Publicada el Jueves, 27 de Noviembre de 2014

Nafarroako kanabis-erabiltzaileen kolektiboak arautzen dituen Foru Legea onetsi dute

Klubei "segurtasun juridikoa" emanen dien esparru bat bilatu nahi da, bai kontsumoari dagokionez, bai autohornikuntzari dagokionez

Parlamentuko Osoko Bilkurak, Socialistas de Navarra, Bildu, Aralar-Nabai eta I-E parlamentu-taldeek eta atxiki gabekoek haren alde eman dituzten botoekin eta UPNk eta PPNk haren aurka eman dituzten botoekin Nafarroako kanabis-erabiltzaileen kolektiboak arautzen dituen Foru Legea onetsi du gaur.

Batzorde Sustatzaile batek Herri Ekimen Legegilea (HEL) erabiltzean bultzatu duen proposamenaren xedea kanabis-kontsumitzaileen kluben “eraketari, antolamenduari eta funtzionamenduari” buruzko arau orokorrak ezartzea da. Irabazi asmorik gabeko elkarte diren aldetik, Elkartzeko Eskubidea arautzen duen 1/2002 Lege Organikoan ezarritakoa aplikatuko zaie.

Lege-araubide horretan, “segurtasun juridikoa” emanen duen esparru bat bilatu nahi da, bai “kontsumoari” dagokionez, bai “autohornikuntzari” dagokionez. Izan ere, jurisprudentziaren arabera, “kanabisaren kontsumoa ez da arau-hauste penal edo administratiboa izanen, baldin eta jurisprudentziak interpretatutako mugak betetzen baditu eta errealitate soziala kontuan hartzen bada”.

Beraz, “bi bere izaera ludikoan, bai gaitz jakin batzuetarako duen eragin aringarriengatik” “Nafarroan gaur egun gehien kontsumitzen den substantzietako bat denez gero”, foru lege proposamenak klubei dei egiten die kanabisaren erabilera arduratsua egin dezaten arriskuak aurreikusten, kontsumoa kontrolatzen edo legez kontrako merkatua murrizten.

Kluben eraketari dagokionez, klub bakoitzak kideen erregistro bat sortu beharko du. Kideek adinez nagusiak izan beharko dute beti eta klubean sartu aurretik kanabis kontsumitzaileak direla frogatu beharko dute.

Kidetutako pertsonek ezingo dute elkarteak, arriskuak aurreikusteko neurriak eta nazioarteko estandarrak kontuan hartuta, egunean kanabisa kontsumitzeko ezartzen duen kantitatea baino gehiago hartu.

Bestalde, kanabis-kontsumitzaileen klubek beraiek elkartzeko entitateak sortzen ahalko dituzte, interes komunak lortzeko nahiz administrazio publikoen eta gizarte osoaren aurrean haien ordezkari gisa jarduteko.

Azkenik, xedatzen da ezen, toki entitateek, beren eskumenak baliatuta, egoki jotzen dituzten baldintzak ezarri ahalko dituztela, kanabis-kontsumitzaileen kluben jardunera bideratutako lokalak irekitzeari buruzkoak.

Nafarroako kanabis-erabiltzaileen kolektiboak arautzen dituen HELa 5.114 sinaduraren babespean iritsi zen Nafarroako Parlamentura, iragan uztailaren 28an Hautesle Erroldaren Bulegoaren Zuzendariordetza Nagusiak eman zuen agirian jasotzen denez. Aurkeztu ziren 5.311 sinaduretatik 197 egiaztatu ez baziren ere, HELak aurkeztu zen unean indarrean zegoen erkidego-erroldaren hautesleen ehuneko bata gainditu zuen; betebehar hori beharrezkoa zen izapidetzearekin aurrera jarraitzeko.

Nafarroako kanabis-erabiltzaileen kolektiboak arautzen dituen HELa iragan urriaren 9an aintzat hartu zen eta NOKen lehendakari Fermín Les-ek defendatu zuen oholtzan. Aurrera egiten duen ezaugarri hauetako lehenengo ekimena da.

2013ko martxoaren 14an arku parlamentariotik kanpoko pertsona batek Herri Ekimen Legegile (HEL) bat Osoko Bilkuran aurkezteko aukera izan zuen lehen aldiz; kasu horretan Nafarroako klinikek abortua edo haurdunaldiaren borondatezko etetea egin dezaten saihesteko. Bazter geratu zen.

www.parlamentodenavarra.es
• Foru Lege proposamenaren argitalpena (NPAO, 97. zk., 2014-09-11koa)