Noiz argitaratua Ostirala, 2017.eko Abenduak 1

Nafarroako Parlamentuak bat egin du HIESaren Nazioarteko Egunarekin Sare eta Hiesaren aurkako Batzorde Herritarrarekin batera

Parlamentuko aurrealdean lazo handi bat zintzilikatu da, eta gorriz argiztatuko da “Gure Osasuna, Gure eskubideak” kanpainarekin bat eginez

Nafarroako Parlamentuak bat egin du Hiesaren aurkako Nazioarteko Egunarekin, eta arrazoi honengatik bere aurrealdea gorriz argiztatuko da gaur iluntzean, eta gainera lazo gorri bat zintzilikatu da, diskriminazioaren, estigmaren eta aurreiritzien aurkako borrokaren babesaren irudi gisa.

 

Goizean, Foru Legebiltzarreko Lehendakariak, Ainhoa Aznarez Igarzak eta Isabel Aranburu (Geroa Bai) eta Ainhoa Unzu (PSN) parlamentariek Sare Elkartearekin eta Hiesaren aurkako Batzorde Herritarrarekin batera Ganberako Areto Instituzionalean burututako ekitaldian parte hartu dute.

 

Erakunde deitzaileek manifestua irakurri dute, eta “Nafarroatik GIBaren aurkako eta gaixotasun honen estigmatizazioaren aurkako Estatu itun bat bultzatzeko” eskaera egin dute.

 

Itun honek, Lucía Burguik (Hiesaren aurkako Batzorde Herritarra) eta Yolanda Yáñezek (Sare) adierazi dutenaren arabera, esparru honetan lanean diharduten GKEentzat “aitortza, babesa eta laguntza ekonomikoa” ekarri beharko luke, baita “era orokor eta berehalakoan Sexu eta Ugalketa Osasunari buruzko Dekretua ezartzeko giza baliabide eta baliabide materialez hornitzea”, baita GIB birusari buruzko formazio espezifikoa sustatzea bereziki Lehen Arretako irakaslegoarentzat eta osasungintzako langileentzat.

 

Honekin batera, 16/2012 Lege-Dekretu Errealaren indargabetzea eskatzen dute, baita GIBaren “Gaixotasun infekto-kutsakor” katalogazioa kentzea.

 

Gure Osasuna, gure eskubideak lelopean manifestuak elkarte deitzaileek GIBari eta Hiesari emandako erantzuna jasotzen du, “ekitatea, aniztasuna, askatasuna, intimitatea, informazioa, autonomía, Osasuna eta plazera gaixotasunari eta honi lotuta dagoen estigmari aurre egiteko premisak” aldarrikatzen ditu.

 

Zentzu honetan, oroitarazi dute 2016 urtean Nafarroan 35 GIB kasu berri diagnostikatu zirela, azken bost urteetan 212 izanik, eta horien %90 15-54 urte bitartekoak dira, horien %44 emakumezkoak. “Datu beldurgarri” hauek gaixotasunaren igoera islatzen dute, “sexu transmisioaren eraginez bereziki”.

 

Hala, prebentzioa aldarrikatu dute, “biztanleriaren behar eta errealitate berrien” ikuspuntutik. Manifestuaren bidez “sexu segurua eta droga kontsumoaren ondorioak saihesteko neurriak aldarrikatuko dituzten kanpaina bereziak” eskatu dituzte, “ONUSIDA helburuak lortzeko bidean, hau da, 0 transmisio, 0 diskriminazio”.

 

Gaur ospatzen den Nazioarteko Hiesaren Egunaren harira, Nafarroako Parlamentuko Eledunen Batzarrak atzo adierazpen instituzional bat onetsi zuen, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, Izquierda-Ezkerrak eta PSNk sinatua.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

  1. Nafarroako Parlamentuak konpromisoa hartzen du esparru honetan lan egiten duten GKEak ekonomikoki babesteko eta laguntzeko.

 

  1. Nafarroako Parlamentuak Sexu eta Ugalketa Osasunari buruzko Dekretua era orokorrean eta berehalakoan ezarri dadin osasunaren eta hezkuntzaren esparrua baliabide materialez eta giza baliabideez hornitzea babesten du

 

  1. Nafarroako Parlamentuak GIB birusari buruzko formazio espezifikoa sustatuko du bereziki Lehen Arretako irakaslegoarentzat eta osasungintzako langileentzat.

 

  1. Nafarroako Parlamentua GIBari “Gaixotasun infekto-kutsakor” katalogazioa kentzearen babesa berresten du

 

  1. Nafarroako Parlamentuak 16/2012 Lege-Dekretua indargabetzearen eskaera berresten du.