Publicada el Jueves, 26 de Junio de 2014

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko legea aldatzea onetsi dute

Erabilera soziala duten jabetza publikoko etxebizitzetan egiten diren erreformak eraikin, instalazio eta obren gaineko zergatik salbuetsita geratzen dira

Parlamentuko Osoko Bilkurak Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legea aldatzen duen lege proposamena aho batez onetsi du gaur.


Atxiki gabekoek bultzatu duten legearen xedea da Nafarroako Foru Komunitatearen, Estatuaren edo Nafarroako toki entitateen jabetzako etxebizitzak eraikin, instalazio eta obren gaineko zerga ordaintzetik salbuestea, baldin eta haiek irabazi asmorik gabeko entitateei laga bazaizkie zailtasun ekonomikoak dituzten pertsonei laguntzeko.


Zioen azalpenean, proposatu duen taldeak esaten du jabetza publikoko etxebizitzak “egoera txarrean egon ohi” direla; hori dela-eta, akordioetan jasotzen da irabazi asmorik gabeko entitateak behartuta daudela egin beharreko erreformak egitera etxebizitzetan. Zerga ordaintzetik salbuestea etxebizitzaren erabilera sozialarekin eta oraingo krisi egoerarekin bat dator.


Lege proposamenari buruzko eztabaida hasi aurretik, Osoko Bilkurak, Bildu eta Aralar-Nabairen aurkako botoekin, UPNk, SNk eta PPNk sinatu duten in voce zuzenketa bat onartzea bazter utzi du. Araudiaren 142. Artikuluaren arabera, gehiengo osoko lege bat denez gero, in voce zuzenketak onartzeko “ez da parlamentu-talderik aurka agertu behar”.


Zuzenketa horrek Nafarroako ikurrei buruzko 24/2003 Foru Legea urratzea ñabartzea zuen helburu. Urratzeak “alkateari, alkatetzako taldeari eta araua urratzea dakarten jarduera edo jarduerak zuzenean ala zeharka babesten duten udal eta kontzejuetako talde eta zinegotziei urtero ematen zaizkien ordainak bertan behera uztea” dakar.


Araua orain idatzita dagoen moduan zigorra ikurrei buruzko legea generikoki urratzera mugatzen da. Zuzenketa aurrera atera izan balitz, honako kasuetara mugatuta geratuko zatekeen: a) legez aurreikusitako banderak udaletxeetako kanpoaldean ez egotea; b) beste lurraldeetako eta autonomia erkidegoetako banderak egotea edozein udal eraikin edo instalaziotan, 24/2003 Foru Legearen 8.3. artikuluan aurreikusten diren kasuetan izan ezik. Idatz-zati horretan onartzen da, salbuespen gisa eta adeitasun arrazoiak medio, beste lurralde batzuetako, autonomia erkidegoetako eta toki entitateetako banderak jartzea, baina “inoiz ez bakarrik”.

www.parlamentodenavarra.es
• Foru Lege proposamenaren argitalpena (NPAO, 42. zk., 2014-03-24koa)