Noiz argitaratua Astelehena, 2017.eko Azaroa 27

Parlamentuak errefusatzen ditu Hitzarmen Ekonomikoaren aurkako erasoak eta hura eguneratzera premiatzen du

Legebiltzarrak Egiptoko atentatua arbuiatzen du, bere babesa agertzen die Erruki Etxeko langileei eta Eskubide Sozialetako Departamentua premiatzen du bitartekotza egin dezan gatazka horretan

Eledunen Batzarrak aho batez onetsi du adierazpen instituzional bat, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bere babesa adierazten baitio Erruki Etxeko plantillari. Adierazpena UPN, Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu, PSN, PPN eta I-Ek aurkeztu dute.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak bere babesa adierazten dio Erruki Etxea egoitzako plantillari.

 

2. Nafarroako Parlamentuak Eskubide Sozialetako Departamentua premiatzen du bitartekotza egin dezan gatazka horretan eta aldeen arteko akordioa erraztu dezan”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du aho batez. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak deitoratu eta erabat arbuiatzen du duela gutxi Egipton izandako atentatua. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak deitoratu eta erabat arbuiatzen du ekintza terrorista hau, zeinean bizia galdu baitute ehunka pertsona errugabek bereizkuntza gabe, horien artean dozenaka haurrek, pertsona horiek beren erlijio-eskubidea askatasunez egikaritzen zuten bitartean.

 

2. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Egiptoko herriaren saminarekin, bereziki Bir al Abed herriarekin, eta haien esanetara jartzen da.

 

3. Nafarroako Parlamentuak Estatu Islamiarraren jardueran terrorista kondenatzen du, baita ekintza terrorista oro ere, eta eskatzen du berehala amai dadila indarkeria, edozein motatakoa.

 

4. Nafarroako Parlamentuak erlijio-askatasuna babesten du munduko edozein tokitan, eta babesten ditu bai eskubide hori baliatu nahi duten pertsonak bai eskubide berarekin erlijio- edo sinesmen-gune orotatik kanpo daudela adierazten dutenak, eta konpromisoa hartzen du, bi kasuetan, pertsona horien eskubidea berme guztiekin gauzatu dadin”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du aho batez. Horren bidez, Nafarroako Parlamentuak deitoratu eta kondenatzen ditu Libian gertatzen ari diren pertsonaren duintasunaren kontrako praktikak. Nafarroako Alderdi Sozialista talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak erabat kondenatzen ditu Libian gertatzen ari diren pertsonaren duintasunaren kontrako praktikak.

 

2. Nafarroako Parlamentuak berresten du giza eskubideekin duen konpromisoa, giza eskubideen adierazpen unibertsalean jasotzen den moduan.

 

3. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Migrazioetarako Nazioarteko Erakundea eta Nazio Batuen Erakundea.

 

bezalakoek eginiko deialdiekin, Libiako migratzaile esklaboen salerosketari amaiera emateko”.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak adierazten du Nafarroako Foru Komunitateko Hitzarmen ekonomikoa aldezten duela. Geroa Bai talde parlamentarioak aurkeztu du.

 

Talde parlamentario guztiek adierazpenaren alde bozkatu dute, I-Ek izan ezik, bigarren puntuaren kontra bozkatu baitu.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak adierazten du Nafarroako Foru Komunitatearen Hitzarmen Ekonomikoa aldezten duela; izan ere, gure foru araubidearen adierazpide garrantzitsu bat da, eta Nafarroako herritarrei dagokien eskubide historiko eta demokratiko bat.

 

2. Nafarroako Parlamentuak arbuiatu egiten ditu zenbait ordezkari politikoren adierazpenak zeinek auzitan jartzen baitute Nafarroaren elkartasuna, Nafarroako Foru Araubidearen Hitzarmen Ekonomikoa den tresna bereki baten aurkako erasotzat jotzen dituelako.

 

3. Nafarroako Parlamentuaren ustez, lehenbailehen lortu beharra dago akordio bat, Nafarroaren eta Estatuaren arteko Hitzarmeneko ekarpena gaurkotuko duena indarreko bosturtekorako”.