Noiz argitaratua Astelehena, 2018.eko Abuztuak 6

Parlamentuak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez, gaitzetsi egiten baitu Tuterako festetan emakumezko adingabe batek pairaturiko sexu-erasoa

Mahaiaren eta Eledunen Batzarrean onetsia. 2018ko abuztuaren 3an

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du aho batez. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak gaitzetsi egiten baitu Tuterako festetan emakumezko adingabe batek pairaturiko sexu-erasoa. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek aurkeztu dute.

 

Onetsitako adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak gaitzetsi egiten ditu Tuterako azken festetan salatutako gertakariak, eta elkartasun nahiz aldekotasuna adierazten dizkie sexu-erasoen biktima diren emakume guztiei.

 

2. Nafarroako Parlamentuak bere kezka adierazten du, bereziki jai-giroetan gertatzen diren jarrera eta jokabide matxistengatik, eta berretsi egiten du bere konpromiso publikoa, gizarte patriarkal eta matxista bat sendotzen duten desberdinkeria eta diskriminazio oro amaiaraztekoa. Ildo horretan, onartezintzat jotzen du festak zigorgabetasun-gune bihurtu ahal izatea, non emakumeak laidotzen dituzten jarrerak sustatzen diren.

 

3. Nafarroako Parlamentuak onartezintzat jotzen du jarrera matxista horiek oraindik ere gertatzen jarraitzea, eta adierazten du bere borondatea dela errotik desagerraraztea indarkeria sexista oro, zeina emakumeen eta gizonen arteko desparekotasunaren eta patriarkatu menderatzaile bat egotearen ondorio baita.

 

4. Nafarroako Parlamentuaren ustez, beharrezkoa da Nafarroako Gobernuak berdintasunaren eta genero-indarkeriaren arloko legedi indardun guztia betetzen eta hedatzen jarraitzea, horretarako beharrezkoak diren baliabide ekonomikoak esleituz eta behar diren tresna guztiak taxutuz berdintasunezko gizarte bat eraikitzeko, non gizonek eta emakumeek beren bizitzen alderdi guztiak askatasunez eta berdintasunez bizi ahalko baitituzte, eta gizartearen zati batek bestearekiko menderakuntzazko eta nagusikeriazko jarrerarik izateko tokirik izanen ez den.

 

5. Nafarroako Parlamentuaren ustez, beharrezkoa da Nafarroako udalek kasuko programak, protokoloak eta lege-tresnak indartzen segi dezaten, sexu-eraso edo -indarkeria oro desagerrarazteko, agerikoenetik lausoeneraino".