Publicada el Jeudi, 6 de octobre de 2016

Gobernuak berriro ere adierazi du "LOMCE erabat baztertzen duela, segurtasun juridikoarekin"

Hala erantzun dio EH Bilduk egindako interpelazioari. Horren bidez, posizio propio batetik koherentziaz eta erantzukizunez ekin ahal izateko akordioetara iristeko borondatea erakutsi du

José Luis Mendoza hezkuntza-kontseilariak parlamentuko kontrol bilkuran berriro ere adierazi du LOMCE "erabat baztertzen" duela, baina "segurtasun juridikoa bermatuz", ikasleek, irakasleek edo jarduera akademikoak inongo kalterik jasan ez dezaten.

Mendozak adierazi du "zentzugabea dela" batxilergoko 2. mailako irakasleek curriculum-neurriak prestatu behar izatea, horiek nola ebaluatuko diren jakin gabe. Gaineratu du, pedagogikoki "pentsaezina” eta kalitatezko hezkuntzarekin “bateraezina” dela.

Modu horretan erantzun dio EH Bilduk Hezkuntza Departamenduak Nafarroan LOMCE aplikatzearen inguruan eta Ministroen Kontseiluak 2016ko uztailaren 29an onartutako azterketen aurrean hartuko duen jarreraren harira egindako interpelazioari.

Zentzu horretan, Esther Korresek errebalidak "onartezinak" direla adierazi du eta kontseilariari galdetu dio "benetan ari ote diren" LOMCEren aurkako diskurtsoa egiten dutenean. Era berean, EH Bilduk hezkuntza sistema propio baten alde egiteko akordioetarako asmoa eta borondatea duela adierazi du eta "erantzukizunez eta koherentziaz" jokatzeko deia egin du.

Mendozak azaldu du LOMCEren aplikazioa arautzen duen egutegiaren arabera, ikasturte honetan batxilergoko 2. mailari eragingo dioten aldaketak ezarri behar direla, baina ez dutela efekturik izango titulua eskuratzeko, nahiz eta unibertsitaterako sarbidean aintzat hartuko diren.

Mendozaren arabera, "Nafarroa lanean ari da bizitza akademikoari eta ikasleen segurtasun juridikoari ahalik eta gutxien eragingo dion arau-marko bat definitzeko". Gaineratu du unibertsitate ikasketetarako saltoa UPNAk (Nafarroako Unibertsitate Publikoak) egin ohi duen probak arautuko duela, orain arte bezala.

Horri dagokionez, kontseilariak zehaztu du dagoneko gai horren inguruan lanean ari direla eta irakasleekin bilerak egin dituztela.

DBH-ko azken ebaluazioari dagokionez, Mendozak azpimarratu du Nafarroa errebalidaren aurka dagoela, ikasleen etorkizunari begira "epai goiztiarra eta bidegabea" delako.

Hala, "irmotasunez baztertu" du DBH 4. mailako proba, baina adierazi du berme juridikoaren marjinen barruan segi behar dutela eta azaldu du Bigarren Hezkuntzako bukaerako ebaluaziorako probak egingo direla, baina "ez dutela inongo ondorio akademikorik izanen".

Mendozak aipatu du "beste oztopo bat gehiago dagoela errebalida proben zentzugabekerian", izan ere, Estatuko Eskola Kontseilua ez dago martxan eta jarduneko gobernuaren funtzioek ezin dute kide berririk izendatu, "trikimailu" bat egin ezean.

Alberto Catalánek (UPN P.T.) Gobernuari eskatu dio "arduraduna eta koherentea" izan dadin, haren iritziz orain ez baita horrela. Jarraian adierazi du beste erkidego batzuetan gai horri dagokionez etxerako lanak egin dituztela.

Isabel Aranburuk(Geroa Bai P.T.) departamentuari eskatu dio "lortu daitekeen autonomia marjina azter dezala, ebaluazioak ahalik eta arrazoizkoenak izan daitezen eta ahalik eta ondorio kaltegarri txikienak izan ditzaten".

Fátima Andreok (Podemos-Ahal Dugu P.T.) LOMCEren aurkako jarrera "irmo eta sendoa" falta dela adierazi du eta poztu egin da momentuz proba horiek Nafarroan ondorio akademikorik izango ez dutelako.

Carlos Gimenok (PSN P.T.) zalantzan jarri du Foru Gobernuak LOMCEren aurkako jarrera duenik eta lege dekretua bertan behera utz dadin eskatu du, Foru Gobernuari Auzitegi Gorenaren aurrean aurkeztutako errekurtsora batzeko deia egitearekin batera.

"Berba handiak eta ezkur txikiak" esan du Javier Garcíak (PPN F.P.E.). Haren ustez Gobernuak "berandu" jardun du eta "ziurgabetasuna" sortu du. Adierazi du "erantzukizun falta" dela LOMCE indargabe uzteko eskatzea, "oraindik eta murrizketa handiagoa" ekarriko lukeelako hezkuntza publikora.

Marisa de Simónek (Izquierda-Ezkerra F.P.E.) "erabateko gaitzespena" azaldu die errebalidei eta Gobernuari eskatu dio legea baztertu dezan, indargabetzeko esku-hartu dezan eta ondorioak gutxitzeko lan egin dezan.