Publicada el Jueves, 9 de Octubre de 2014

Kontratazio publikoan zenbait gizarte-klausula sartzeari buruzko HELa aintzat hartzea onetsi dute

Azpikontratatutako enpleguaren eskastasunari aurre egitea da helburua, horretarako esparru txikieneko sektore-hitzarmeneko baldintzak derrigor errespetatzea eta langileak subrogatzea eskatuta

Parlamentuko Osoko Bilkurak, SNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabekoek haren alde eman dituzten botoekin eta UPNk eta PPNk haren aurka eman dituzten botoekin, kontratazio publikoan zenbait gizarte-klausula sartzeari buruzko Foru Lege proposamena aintzat hartzea onetsi du gaur.


Proposamena Herri Ekimen Legegilearen (HEL) baitan Sustapen Batzorde batek bultzatu zuen eta Nafarroako ELA Zerbitzuak-en arduradun den Pablo Sánchez Gonzálezek defendatu zuen oholtzan. Xedea lan-merkatua egonkorragoa izatea da, horretarako Foru Komunitateko sektore publikoan lanak eta zerbitzuak kontratatzeko, esleitzeko eta kudeatzeko prozesu oro arautzen dituzten pleguetan gutxieneko baldintzak ezarrita.


Kontrataziorako botere publikoei eskatzen zaizkien gutxieneko baldintzen artean aipatzen dira enpresaren jarduera kokatzen den adarraren “esparru txikieneko sektore-hitzarmeneko baldintzak derrigor errespetatzea” eta, enpresa kontratugilea aldatzen bada edo enpresa horrek haren jarduera hirugarrenekin azpikontratatzen badu, langileak “subrogatzea” kontratua hartzen duen enpresa berria uzten duenaren eskubide eta betebehar guztietan.


Gizarte-klausula horiek urratzeak kontratua “desegitea” eragin dezakete.


HELa sustatu dutenen ustez, botere publikoen erantzukizuna da azpikontratatutako enplegua inguratzen duen “eskastasun eta ezegonkortasunari” aurre egitea. Merkatu hori “soilik irizpide ekonomikoei begira egiten diren lizitazioei” lotuta dago eta zeharka kudeatu edo ustiatutako “zerbitzuen kalitatea” kaltetzen bukatzen dute, bai eta “lan-baldintzak” kaltetzen ere.


Kontratazio publikoan zenbait gizarte-klausula sartzeari buruzko legea Nafarroako Parlamentura iritsi da 5.216 sinaduraren babespean, iragan uztailaren 7an Hautesle Erroldaren Bulegoaren Zuzendariordetza Nagusiak eman zuen agirian jasotzen denez. Aurkeztu ziren 5.357 sinaduretatik 141 egiaztatu ez baziren ere, HELak aurkeztu zen unean indarrean zegoen erkidego-erroldaren hautesleen ehuneko bata baino handiago zen; betebehar hori beharrezkoa da izapidetzearekin aurrera egiteko.


www.parlamentodenavarra.es
• Foru Lege Proposamenaren argitalpena (NPAO, 94. zk., 2014-09-04koa)