Publicada el Jueves, 9 de Mayo de 2013

Nafarroako etxebizitza arloko jarduketa babesgarriei 2013an eta 2014an aplikatuko zaizkien moduluak ezartzen dituen Foru Legea onetsi dute

SNk hala eskatuta, 2012an indarrean zeuden moduluen prezioak izoztea 2014ra luzatzen da, Osoko Bilkuran baliozkotutako Foru Dekretuan xedatzen zen moduan

Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk eta SNk haren alde emandako botoekin, Bildu-ren, Aralar-Nabairen, PPNren eta atxiki gabeko bi parlamentarien abstentzioarekin eta I-Ek haren aurka emandako botoarekin, Nafarroako etxebizitza arloko jarduketa babesgarriei 2013an eta 2014an aplikatuko zaizkien moduluak ezartzen dituen Foru Legea onetsi du gaur.

Legeak abenduaren 28ko 2/2012 Foru Lege Dekretua jasotzen eta luzatzen du, zeina iragan urtarrilaren 24an baliozkotu zen Osoko Bilkuran UPNk, SNk eta PPNk haren alde emandako botoeki eta Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabeko bi parlamentariek haren aurka emandako botoekin.

SNk hala eskatuta, 2012an indarrean zeuden moduluen prezioak izoztea 2014ra luzatzen da, Osoko Bilkuran baliozkotutako Foru Dekretuan xedatzen zen moduan. Sozialisten zuzenketak, UPNk babestu zuenak, Bildu-ren, Aralar-Nabairen, PPNren eta Izquierda-Ezkerraren abstentzioak jaso zituen batzordean.

Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 10. artikuluan xedatutakoaren arabera, Nafarroako Gobernuari dagokio etxebizitza babestuak eta haien eranskinak saldu eta errentan emateko gehieneko prezioak ezartzea. Prezio horiek foru legean zehazten diren modulu ponderatuen eta ponderatu gabeen arabera ezartzen dira urtero, eta haien kalkulua 10. artikuluan azaltzen den formula erabiliz egiten da, zeinaren xedea etxebizitzaren eraikuntzaren sektorearen kostuen garapena islatzea baiten.

Formula hori aplikatzeak moduluaren igoera bat eragin zezakeenez (etxebizitzaren salmenta eta alokairuko prezioan aldagai erabakigarria) eta Comptos Ganberaren txostena ikusita, zeinak “langabezia tasa altua eta finantzabideak topatzeko zailtasunak” kontuan hartzea gomendatzen duen, Gobernuak Foru Lege Dekretu bat ematea erabaki zuen (ondoren Foru Lege proiektu gisa izapidetuko zena), hartara “2012an indarrean zeuden moduluak mantentzeko”, era horretan legez aurreikusitako formula aplikatuz moduluak berriz ere igotzeak eragingo lituzkeen ondorioak saihestuz.

Foru Legeak Gobernuak “berezi eta oso presako” deritzon egoera bati erantzuten dio, zertarako eta salmenta eta alokairuaren prezioak igotzearen eraginez etxebizitzarako sarrera izatea arazo larriagoa izan ez dadin. Hori guztia, eraikuntzaren sektorean jarduketa sustatzeari utzi gabe, zeinari “arrazoizko etekina” lortzea ahalbidetuko dion Babes Ofizialeko Etxebizitzaren (BOE) prezio bat ziurtatzen zaion.

Testuak xedapen gehigarri bakar bat zuen, non ohartarazten zenez “moduluak eguneratzeko formula, Nafarroan Etxebizitza Izateko Eskubideari buruzko maiatzaren 10eko 10/2010 Foru Legearen 10. artikuluan jasotakoa, berriz aplikatzen denean, kontuan hartu beharko da ezartzeko garaian ezagunak diren azken adierazleetan urte batetik bestera izandako aldaketa”. Idatz-zati hori aho batez ezabatu da talde guztiek sinatutako in voce zuzenketa baten ondorioz.

Behin bitartean, Nafarroan etxebizitza arloko jarduketa babesgarriei 2013an eta 2014an aplikatuko zaien modulu ponderatua 1.246,53 euro/ m2 erabilgarri izango da. Eta ponderatu gabeko modulua 1.192,85 euro/m2 erabilgarri.

Batzordean egindako eztabaidan I-Ek eta PPNk in voce aurkeztutako bi zuzenketak bazter utzi ziren, zeintzuen xedea BOE moduluak eguneratzeko indarrean dagoen formula aldatzea baitzen, “Comptos Ganberak egoera ekonomikoei erreparatuz gomendatzen” duen moduan. UPNk eta SNk haien aurka emandako botoen eraginez, Bildu-k, Aralar-Nabaik, PPNk eta I-Ek proposamen horiei emandako babesa ez zen nahikoa izan.

www.parlamentodenavarra.es
• Foru Lege proiektua (NPAO, 21. zk., 2013-02-25ekoa)
• Zuzenketen argitalpena (NPAO, 34. zk., 2013-03-27koa)
• Irizpenaren argitalpena (NPAO, 41. zk., 2013-04-22koa)