Publicada el Jeudi, 17 de septembre de 2015

Nafarroako Parlamentuak Socorro Sotés hautatu du Nafarroako Kontseiluko kide

Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk etaI-Ek proposatuta, María Asunción Ericek kontsulta-organo goreneko kide izateari utzi ondoren sortutako hutsa beteko du

Parlamentuaren Osoko Bilkurak Socorro Sotés Ruiz hautatu du gaur Nafarroako Kontseiluko kide gisa. Kargu horretan, María Asunción Erice ordeztuko du, zeina Nafarroako Parlamentuak izendatu baitzuen 2012ko abenduaren 21ean, Alfredo Irujo Andueza, José Iruretagoyena Aldaz, Alfonso Zuazu Moneo eta María Ángeles Egusquiza Balmasedarekin batera. Izan ere, legebiltzarrari kontseilu horretako bost kide izendatzea dagokio.

Bera proposatu dutenen –Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerra– babesa jaso du Socorro Sotések. UPN, PSNk eta PPNk zuri botoa eman dute. Hautaketa isilpeko bozketa bidez egin da.

Nafarroako Kontseilua zazpi kidek osatzen dute, izen aitortua eta eskarmentua izan eta nafar izaera politikoa duten juristen artean Nafarroako Gobernuko lehendakariak izendatuak. Horietatik bost Nafarroako Parlamentuak proposatutakoak dira eta beste bi, berriz, Nafarroako Gobernuak; gaur egun, Kontseiluko buru Eugenio Simón Acosta eta José A. Razquin dira kide horiek.

Nafarroako Kontseilua kontsulta-organo gorena da, Espainiako Konstituzioa, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa eta gainerako ordenamendu juridiko guztia betetzen dela begiratuko duena. Kontseiluaren irizpenek ezin izanen dute egokitasun edo komenigarritasunari buruzko baloraziorik eduki.