Publicada el Jueves, 11 de Diciembre de 2014

Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko Foru Lege proiektuari aurkeztutako osoko zuzenketa bazter utzi dute

I-Ek dio oraindik ez dela alokairua lehenesten, haren ustez hori da "arrazoizko prezioetan etxebizitza duinerako eskubidea ziurtatzeko" aukera errealista bakarra

Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk, SNk eta PPNk haren aurka eman dituzten botoekin eta Bildu-ren, Aralar-Nabairen eta atxiki gabekoen abstentzioekin, Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen proiektuari I-Ek aurkeztu dion osoko zuzenketa bazter utzi du gaur.


Parlamentuari igorri zaion proiektuak abenduaren 28ko 2/2012 Foru Lege Dekretua jaso eta hedatzen du, 2013ko urtarrilaren 24an Osoko Bilkuran baliozkotu zena. Era horretan, 2015era hedatzen du 2012tik indarrean dauden moduluen prezioa izoztea, “Nafarroako merkatuarentzat egokiagoa den” eguneraketarako formula berri bat ezartzen du eta titulartasun publikokoa izango den Nafarroako Etxebizitzen Erregistro Orokorra sortzea aurreikusten du.


Horrela, Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legean xedatutakoaren arabera, Nafarroako Gobernuari dagokio etxebizitza babestuen eta haien eranskinen salmentarako eta alokairurako prezio maximoak ezartzea. Zenbateko horiek urtero ezartzen dira arau horretan definitzen diren modulu ponderatuen eta ponderatu gabeen arabera. Halaber, orain proiektuak aurreikusten duenez, horiek kalkulatzeko “2016tik aurrera formula berri bat erabiliko da, tokian tokiko merkatua eta proiektuak kontuan hartuko dituenak eta ez Espainiako datuak”, indarrean dagoen 10. artikuluak jasotzen duen arauan gertatzen den moduan.


Nafarroako Gobernuak orain dela bi urte foru lege dekretu bat eman zuen (ondoren foru lege proiektu gisa izapidetu zena) “2012an indarrean zeuden moduluen prezioa mantentzeko” eta horrela oraindik indarrean dagoen eta legez aurreikusten den formula aplikatzean eragin litekeen igoerak izango lituzkeen ondorioak ekiditeko.


Foru lege horrek Gobernuak “salbuespeneko eta premiazko behar” gisa definitu zuen egoera bati erantzuten dio, zertarako eta salmentaren eta alokairuaren prezioen igoerarekin etxebizitzarako sarbidea izateko arazoa are larriago bihur ez zedin eta eraikuntzaren sektorearen jarduerari sustagarria kendu gabe; horri babes ofizialeko etxebizitzari “arrazoizko etekina” jasotzea ahalbidetuko dion prezio bat bermatzen zaio.


Horregatik, 2015erako Nafarroako etxebizitzaren alorrean babesgarriak diren jarduerei aplika dakiokeen modulu ponderatuak 1.246,53 euro/m2 erabilgarri izaten jarraitzen du. Eta ponderatu gabeko moduluak 1.192,85 euro/m2 erabilgarri.


Izquierda-Ezkerrak arrazoi “ekonomiko eta sozialak” eman ditu proiektua itzul dadin eskatzeko, ez baitu alokairua lehenesten, eta hori da I-Eren ustez “arrazoizko prezioetan etxebizitza duin bat izateko eskubidea legez bermatzeko aukera errealista bakarra”.


Horren karietara eta “etxebizitza librearen kostua % 44,9 jaitsi den bitartean modulu publikoarena % 14,37 garestitu” dela azpimarratu ondoren (azken zazpi urteotan), I-Ek babes ofizialeko etxebizitzen alokairuen prezio maximoak “asko murriztea” eta aldi berean laguntzak eta zerga-arinketak berbideratzea defendatu du.


Gainera, Kontuen Ganberak 2005-2012 urteetarako egin zuen txostenak islatzen duenez, “soilik laguntza publiko zuzenen % 32 bideratu dira alokairua finantzatzera” (laguntza horien % 60 sustatzaileen esku geratuz), horregatik zuzenketa aurkeztu duen taldeak etxebizitza publikoen (saltzen ez diren 1.000 BOEak barne hartuz) eta pribatuen (Nasuvinsa) banku zabal bat sortzea eta alokairuan eskaini ez eta hutsik dauden higiezinei zerga bat jartzea proposatzen du (ez dira bigarren etxebizitzak sartzen), bankuenei ere bai.


Bestalde eta sektorean “enplegua mantentze” aldera eta “energiaren eraginkortasuna hobetze” aldera, birgaitzera bideratutako laguntzak areagotzea eskatzen da.


Osoko zuzenketa bazter utzi ondoren, Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko 10/2010 Foru Legea aldatzeko foru lege proiektuari hein bateko 5 zuzenketa aurkeztu zaizkio (4 I-Erenak eta 1 atxiki gabekoena), Batzordean irizpenduko da Osoko Bilkuran behin behitiko eztabaidatu eta bozkatzeko igorri aurretik.

www.parlamentodenavarra.es
• Foru Lege proiektuaren argitalpena (NPAO, 111. zk., 2014-10-17koa)
• Osoko eta hein bateko zuzenketen argitalpena (NPAO, 131. zk., 2014-11-25ekoa)