ikasi zuen, egon den leku guztietan itzala utzi zuen eta Nafarroaren amorratua zen artista honen lana eta bizitza ezagutzera ematea” da.

Lehendakariak Loperenak “Nafarroako ohiturak eta usadioak” islatu nahi zituela azpimarratu du, “Bardeak bereziki, han artzain izan baitzen, eta zezenekin erlazionatutako gaiak, horiek baitziren Loperenaren jite handienak”.

Amaitzeko, Catalánek zizelkari gisa Nafarroa osoan lan ugari eta anitza utzi duen artista honen izaera “ona” nabarmendu du. Haren lanen artean Tuterako hiru (Homenaje al Pastor, El Hortelano eta Sancho VII El Fuerte) eta Calahorrako udaletxearen aurrean dagoen beste bat (Marco Fabio Quintiliano) dira nabarmenenak.

Ismael Loperenak, bestalde, erakusketa antologiko honen bidez bere aita oroitzeko aukera izatea eskertu du, izan ere, esaten denez, “banatzen ez bada, ez dago arterik. Horixe da erakusketa bat, fantasiazko limbo batean sartzeko aukera izatea, bide batez mundu hau artearen bidez pixka bat apaintzeko”.

José María Muruzábal erakusketaren komisarioak Antonio Loperenak bizitzari eta arteari dagokionez egin duen ibilbidea aipatu du, “Nafarroako hegoaldeko margolari eta zizelkari nagusienetako bat. Erriberako elizak eta herriak Loperenaren eskulturaz josiak daude. Erakusketa honek artista honek Iruñean duen hutsunea bete nahi du. Gainera, indarra hartzen ari den espazio batean egiten du”.

Antonio Loperenaren erakusketa antologikoak 50 urteko ibilbide profesionalaren laburpena izan nahi duten margolan eta eskultura sorta jasotzen du. Nafarroan kokatutako eta izaera publiko eta erlijiosoa duten zizelkaritza lan ugariren autorea da. Eskultura publikoari dagokionez (publikoak ikus dezan aire zabalean dagoena), José Luis Ulibarrena eta Faustino Aizkorberekin batera Nafarroan lan gehien dituen autorea da. Harritzekoa izan liteke agian autore honek Iruñean ez duela inongo obrarik.

Jendaurreari irekita egongo da Parlamentuko egoitzaren atondoan martxoaren 6a arte, astelehenetik ostiralera, 10etatik 20etara.