Publicada el Jueves, 28 de Febrero de 2013

Nafarroako ekintzaileei eta lan autonomoari laguntzeari buruzko Foru Legea onetsi dute

Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk, SNk, PPNk, I-Ek eta atxiki gabekoek haren alde emandako botoekin eta Bildu-ren eta Aralar-Nabairen abstentzioekin, Nafarroako ekintzaileei eta lan autonomoari laguntzeari buruzko Foru Legea onetsi du gaur, zeinak sei hilabeteko epean ekintzailetzarako lehenengo plana gauzatzea aurreikusten duen.
 

Socialistas de Navarra parlamentu-taldeak bultzatutako Foru Legearen xedea “garatzea eta bultzatzea, Nafarroako Foru Komunitateak bereganatutako eskumenen esparruan, enpresa berrien sorrera, enpresa-jarduera eta enplegua sortzeko jarduera, horretarako laguntza emanez ekintzaileei, langile autonomoei eta mikroenpresei”.

Halaber, legea aplikatuko zaie pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari buruzko (PFEZ) Foru Legearen testu bateratuan ekintzaile gisa definitutako entitateetako sozio ez inbestitzaileei. Foru Lege horrek pertsona eta entitateen, bai eta haietan inbestitzen dutenen zerga-erregimena arautzen du.

Arauak ibilbide orri bat zehazten du, zeinak enplegua sortzeko bide gisa apustu pertsonalak babestera bideratutako neurri eta tresnak jasotzen dituen, finantzaketarako tresnak, jarraipenerako erakundeak eta lan autonomoari buruzko estrategia plan bat barne. Hori guztia, administrazioaren “konpromiso irmoenarekin”, baina kontu publikoen “egungo egoera” kontuan hartuta.

Ekintzailetzaren eta lan autonomoaren sustapenak hainbat printzipio jarraituko ditu informazioari dagokionez; besteak beste, administrazio prozesuak koordinatzea eta arintzea, bereziki, jarduera lizentzietarako sarbideari eta baldintza fiskalei dagozkionak.

Gainera, finantzaketarako eredu zehatz bat bultzatzea aurreikusten da, era horretan, proiektu berrien bideragarritasuna eta lehiakortasuna bultzatuz. Horretarako, proposatzen da arriskuak murriztea, asoziazionismoa eta sareetan parte hartzea sustatzea eta hezkuntzaren aldi guztietan autoenpleguarekin lotutako balioak sartzea, hartara, LHko modulu zehatzak bultzatuz eta unibertsitateei eta haien fundazioei lotutako enpresak sortzeko berariazko guneak sustatuz.

Laguntzen arloan, pizgarriaren eraginkortasuna bermatuko duen “nahikotasun ekonomikoa” bermatzen da eta laguntzaren zenbatekoa zailtasun mailaren araberakoa izango da. Nafarroako Enplegu Zerbitzua izango da toki entitateekin eta eragile sozioekonomiko guztiekin batera lurralde osoan xede horiek betetzeko behar diren kooperazio bideak sustatuko dituena. Horretarako, kasuan kasuko eragin guneetan jarduera ekonomikoa sustatzeko, Nafarroako Enplegu Zerbitzuak toki ekintzarako taldeekin eta lan autonomoaren profesionalen asoziazioekin batera behar diren hitzarmenak gauzatuko ditu.

Enplegurako Espainiako estrategian xedatutakoa betetzeko eta Enpleguari buruzko 59/2003 Legean xedatutakoari jarraiki, autoenplegurako politika aktiboen onuradun gisa gehitu dira, “lehentasuneko” izaerarekin, lan merkatuan sartzeko zailtasun bereziak dituzten pertsonak, batez ere heziketa defizita duten gazteak, emakumeak, iraupen luzeko langabetuak, 45 urtetik gorakoak, desgaituak, etorkinak, bazterkeria egoeran dauden pertsonak eta arrazoi ekonomikoengatik haien jarduera bertan behera utzi behar izan duten pertsonak.

Hedapen eta informazio neurriei dagokienean, Nafarroako Gobernuak autonomoentzat duen web orrialdearen bidez, aholkularitza, informazio eta autoenpleguaren kultura sustatzearekin zerikusia duen guztia bideratzen da.

Halaber, teknologia berrien arloan enpresak sortzeko izapidetze telematikorako sistema sustatzeko borondatea kokatzen da. Izapidetzea enpresa proiektuak abian jartzeko aholkularitza lanak egiten dituzten entitate publiko eta pribatuekin elkarlanean egingo da.

Nafarroako lan autonomorako kontseilua, hilabete bateko epean sortuko dena, gai sozioekonomikoekin eta profesionalekin zerikusia duten kontsultak egiteko foroa da, eta, profesionalen elkarteek eta enpresa- zein sindikatu-erakunde garrantzitsuenak hartuko ditu.

Nafarroako lan autonomoari lotuta burututako jarduerak gaian eskuduntza duen departamentuak ebaluatuko ditu. Departamentu horrek politika publikoen eragina neurtuko du aldian behingo txosten baten bidez; Gobernuak txosten horren berri emango du urtean behin Parlamentuan.

Ildo horretan, xedatzen da urtean behin ekintzailetzari buruzko saio monografiko bat egingo dela, eta, bertan pertsonek eta entitateek parte hartuko dutela, zeinek “ehundura enpresariala handitzera eta enplegua sortzera” bideratutako proposamenen berri eman eta haiek beraiek aurkeztu ahalko dituzten.

Foru Lege hau onesten denetik sei hilabeteko epean, Nafarroako Gobernuak, araudi bidez, lan autonomoaren eta ekintzailea babesteko arloan bitartekari finantzieroaren irudia garatuko du.

Epe berean, Nafarroako Gobernuak inbestitzaile pribatu sozialaren eta inbertsio soziala babesteko entitateen irudiei edukia emango die.

· www.parlamentodenavarra.es
· Foru Lege proposamenaren argitalpena (NPAO, 76. zk., 2012-09-26koa)
· Zuzenketen argitalpena (NPAO, 9. zk., 2013-01-24koa)
· Irizpenaren argitalpena (NPAO, 76. zk., 2013-02-20koa)