Publicada el Viernes, 8 de Febrero de 2013

Ebazpen bat onetsi dute zeinaren bidez Parlamentuak uste osoz adierazten duen lanaren banaketa helburu duten politikak, publikoak nahiz pribatuak, taxutu eta aplikatzearen alde dagoela

Parlamentuko Osoko Bilkurak, UPNk, SNk, Bildu-k, Aralar-Nabaik, I-Ek eta atxiki gabeko bi parlamentariek haren alde emandako botoarekin eta PPNk haren kontra emandakoarekin, ebazpen bat onetsi du gaur zeinaren bidez Parlamentuak adierazten duen “bere ustez beharrezkoa dela lanaren banaketara bideratutako politika publikoak eta pribatuak definitzea eta aplikatzea, eta bere jarrera horren aldekoa dela, lehentasuna emanez pertsona guztiek lana edukitzeko duten eskubideari eta dagoen lanaren gaineko plangintza solidarioa egiteari”.

Onetsitako ebazpenak bigarren idatz-zati bat du non, halaber, Nafarroako Gobernua premiatzen duen “azterlan bat egin dezan lehenbailehen, administrazio publikoen esparruan barne-plangintza berri bat aplikatzeko, lanaren banaketa eraginkorra egin ahal izate aldera, lanaldiak doituz edo gutxituz eta aparteko orduak kenduz. Plangintza hori sindikatuekin –alde sozialaren ordezkariekin– lankidetzan eta haiekin koordinatuta eginen da, ondokoak gogoan: bideragarritasun funtzionala, zerbitzu-ematearen efizientzia eta prestazio berriak sortzea”.

Era beran eta hirugarren idatz-zati batean, Nafarroako Gobernua premiatzen da “eztabaida abiaraz dezan enpresa- eta sindikatu-erakunde guztiekin, helburu izanen duena helburu horiek berak lortzea enpresa pribatuan ere; alegia, lanaren banaketaren aurrerabidea egitea, dagoen lana banatuz eta aparteko orduak berehala desagerraraziz”.

Zioen azalpenean, Aralar-Nabai parlamentu-taldeak bultzatutako ebazpenak bere konpromisoa ekonomia, lan eta gizarte eredu “bidezkoago” baten bidez adierazten du, “sektore publikoaren garapenean” oinarrituta dagoena eta, euskarri gisa, “zerga-politika progresiboago” bat aplikatzea duena, halako moldez non, sektore pribatuan ere, dagoen enplegua “mantentzea eta banatzea” posible izango litzatekeen.

Proposatu duen taldeak irizten du lan erreforma “larriak”, “lanpostuak sortzeko aitzakiarekin” “jakinduria neoliberalaren” esanetara sustatu zirenak, “eraginkortasunik ez” dutela argi geratu dela, langabeziaren datuek adierazten dutenez, hain zuzen, 55.000 pertsonakoa baita eta zifra “are okerragoak” aurreikusten baitira.

· www.parlamento-navarra.es
· Mozioaren argitalpena (NPAO, 91. zk., 2012-11-08koa)