Noiz argitaratua Osteguna, 2022.eko Urtarrilak 20

Zenbait Fundazioren Zuzendaritza Organoak arautzen dituen 2/2014 Foru Legea aldatzen duen Foru Legea

Osoko bilkuran onetsia. 2022ko urtarrilaren 20an

Gaurko osoko bilkuran Nafarroako Parlamentuak aho batez onetsi du Zenbait Fundazioren Zuzendaritza Organoak arautzen dituen 2/2014 Foru Legea aldatzea. Aldaketaren helburua da arau-esparru berria ezartzea, egungo egoera juridikoarekin eta sozialarekin bat datorrena, kontrol eta parte-hartze publikoak handiagoak izateko, gardentasun-arauekin bat etorriz.

 

Irakurraldi bakarrean izapidetu da. Navarra Sumak, PSN-k, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta I-Ek sustatutako foru lege horren aldaketaren xedea da arau-esparru berria ematea Nafarroako Kutxa Fundazioari, zeren eta, Caixabank S.A.k 2021eko martxoaren 26an Bankia S.A. irentsi ondoren, ez baititu betetzen aurrezki-kutxen eta banku-fundazioen araudiaren arabera banku-fundazioa izateko bete beharreko baldintzak. Izan ere, hori dela-eta, Nafarroako Kutxa Fundazioa fundazio arrunta izan behar da hemendik aurrera.

 

Hala ere, Nafarroako Kutxa Fundazioaren sorburua eta berezitasuna aintzat hartuta, erabaki da fundazio arruntena ez bezalako arau-esparrua ematea, eta horregatik 2/2014 Foru Legea aldatzen da, “indarra galdu gabe”, Parlamentuaren zeregina indartzeko: hemendik aurrera Patronatuko bederatzi kideetatik bost izendatuko ditu (bi gehiago). Nafarroako Gobernuak hiru patronatukide izendatuko ditu (bi gutxiago), eta Udalak oraingo kuotari eutsiko dio eta gainerakoa izendatuko du.

 

“Proportzionaltasuna” eta “Nafarroako Kutxari bide eman zioten bi aurrezki kutxetako baten sortzaile izatea” aintzat harturik, Navarra Sumak defendatu du Iruñeko Udalak bi ordezkari izan ditzala Patronatuan, alferrik ordea. PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek zuzenketaren aurka bozkatu dute.

 

Patronatukideek sei urte iraunen dute karguan. Nolanahi ere, lehen agintaldian, aparteko kasuetan, hirugarren urtearen buruan lau kargutik kendu ahal izanen dira 5. artikuluan arautzen den berritze partziala bermatzeko. Horiek ezin izanen dira hautatu hurrengo agintaldirako.

 

Patronatuko kideen osaera “ahalik eta paritarioena” izanen da, eta burua kideen artean hautako da gehiengo osoaren bidez bozketa sekretuan.

 

Fundazioaren gobernuan, ordezkaritzan eta administrazioan dauzkaten ahalmenez gainera patronatukideek fundazio berezia sortu duen entitatea eratu zenetik sortutako dokumentazioa zainduko dute, eta horren barruan sorburuaren arabera dagozkien egin beharreko berreskuratze-kudeaketak eginen dituzte.

 

Gainera, dokumentazioa eskuratzeko protokoloa prestatu beharko dute, zaintzapean dauzkaten agiriak Parlamentuaren eta Nafarroako gainerako erakunde publikoen esku jartzeko.

 

Estatutuak onesteko, aldatzeko eta interpretatzeko ere gehiengo osoa beharko da. Ekonomia-arloan, Patronatuak urtero auditoretza-txostena agindu beharko du. Txostena publikoa izanen da (fundazioaren web orrian), eta onetsi ondoren Parlamentura bidaliko da. Txosten hori ez ezik, Fundazioaren web orrian haren funtsetatik 15.000 euro baino gehiago jasotzen dituzten pertsonen zerrenda ere agertuko da, bakoitzak zenbat eta zergatik hartu duen zehaztuta. Dirua lan-harreman baten ondorioz jasotzen dutenak ez dira agertu beharko, zuzendaritzako karguak izan ezik (horiek jasotako kopuruak agertu beharko dira).

 

Beste alde batetik, Babesletzak berariazko baimena eman ezean, ekitaldirako aurreikusitako gastuak ezin dira izan aurreikusitako guztirako diru-sarrerak baino % 25 gehiago, eta gehikuntza ezin da izan aurreko ekitaldiko ordainketen % 10etik gorakoa.

 

Foru legeak Babesletza ere arautzen du: Administrazioak erabiliko du ekonomiaren eta ogasunaren arloetako eskumena daukan departamentuaren bidez edo eskumena erregelamenduz esleitzen zaion departamentuaren bidez. Ordezkari bat edukiko du Fundazioaren kide anitzeko organoetan, hitzarekin baina botorik gabe. Oro har, erakundearen legezkotasunaz eta jardun onaz arduratuko da, bai eta beraren ondarearen osotasunaz, askitasunaz eta errentagarritasunaz ere.

 

Horrenbestez, fundazioek beren jardunaren berri eman beharko dute, eta horretarako lehendakaria urtean behin agertu beharko da Nafarroako Parlamentuaren aurrean. Fundazioek Parlamentuari lagundu beharko diote, eta eskatzen dien informazio guztia eman beharko diote. Parlamentuaren kontrola gorabehera, fundazioek ez dute inolako menpekotasunik edukiko gainerako erakunde publikoekin.

 

Banku-fundazioaren edo fundazio bereziaren izaera galtzen duten fundazio bereziek foru lege honen xedapenetara egokitu beharko dituzte beren estatuak, indarrean jarri ondoren hiru hilabete iragan baino lehen. Estatutuak onetsi ondoren Patronatua iraungiko da, eta patronatukide berriak hautatuko dira hilabeteko epealdiaren barruan.

 

Salbuespenez gertatuko balitz Estatutuak epean ez egokitzea, indarrik gabe geldituko lirateke foru legean ezarritakoaren kontra dauden xedapenak, eta beste patronatu bat hautatuko litzateke hilabeteko epean. Korporazio berria arduratuko litzateke Estatutuak egokitzeaz, eta hiru hilabeteko epea izanen luke lan horretarako. Horrela xedatzen duen zuzenketa PSNk aurkeztu du eta EH Bildu eta Izquierda-Ezkerrak aurkako botoa eman dute.

 

Foru lege honetan, zeinak Foru Berriaren aldaketari ere erantzuten baitio, xedatzen ez den orotan, fundazioei aplikatu beharreko foru araubidean ezarritakoa beteko da, eta, bereziki, ekainaren 30eko 13/2021 Foru Legea, Nafarroako Fundazioei buruzkoa.

 

Foru legearen onespenak berekin dakar Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legea egokitzea. Horren xedapenak hemendik aurrera aplikatzekoak izanen zaizkie “aurrezki kutxen eraldaketatik sortutako fundazioei”. Horretarako, j) letra gehitu da 2. artikuluaren 1. apartatuan.