Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Ekainak 15

Ogasuneko kontseilariak erreforma fiskala defendatu du: “ez da galgarria, iruzurra eta ihesa dira galgarriak”

PPNren interpelazio bati erantzunez, non baieztatzen baita nafar gehien-gehienek jasan dituztela “Foru Gobernuaren zerga-bilketarako grina eta plangintza txarra”

Ogasuneko eta Finantza Politikako kontseilariak, Mikel Aranburuk, gaur esan duenez, erreforma fiskala, zeinaren ondorioak uda ondoren aztertuko baitira, ez da "erreforma galgarri bat, zerga iruzurra eta ihesa dira galgarriak".

Horrela mintzatu da kontseilaria, PPNko eledun Ana Beltránek politika fiskalari buruz, orokorrean, egin dion interpelazioari erantzunez. Beltránek "fiskofiliaren ondorio negatiboez” ohartarazi du. "Hori ere galgarria da, eta besteak (iruzurra eta ihesa), berriz, guztiz galgarriak", azpimarratu du.


Mikel Aranburuk gogorarazi du Gobernura iritsi zirenean “egoera konplikatu samarra" aurkitu zutela, "diruzaintza hutsik, 6.000 milioiko zorra, murrizketa garrantzitsu batzuk, eta 2014ko zerga jaitsiera elektoralistari buelta eman beharra".


"Erreforma premiazkoa zen, eta, aldi berean, mailakatua da", adierazi du. Ondoren iragarri du erreforman lanean jarraituko dutela, eta gastu publikoa finantzatzeko baliabideak ugaritzea lortu dela baieztatu du.

Zergei dagokienez, "erreformak ez dira izan bereziki gogorrak, are gutxiago mingarriak", adierazi du kontseilariak, eta "garrantzitsuena" aipatu du: 30.000 eurotik aurrera PFEZaren tarifa aldatzea, urtean 70 bat euroko igoera ekarriko duena zenbait kasutan.

Bizitzeko gutxienekoa edo familiaren gutxienekoa dela-eta, Aranburuk baieztatu du guztientzat berdina izan behar duela. "Sistema honekin zergaren funtzionamendua neutrala eta zuzena da, eta progresiboagoa", erantsi du.

"Zergak jaisteak mesede egiten die aberatsei, zorpetzeak mesede egiten die aberatsei eta kaltetu eta hipotekatu egiten du Foru Komunitatea", kontseilariaren esanetan. Azpimarratu du ez dagoela argudiorik pertsona fisikoen enpresa-jarduerei atxikitako ondasunek tributatu beharrik ez izateko. Beltrán ez da ados egon horrekin. Sozietateen gaineko zergari buruz, kontseilariak esan du ez dela astuna eta ez diola eragiten enpresen ekonomiari.


Aranburuk adierazi du adi ibili direla ea fiskalitateak eraginik izan ote duen pertsona fisikoen egoitza aldaketetan, eta oraingoz ez dutela eraginik antzeman. Iragarri du uda ondoren talde guztiekin partekatuko dituztela beren gogoetak erreforma fiskalaren ondorioei buruz.

Aurretik, PPNko foru parlamentarien elkarteko eledunak, Ana Beltránek, kritikatu egin du erreforma, eta Nafarroarentzat, klase ertainentzat eta bereziki familientzat "galgarria" dela esan du. 2016tik aurrera indarra duen erreforma horrek komunitatearen bilakabidean "belar txarren haziak" erein ditzakeela gehitu du.

"Errentaren aitorpena egiten duten guztiak haserretzen dira, inori ez zaio iazkoa baino aitorpen hobea atera; 19.000 eurotik gora irabazten duten guztiek aurreko urtean baino gehiago ordaindu behar dute", azpimarratu du Beltránek, eta "zerga bilketarako grina” hori nafar gehien-gehienek jasan dutela salatu du.

PPNko eledunak esan du erreformak "plangintza txarra" duela abiapuntu, kontratazioaren eta kontsumoaren murrizketa eragin duela, eta ez duela lortu ezarrita zeuden helburuak betetzerik.

Juan Luis Sánchez de Muniainek ere (UPN talde parlamentarioa) ezbaian jarri du erreforma fiskala. Familien zorpetzea aipatu ondoren, esan du erreformak familiei murrizketak ezartzen dizkiela "premia handienean daudenean". Ainhoa Unzuk (PSN talde parlamentarioa) PFEZaren tratamendua gaitzetsi du, eta zerga zuzenagoa eta gizartearen errealitaterako egokiagoa egiteko eskatu du.

Unzuk ongi iritzi dio sozietateen gaineko zergan hartutako bideari, eta José Miguel Nuin (Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkartea) "izugarri poztu" da hori entzunda.

Jokin Castiellak (Geroa Bai talde parlamentarioa) gaitzetsi egin ditu "gutxiago ordaintzeko eskatzen duten diskurtso populistak", eta egonkortasuna ekarriko duen politika fiskal baten alde mintzatu da. Ondoren, Adolfo Araizek (EH Bildu talde parlamentarioa) "termita fiskalen politika” defendatzea egotzi dio Beltráni, eta, horren aurrean, berak "diru-sarrerak bermatuko dituen sistema zuzen, aurrerakoi, bidezko eta solidario baten alde” egin du apustu.

Fiskalitate berdearen gaiari heldu behar zaiola eta sozietateen gaineko zerga hobetu behar dela ohartarazi du EH Bilduko eledunak, eta iritzi horrekin bat etorri da Laura Pérez (Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioa); hain zuzen ere, orain zergen igoeraz kexu direnei aurpegiratu die aurreko erreforma fiskalari zor zaiola igoera hori, eta ondoren esan du “erreforma berrikusi eta bideratu” behar dela, “egiteko dagoen lana amaitzeko”.