Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Azaroa 23

Parlamentuak ez ditu onartu UPNk eta PPNk 2018rako Aurrekontu Orokorren proiektuari aurkeztutako osoko zuzenketak

Abenduaren 11tik 15era bitartean zuzenketa partzialak aztertuko dira, eta 21ean Batzordearen irizpena Osoko Bilkurara eramanen da behin betiko eztabaida eta bozketa egiteko

Gaur egindako osoko bilkuran, Nafarroako Parlamentuak baztertu egin ditu 2018ko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Lege proiektuari UPNk eta PPNk aurkeztutako osoko zuzenketak. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta Izquierda-Ezkerrak zuzenketen aurka bozkatu dute.

 

UPNk eta PPNk osoko bi zuzenketen alde bozkatu dute.

 

Orain, lege proiektua Gobernuari itzultzea baztertu ondoren, zuzenketa partzialak aztertuko dira Ogasuneko eta Finantza Politikako Batzordean, abenduaren 11tik 15era bitartean (zuzenketa partzialak aurkezteko epea atzo amaitu da), eta batzorde horren irizpena abenduaren 21ean Osoko Bilkurari aurkeztuko zaio, behin betiko eztabaida eta bozketa egiteko.

 

2018rako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Lege proiektua azaroaren 8an onartu zen izapidetzeko, eta hurrengo egunean argitaratu zen Parlamentuko Aldizkari Ofizialean. Proiektuan jasotako aurrekontua 4.157.610.426 eurokoa da.

 

Jasotako 4.157.610.426 euro horietatik 3.883.280.219 dagozkio gastu ez-finantzarioari (Nafarroako Gobernuko departamentuak, Nafarroako Parlamentua eta Nafarroako Kontseilua), eta gainerako 274.330.207 euroak finantza-gastuetarako dira.

 

Gastu ez-finantzarioaren gehieneko zenbatekoa % 4,07 igo da 2017ko Aurrekontuaren aldean. Azken horretan 3.731,45 milioikoa izan zen; beraz, zenbaki absolututan 151,82 milioiko aldea dago.

 

UPN talde parlamentarioak osoko zuzenketaren justifikazioan argudiatu du aurrekontuak “kontinuistak” direla, eta zerga-igoera orokorra “onbideratu” beharrean, berriz ere igo dituztela zergak, “halako moduz non lortu baitute Nafarroa izatea Espainian zerga gehien ordaintzen den erkidegoa”.

 

Haren esanetan, “ez dira egoerak eskatzen dituen kontuak, zeren, inbertsio aipagarririk ezean, zerbitzu publikoen hobekuntza nabarmenik gabe eta gizarte politiken garapenik gabe, kili-kolo jartzen baita aurrerapena, eta Foru Ogasunaren kudeaketa eraginkorrerako zama bat ezartzen baita”.

 

Horiek horrela, UPNk eztabaidan jartzen ditu “zenbait kolektiborentzako diru-laguntzak eta zuzeneko laguntzak; kolektibo horietako asko erakunde edo ideia identitario eta nazionalistekin lotuta daude”. Bestalde, “Nafarroako Gobernua Erriberan autopromozio kanpaina” egiten saiatu dela dio, baina Erriberaren lehentasunak ez direla inolaz ere jaso 2018ko Aurrekontu Orokorretan.

 

PPNko foru parlamentarien elkarteak proiektua itzultzeko eskatu du esanez “nazionalismorako joera argia” duen proiektua dela, “nahierakoa, alderdikoia eta ekitaterik gabekoa”. Ildo horretatik, hau gehitzen da: “aurrekontuak arduragabeak dira, eta ezin gauzatuzko diru-sarrera batzuetan oinarrituta daude; gainera, horiek lortzen badira, langileak, enpresak eta aurrezleak esplotatzearen ondorioz izanen da”.

 

Horregatik, “inbertsiorako, lehiakortasunerako, kontsumorako eta aurrezpenerako pizgarririk ez emateko” jarreraren aurrean, konpromiso handiagoa eskatzen da “enplegagarritasuna sustatzeko eta azpiegiturak hobetzeko”, gizarte “aktibo eta produktibo bat” lortze aldera, “errenta bermatua bezalako laguntzetan oinarritutako gizarte mendekoa eta subsidiarioa” nahiago duen gobernu baten planteamenduen kontra.

 

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak proiektuaren lehentasunei erreparatuta egin diete aurka osoko zuzenketei. “Gizarte arloak eta ekonomiarako pizgarriak ditu ardatz proiektuak, eta aurreko ekitaldian hasitako aurrekontu-igoera garrantzitsuaren finkapena dakar”.

 

Gizarte arloei dagokienez, azpimarratzen da arlo horiek guztizko gastu ez-finantzarioaren % 55,4 jaso dutela, guztira 2.152 milioi, 2017an baino 41 milioi gehiago. Eta garapen ekonomikoari dagokionez, Sakanako, Erriberako, Lizarrako eta Erdialdeko eskualde-planetarako kontu-sailen gehikuntza nabarmentzen da, bai eta honako plan hauetarako aurreikusitako hornidura ere: Enplegua, Familiak, Haurrak eta Nerabeak, eta Gizarte Alokairuko Etxebizitzak. Hori guztia, politika fiskal “aurrerakoi eta progresiboa” oinarritzat hartuta.