Noiz argitaratua Osteguna, 2024.eko Apirilak 18

Espainiako Gobernua Marokoko nekazal produktuen inportazioa geldiaraztera premiatzeko mozio bat ezetsi da

Legebiltzarrak ezetsi egin ditu Voxen argudioak; taldeak zalantzan jarri ditu EBren eta Espainiako Gobernuaren politika komertzialak, elikadura segurtasunari dagokionean ere bai.

Parlamentuak mozio bat ezetsi du gaur Espainiako Gobernua premiatzen zuena “beharrezko neurri guztiak har ditzan premiaz geldiarazteko Marokoko nekazal produktuen inportazioa, jakinarazpen sanitarioek ohartarazten baitute Marokotik ekarritako marrubiek A hepatitisa izaten ahal dutela”. Mozioaren kontrako botoa eman dute UPN, PSN, EH Bildu, Geroa Bai, PPN eta Contigo-Zurekin talde parlamentarioen, eta aldekoa, berriz, Voxek.

 

Ezetsitako mozioak bigarren puntu bat ere bazuen agintariak premiatzeko “beren eskumenen esparruan elikagaien inguruko ikuskapena indartu dezaten, bermatzeko inportatzen diren gainerako fruitu eta barazkiak kontsumitzeko baldintza egokietan daudela, osasun publikoko arazo larriak saihesteko.”

 

Era berean, hirugarren apartatu batean, Espainiako Gobernua premiatzen zuten Europako Batzordeari eska diezaion “berehala eten dezala Marokoren eta Europar Batasunaren arteko nekazaritza akordioa, berorrek kalte ekonomiko eta sanitario izugarria sortzen diolako Espainiako eta Batasuneko nekazaritzako elikagaien ekoizpenari, eta espainiar guztiei ere bai”.

 

Halaber, Espainiako Gobernua premiatzen dute “Marokoko agintaritzei beharrezkoak diren azalpen oro eskatzeko, bai eta Marokoren nekazal sektorea finantzatzeko Europako funtsak eteteko ere”.

 

Bestalde, Nafarroako Gobernua ere premiatzen zuten “berriz etiketatzearen iruzurrari aurre egin diezaion, eta iruzurrari aurre egiteko eta kontrol fitosanitarioko bulego bat sor dezan bitarteko herrialdeetako produktuetarako, bulego nazional bat sortzeko eredu izateko, eta nazional hori sortzean ixtea bulego autonomikoa”.

 

Horrez gain, administrazio eskudunei eskatzen zieten “etiketatzeko estandar argiak ezartzeko kontsumitzaileek erosten dituzten produktuen jatorriari dagokionez, eta esparru nazionalean, eskualdekoan eta Batasunekoan sustatzeko dieta mediterraneoa erasotzen eta kriminalizatzen ez duten etiketak”.

 

Azkenik, Espainiako Gobernuari eta Nafarroako Gobernuari eskatu diete “gure produktu nazionala babesteko politikak eta sustatzeko kanpainak egiteko, eta horretarako partidak handitzeko aurrekontu orokorretan”.

 

PPN talde parlamentarioak zuzenketa proposamen bat egin du Europar Batasunari eskatzeko “EBren eta Marokoren arteko nekazaritza akordioa berrikus dezala, inportatutako produktuetan Espainiako nekazari eta abeltzainei eskatzen zaien trazabilitate bera exijitzeko, eta, horrela, lehia desleialerako aukera saihesteko”, baina mozioaren sustatzaile Voxek ez du onartu.

 

Zioen azalpenean, Voxek bultzatutako mozioak Espainiako Gobernuaren kudeaketa gaitzesten zuen, Europako RASFF sistemak elikadura kateko arriskuagatiko emandako alertari dagokionez (A hepatitisa zegoelako Marokotik inportatutako marrubietan), eta, horren harira, azpimarratzen zuen komunikazioan defizita egon zela eta trazabilitateko protokolorik ez zegoela "infekzioa beste barazki eta fruta batzuetara hedatzeko aukera detektatzeko", eta, ondorioz, "kontsumitzaileen babesgabetasuna” areagotzen zela.

 

Hori horrela, Marokorekin egindako merkataritza akordioek "lehia desleialaren" ondorioz eragiten dituzten kalte ekonomikoei erreparatzen zitzaien, eta Europako eta Espainiako estrategien izaera kaltegarria azpimarratzen zen, haien ustez Alauita herrialderako laguntza handiak baitira (Finantza Protokoloa, Plan Berdea), eta ez datoz bat Espainiako lehen sektorearen zailtasunekin, zeinak lehortea ere pairatu behar duen.