Noiz argitaratua Asteartea, 2017.eko Azaroak 14

Sexu-indarkeria ikuskizun bihurtzea eta erasotzailea patologizatzea, indarkeria matxistari buruzko komunikazioaren giltzarrietako batzuk

Sarah Babiker komunikologoak adierazi du beharrezkoa dela estereotipoak ezabatzea eta informazio iturri hegemonikoetatik ihes egitea indarkeria matxistaren gaineko informazio fidagarriago baterantz aurrera egiteko

Nafarroako Parlamentuan atzo eta gaur egiten ari diren saioetan, indarkeria matxistaren aurkako ‘Xake Patriarkatuari’ jardunaldien III. edizioan, genero indarkeriari buruzko komunikazio tailer bana egin da kazetarientzat eta jendearentzat oro har, bata informazio-emaileen ikuspegitik eta bestea jasotzaileen ikuspegitik.

 

Bi tailer horien bidez, egungo genero sistema eraldatu behar duen komunikazio ez-sexistarako tresnak eskaini nahi zaizkie kazetariei. Herritarrengan genero sentikortasuna sustatu nahi da, desberdintasuna eta genero estereotipoak berregiten dituzten mekanismoak agerian jarri, indarkeria matxistaren funtsezko kausa baitira. Halaber, hedabide jarduleei genero berdintasunerako eta indarkeriaren adierazpen guztiak errotik erauzteko ekarpena nola eginarazi hausnartzeko espazio bat eskaini nahi da.

 

Gaiaren testuinguruaren lehen azalpen batean, Sara Babiker Moreno komunikatzaileak gogora ekarri ditu estatuek Istanbulgo Hitzarmenaren bidez hedabideak aldaketaren eragile izan zitezen hartu zituzten konpromisoak. “Ildo horretan badira, gainera, arau multzo bat, hainbat lege eta behatokiak, eta gaiari buruzko azterketa eremu zabal bat, baina, hala ere, ez dago zehapen eremurik”, nabarmendu du.

 

Hedabideek genero indarkeriari ematen dioten tratamendua dela eta, “adierazpen askatasunarekiko diskurtso-talka” aipatu du. “Espazioetan genero indarkeria erreprimitu behar ote da, biktimaren intimitatea errespetatuz, edo adierazpen askatasunaren erabilera ote da?”. Horren haritik, Espainian emakumeek informazioan duten presentziari buruzko ‘WACC monitorizazioa’ izeneko azterlana gogoratu du Babikerrek. Azterlan horrek agerian utzi du emakumezkoak informazioen % 30 baino gutxiagotan direla protagonista, indarkeriari buruzkoetan izan ezik, halakoen % 51tan baitira protagonista.

 

Aurrekoaren ildotik, Babikerrek hizpidera ekarri du indarkeria sinbolikoa, “jardunbideen, irudien, desberdintasun adierazpen txikien multzo bat. Desberdintasunaren zero gradua gainerakoari eusten dion indarkeria da, indarkeria sotilena. Berak ematen die bidea bizi ditugun indarkeria ukigarriei. Nagusitasunaren naturalizazioa hainbat menderatze-esparrutan gerta daiteke, baita klaseen arteko indarkeria sinbolikoan ere, baina, esan gabe doa, generoan gertatzen da”, adierazi du.

 

Komunikologoaren esanetan “erritualizaziora jotzen da genero indarkeriaren berri ematean. Genero indarkeriaren irakurketa mugatua eginez, banalizaziora eta sentsazionalismora lerratuz, eta erantzukizunak feminizatuz”. Gainera, jende normalari gertatzen ez zaion salbuespenezko aberrazio gisa aurkeztu ohi dira gertaerak, “sexu indarkeria ikuskizun bihurtuz, erasotzailearen patologizazioa sustatuz, buru-nahasmendua duen gaixo gisa aurkezten baita”, ohartarazi du.

 

Indarkeria matxisten funtsezko eragilea den egungo genero sistema eraldatuko duen komunikazio ez-sexista eraikitzeko, Babikerrek proposatu du informazioa hainbat ikuspegitatik prestatzea, estereotipoetatik ihes egitea, ordezko informazio iturriak bilatzea, “unibertso maskulinoa deseraikitzea, hori zaila bada ere gure hizkuntza ‘generodunean’, beste hizkuntza batzuetan ez bezala, baina egin daiteke abstraktuak bilatuz, agerraraziz; nahiz eta formula bikoitza ez erabili, haiek agerrarazi behintzat”, proposatu du.

 

‘Xake Patriarkatuari’ jardunaldien III. edizioari Mertxe Leranoz Goñi INAIko zuzendariak eman die amaiera. Jardunaldietan sentipen ona izan du, "elkartzeko eta hausnartzeko gogo bizia ikusi da, eta Nafarroako Parlamentuari eskerrak eman behar zaizkio sinergiak batu eta elkartzeagatik, eta zorionak eman III. jardunaldiak antolatu dituelako Parlamentu ireki batean, berdintasun plana duen lehenbizikoan. Horrela bere konpromiso handia erakutsi ez ezik praktikara eraman du. Jardunaldi hauek horren erakusgarri dira", erantsi du.

 

Jardunaldietan landu den edukiari dagokionez, Estatu Ituna dela eta, Mertxe Leranozek hau esan du: "bat gatoz egin diren gogoetetako batzuekin, gizartearentzat garrantzi eta sakontasun handia duen konpromiso politikoa da hori, gugandik haragokoa; lanean segitu behar dugu itun horrek aurrera egin dezan eta genero indarkeria errotik erauzteko egokia izan dadin. Berdintasuna da indarkeria ezabatzeko giltzarria, alde horretatik ados nago", adierazi du.