Publicada el Jueves, 27 de Septiembre de 2012

Nafarroako Gobernua Nafarroako Kultur Ondareari buruzko Urte Anitzeko Plan bat aurkez dezan premiatzen duen ebazpena onetsi dute

Parlamentuko Osoko Bilkurak, SNk, Nabai-k, Bildu-k, PPNk eta I-Ek alde emandako botoekin eta UPNren abstentzioarekin, ebazpena onetsi du gaur, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen den “abenduaren 31 baino lehen Legebiltzarrean aurkez dezan Nafarroako Kultur Ondareari buruzko urte anitzeko plan berri bat, 2011ra arte indarrean egongo denaren ordez”.

Onetsitako ebazpenak bigarren puntu bat du, non xedatzen den plan horrek ”gutxienez” ondorengo atalak eduki beharko dituela: Jarduketa-esparrua, esku hartzeko lehentasunak ezartzeko irizpideak, lan egiteko formula arrunta, jarduteko printzipio nagusiak, proiektuak prestatu eta gauzatzea, zabalkundea eta bisita-programa, aurrekontua esleitzeko irizpideak, indarraldia; bai eta monumentuetan, multzo historikoetan, industria-arkitekturako multzoetan, toki historikoetan, eremu arkeologikoetan, kultur paisaietan, lorategi historikoetan, ondasun higigarrietan eta katalogo eta inbentarioetan hasiera batez aurreikusitako jarduketak ere.

Era berean eta hirugarren atal batean, PPNk in voce aurkeztu duen zuzenketa bat dela-eta gehitu dena, Foru Komunitateko Gobernuari eskatzen zaio “Parlamentuan agerraldia egin dezan aurretik zegoen planaren emaitzen berri emateko, Nafarroako Kultur Ondareari buruzko Urte Anitzeko Plana aurkeztu baino lehen”.

Zioen azalpenean Socialistas de Navarra taldeak bultzatutako ebazpenak irizten duenez, “ondarea leheneratzeko politika berriak sustapen eta hezkuntza arloko lanari lotuta egon behar du, herritar guztiek erabili eta gozatu ahal izan dezaten Nafarroako ondarea”. Horri gaineratu behar zaio krisiaren inpaktua, zeina modu esplizituan islatzen baita ondareari esleitutako funtsen murrizketa nabarmenean, exijitzen duela “esku-hartzeak lehenesteko irizpideak zorroztea eta hasierako jarduketa-katalogo bat ezartzea, legean aurreikusitako figura guztiak barne hartuko dituena”.

· www.parlamentodenavarra.es
· Mozioaren argitalpena (NPAO, 70. zk., 2012-09-07koa)