Publicada el Martes, 27 de Enero de 2015

Sinboloei buruzko lege berri bat emateari buruzko HELa aintzat hartzea bazter utzi dute

Nafarroako sinboloen erabilera "adostasunez" eta Nafarroako "aniztasuna" errespetatuta arautzeko eztabaida parte hartzaile bat sustatzearen alde egiten zuen

Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk, Socialistas de Navarra parlamentu-taldeak eta PPNk haren aurka eman dituzten botoekin eta Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren alde eman dituzten botoekin, Nafarroako sinboloak erabiltzeari dagokionez herritarren aniztasuna eta erabaki demokratikoa errespetatzeari buruzko foru lege proposamena aintzat hartzea bazter utzi du gaur.


Proposamena Batzorde Sustatzaile batek Herri Ekimen Legegile (HEL) baten bidez bultzatu du eta Eneko Compains-ek oholtzan defendatu du. Xedea “eztabaida demokratiko eta parte hartzaile bat sustatzea da, hartara herritar eta gizarte eragile guztiekin batera, Nafarroako sinboloen erabilera adostasunean eta herrialde honetako aniztasunarekin bat arautzeko, Nafarroaren nortasun anitzak ez baitu zertan istilurik eragin behar ez eta bizikidetza oztopatu behar ere”.


HELa sustatu dutenek indarrean dagoen Nafarroako Sinboloei buruzko 24/2013 Foru Legea indargabetzea proposatu zuten, haien ustez “ikurrina jazartzean” oinarritzen baita. Ikurrina “milaka nafarrek bere egiten duten sinbolo bat da, baina gehiengoaren babesa zuen udaletxeetatik kentzea inposatu da”.


Horregatik, egungo egoera “arbitrarioa” konpontzeko eta “tolerantziaren” onerako, Nafarroako bandera ofiziala “beste edozein banderarekin erabiltzea bateragarri egitea” defendatzen zuten, “are gehiago herritar askoren babesa badute”, eta betiere “sinboloen erabilerari dagokionez gizarteak duen iritzia ezagutzeko erakundeek bultzatuko dituzten kontsulta eta eztabaiden bidez”.


Testuinguru horretan, urtebeteko epean sinbolo frankistak kentzera premiatzen da, izaera historiko-kulturala duten erakinetakoak barne.


Nafarroako sinboloak erabiltzeari dagokionez herritarren aniztasuna eta erabaki demokratikoa errespetatzeari buruzko foru lege proposamena 5.016 sinaduren babespean iritsi zen Nafarroako Parlamentura, iragan abenduaren 11n Hautesle Erroldaren Bulegoaren Zuzendariordetza Nagusiak eman zuen agirian agertzen den moduan. Aurkeztu ziren 9.100 sinaduretatik 4.084 baliozkotu ez baziren ere, HELak aurkeztu zen unean indarrean zegoen errolda autonomikoaren hautesleen ehuneko bata gainditu zuen, izapidetzen jarraitzeko derrigorrezko betebeharra dena.

www.parlamentodenavarra.es
• Foru Lege proposamenaren argitalpena (NPAO, 94. zk., 2014-09-04koa)
• Zuzenketen argitalpena (NPAO, 139. zk., 2014-12-12koa)
• Irizpenaren argitalpena (NPAO, 1. zk., 2015-01-09koa)