Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Ekaina 15

Gobernua “emisio gutxiko ekonomiaranzko” trantsizioa sustatzearen alde agertu da

I-Eren interpelazio bati erantzunez, non kezka azaltzen baita Nafarroako eskualde batzuetako airearen kalitate txarrarengatik, eta ikuspegi orokorretik lan egiteko deia egiten baita

Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariak, Isabel Elizaldek, "emisio gutxiko ekonomiaranzko eta Nafarroa jasangarri eta iraunkor bateranzko trantsizioa sustatzearen” alde apustu egin du, eta apustu horren esparruan kokatu du Foru Gobernua prestatzen ari den Klima Aldaketaren Ibilbide Orria.

 

Isabel Elizaldek Izquierda-Ezkerraren interpelazio bati erantzun dio Parlamentuko Kontroleko Osoko Bilkuran. Azpimarratu du beharrezkoa dela "giza osasuna zein ekosistemak babesteko politika eraginkorrak garatzea, CO2 emisioen murrizketan eta airearen kalitatearen hobekuntzan lan eginez, horretarako".

 

Kontseiluak gogorarazi du aste honetan aurkeztu dela Nafarroako Klima Aldaketaren Ibilbide Orria, estrategia integrala eta zeharkakoa ezartzea aurreikusten duen dokumentua. "Klima-aldaketaren aurkako borrokan Nafarroa aitzinean kokatu behar da, Nafarroak daukan ingurumen-erronkarik handienari ekin behar diogu", ohartarazi du, eta hau erantsi du: "gauza argi eta nabarmen bakarra da gure gizartea lehenbailehen karbonogabetu behar dugula".

 

Elizaldek azaldu duenez, ibilbide-orriaren zirriborroa irekita dago herritarrek parte har dezaten, azaroaren 30era arte. Hori dela eta, parte hartzeko eskatu die erakunde, enpresa eta herritarrei.

 

"Nafarroan arazoak ditugu Erriberan (Komunitateko erdialdean eta hegoaldean)", aitortu du kontseilariak, eta onartu du oso konplexua dela "legez ezarritako atalaseak ez gainditzeko neurriak antolatzea”.

 

Hala ere, "lan egin behar" dela baieztatu du. Zehaztu du Gobernua baloratzen ari dela "Nafarroako ezaugarriei buruzko berariazko azterlanak egiteko aukera, ea badagoen tokian tokiko neurriak hartzeko tarterik. Ez da aski Nafarroako Gobernuaren konpromisoa, gehien kutsatzen duten eragileek ere erregulatu egin behar baitute beren jarduera", adierazi du.

 

Ildo horretan, "azken bi urteetan Nafarroako industria-enpresa kutsatzaileenetako batzuek legeriara egokitzeko neurriak” hartu dituztela azpimarratu du. "Neurri horien eraginaren jarraipena eginen dugu", gaineratu du.

 

Elizaldek ohartarazi duenez, emisioei buruz eskura dauden azken datuek, 2015ekoek, erakusten dute berotegi efektuko gasen emisioak hazten hasi direla berriro, krisi ekonomikoari esker 2005etik aurrera izandako murrizketaren ondoren. "Orain joera aldatu egin da eta gehiago ahalegindu behar gara burutu beharreko jarduketetan", baieztatu du.

 

Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkartea) kezkatuta dago "Nafarroako airearen kalitateagatik; batez ere, eskualde batzuetan balio negatibo samarrak ditugu". Erriberako kasuak aipatu ditu, Erriberrikoa edo Funeskoa, non legez ezarritako ozono mailak gainditu izan baitira. "Arazo larria da eta ikuspegi globaletik heldu behar zaio. Ez da aski Nafarroako Gobernuaren ekintza".

 

Marisa de Simónek erantsi duenez, "nolabait lasaitu egiten gaituzte kontseilariaren azalpenek, Gobernua ere kezkaturik dagoela aitortzen duenean. Ongi iruditzen zaigu gai horretan hainbat departamentu elkarlanean aritzea”.

 

I-Erekiko kritiko agertu da María Carmen Segura (UPN talde parlamentarioa), esan baitu ez dakiela zergatik ekarri duten gai hori Parlamentura, "erriberatarrengatik ez, bederen". Ondoren ezbaian jarri du Gobernuaren jokabidea, eta, beste gauza batzuen artean, zaborrak Erriberara eraman nahi izatea aurpegiratu dio.

 

Unai Hualdek (Geroa Bai parlamentu-taldea) esan du departamentuak "oso ongi detektatu" duela arazoa, eta programa-akordioa betetzeko egin den klima-aldaketaren ibilbide-orriaren balioa nabarmendu du.

 

Dabid Anautek ere (EH Bildu talde parlamentarioa) nabarmendu egin du "apustu" hori, eta aitortu du arazo bat dagoela airearen kalitatearen inguruan eta bereziki eragiten diola Erriberari, eta larria dela ohartarazi du, hain zuzen ere, ozonoaren eraginpean egoteagatik Estatu osoan urtean 1.800 bat pertsona hiltzen direla goizegi.



Rubén Velascok ere (Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioa) ontzat eman du klima-aldaketaren ibilbide-orria, eta industria, garraioa eta ibilgailu pribatuak "gertutik zaintzeko" eskatu du.

 

"Oso ongi dago eremu lokalari, Foru Komunitateari edo Espainiari begira aritzea, baina arazo hau globala da", adierazi du Guzmán Garmendiak (PSN talde parlamentarioa), eta erantsi du energiari eta klima-aldaketari buruzko legea landu behar dela Espainian eta munduan.

 

Javier Garcíak (PPNko foru parlamentarien elkartea) esan du ez dela alferrik alarmarik jo behar, "are gutxiago beste arazo batzuetatik arreta desbideratzeko" bada. "Airea kutsatuta egotea, horixe da, dirudienez, Gobernua Erriberara gutxitan edo inoiz ere ez joateko arrazoia", esan du ironiaz.