Noiz argitaratua Astelehena, 2017.eko Azaroa 13

Genero indarkeriaren aurkako estatu ituna eztabaidagai Nafarroako Parlamentuan

Emakumeen taldeek nabarmendu dute positiboa dela aurrekontua handitzea eta zenbait elkartek prestakuntzan parte hartzea, baina inola ere ez dela aski indarkeria matxistari aurka egiteko

Nafarroako Parlamentuak gaur arratsaldean eman dio hasiera indarkeria matxistaren kontrako “Xake Patriarkatuari” jardunaldien III. edizioari. Mahai-inguru batean gogoeta egin da genero indarkeriaren aurkako estatu itunaz. Mahai horretan aritu dira Esther Ripa, Nafarroako Emakumeen Mugimendu Demokratikoko kidea, Maria Jesús Girona Magraner, Emakume Gazteen Federazioko lehendakari ohi eta koordinatzaile teknikoa, Lorea Irisarri Garrido eta Mari Carmen Echeverría, Andrea - Lunes Lilas taldekoak, eta moderatzaile lanetan Vanina Vázquez Gentile, generoan aditua den psikologoa (NUP) eta Equalako teknikaria.

 

Parlamentuko lehendakari Ainhoa Aznárez Igarzak aurkeztu du jardunaldia. Igandera arte egin diren 90 feminizidioak gogoratu ditu, eta ohartarazi du bikotekideak eraildako emakumeek ez ezik seme-alabek, ahaideek eta ingurukoek ere jasaten dutela genero indarkeria. “Datu lazgarriak ditugu, eta apaldu ordez gora egiten dute, elkarte, talde eta erakunde askok gaitz horren kontra borrokatzeko eta errealitate horretaz kontzientzia harrarazteko egiten dugun lana gorabehera”, esan du Nafarroako Parlamentuko lehendakariak.

 

Aznárezek azpimarratu nahi izan du nola drama sozial horren aurrean Parlamentuak Xake Patriarkatuari jardunaldiak antolatzen dituen 2015az geroztik “erakundeetatik ekarpena eginez bortizkeria horri amaiera eman beharraz kontzientziatzeko”. Aznárezek azaldu duenez, aurten jardunaldietan eztabaida irekia proposatzen da genero indarkeriaren aurkako estatu itunaz. “Aski ote da indarkeria matxista geldiarazteko?” galdetu du.

 

Ikuspegi teknikotik hiru elkarteek positibotzat jo dute ituna, baina arazo larri bat dagoela gaineratu dute, alegia, azalean gelditu eta genero indarkeria gisa kalifikatzen dela, eta ez indarkeria matxista gisa, hortxe bailegoke benetako arazoa.

 

Emakumeen Mugimendu Demokratikoaren izenean Esther Ripak itunaren alderdi positibotzat aipatu du prozesu irekia egin dela eta hainbat erakunde feminista hartu direla kontuan, “nahiz eta ez dugun guztiok parte hartu, asko baikara, eta askotarikoak”. Ahulguneei dagokienez, “indargune baino askoz gehiago aurkitu ditugu, eta aurrekontu-hornidura nahikoa ez izatea da lehena, zeren 30etik 200era igo bada ere, ez da zehaztu zertan inbertituko den. Berriro ere biktimei salaketaren zama egotzi zaie, zer nolako arazoak aurkitzen dituzten jakinik”, adierazi du.

 

Esther Ripak bere hitzaldian eskerrak eman dizkie Nafarroako Parlamentuari, Gobernuari eta INAIri berdintasunaren aldeko eta genero indarkeriaren aurkako konpromiso etengabeagatik, baina erantsi du PPk ez duela borondate politikorik “indarkeria matxista geldiarazteko, bi alderdiko sistemaren ondorioz guk uste, zeren alderdi batek ere ez baitu bere agendan jarriko eraildako emakumeek inori axola ez dietela. Genero indarkeria unean uneko zerbait dela ulertzen dute, ez egiturazkoa, eta horregatik ezin da politika publiko eraginkorrik taxutu. Itunak kaleko eskakizun bati erantzuten diola dirudi, baina ez konbentzimendu bati. Genero indarkeria bikotearen barneko indarkeriaz harago doa”.

 

Bestalde, Andrea - Lunes Lilas taldeak azpimarratu du positiboa dela, aurrekontua handitzeaz gainera, berdintasunaren eta genero indarkeriaren arloko eskumenak toki erakundeei itzultzea, kontu-sailak handitzeko aukera emanez; laguntzak eskuratu ahal izateko ‘biktima titulua’ egotea, elkarte feministek parte-hartzea, eta lege autonomikoan ituna betetzea, ekarpen ekonomiko eta guzti. “Gobernu zentralak orain arte egindako urrats garrantzitsuena izan da inondik ere, baina orain benetako konpromisoak izan behar ditu adostutako aurrekontuarekin eta autonomia erkidegoen, toki erakundeen eta justiziaren artean banatzeko irizpideekin. Indarkeria matxista da gaur egun elkarte feministetan batasun handiena eragiten duena”, adierazi dute Andrea - Lunes Lila elkarteko Lorena Irisarri eta Mari Carmen Echeverríak.

 

Emakume Gazteen Federaziotik, María Jesús Gironak gure demokrazia aldian zehar Estatuan eta autonomia erkidegoetan onetsi diren lege, plan eta abarrekoen sorta aipatu du. Lege horiek genero indarkeriaren inguruko alderdi asko arautzen dituzten neurriak ekarri dituzte. Zerrenda luzea eman ondoren, María Jesús Gironak gogoeta hau helarazi die jardunaldian bildutako berrogeita hamarretik gora lagunei: “Nola liteke hainbeste lege eta itun egin ondoren berriz ere gauza bera jasotzen duten planak egitea eta emakumeok hiltzen jarraitzea? Lege eta plan horiek guztiek aski izan behar lukete. Orduan zergatik ditugu 90 pertsona erailda genero indarkeriaren ondorioz, indarkeria matxistaren ondorioz? Gobernu zentralak indarkeria kontzeptuaz oso ideia lausoa du, ez baita genero indarkeria hutsa, indarkeria matxista da, patriarkala, eta ageriko zatiari ez ezik ezkutuko zatiari ere egin behar zaio eraso”, adierazi du Gironak.

 

Nuria Medina, Teresa Sáez eta José Miguel Nuín parlamentariek ere jardunaldian parte hartu dute, bai eta INAIko zuzendari Mertxe Leranoz Goñik ere. Nuria Medinak azpimarra jarri nahi izan du itunaren alde positiboan, esanez tresna bat dela, abiapuntu bat helburua lortzeko, prozesu horretan indarkeria matxista ezabatzea lortzeko gutxieneko baldintzei buruzko ituna.

 

Jardunaldiei bihar emanen zaie jarraipena, indarkeria matxistaren gaia komunikazioaren ikuspegitik lantzeko bi tailerrekin. Komunikabideak aztertuko dira informazio-emaile gisa, eta hartzaileei ere erreparatuko zaie.