Publicada el Jeudi, 11 de février de 2016

Nafarroako Gobernua premiatzen da uholde arriskurako plan bat abian jar dezan

Lantalde baten bitartez non ordezkatuta egonen baitira Ebroko Konfederazio Hidrografikoa, Ureztatzaileen Erkidegoa, toki entitateak eta nekazariak

Nafarroako Parlamentuaren Osoko Bilkurak gaur erabaki bat onetsi du, UPN, PSN eta PPren aldeko botoekin, I-Eren abstentzioarekin eta Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Duguren aurkako botoekin, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen baita “lantalde bat sor dezan, non ordezkatuta egonen baitira Ebroko Konfederazio Hidrografikoa, Ureztatzaileen Erkidegoa, toki entitateak eta nekazariak”.


Onetsitako erabakiak bigarren puntu bat ere badauka, non UPN, PSN, PPN eta I-Eren babesarekin, foru gobernua premiatzen baita “urgentziaz aurkez dezan uholde arriskuei buruzko plan bereki bat”. Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Duguk aurka bozkatu dute.


Halaber, hirugarren atal batean, Nafarroako Gobernua premiatzen da “urak har ditzakeen eremuei buruz lan egitera, aseguru azkar eta arinak egiteari betira, bai eta ukitutako lursailen balio-galera baloratzeari begira ere”. Atal hori ere onetsi da, aurrekoaren boto berdinekin.


Azkenik, berriz ere I-Eren abstentzioarekin, Nafarroako Gobernua “premiatzen da adostutako erabakiak har ditzan ibaien garbiketarako eta mantentzerako, eta legarra ateratzeko tradiziozko usadioak baimen ditzan”. UPN, PSN eta PPk aldeko botoa eman dute; Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu, berriz, aurka agertu dira.


Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek testua aldatzeko zuzenketa bat aurkeztu dute, zeina ez baitu PSNk, ekimenaren titularrak onartu; hartan azpimarra jartzen zen "urak har ditzakeen eremuen alde lan egitera, aseguruak eraginkor eta efizienteak izatearen alde, ukitutako lursail eta alorren balioaren alde eta ibaien kudeaketaren alde, Urari buruzko Esparru Zuzentarauan ezarritakoaren arabera”.


PSN parlamentu-taldeak bultzatutako erabakiaren zioen azalpenean baieztatzen da ezen, azpiegituren konponketarako kontusailetan jasotako neurri ekonomiko zuzentzaileez haratago, "prebentzio-neurriak" ere behar direla, "etorkizuneko uholdeen eragina ahal den guztian gutxitzeko".

www.parlamentodenavarra.es
• Mozioa (44. NPAO, 2015-12-18koa)