Noiz argitaratua Osteguna, 2021.eko Irailak 16

Volkswagenek Martorellen eta Landabenen dituen plantei tratu bera emateko Espainiako Gobernua premiatzen zuen mozioa baztertu egin du osoko bilkurak

Ganberak ez du aintzat hartu Navarra Sumaren eskaera, zeinak irmotasuna eskatzen zien Komunitateko erakunde guztiei, Nafarroako plantak bere lekua manten dezan etorkizuneko merkatu elektrikoan

Parlamentuko osoko bilkurak mozio bat bazertu du gaur, PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Duguren eta I-Eren aurkako botoekin eta Navarra Sumaren aldekoarekin, zeinaren bidez Espainiako Gobernua premiatzen baitzen “Volkswagenek Martorellen daukan plantari ematen dion tratamendu bera eman diezaion, ibilgailu elektrikoari dagokionez, enpresa horrek Nafarroan duen plantari”.

 

Geroa Baik ordezteko zuzenketa bat aurkeztu du, Navarra Suma ekimenaren titularrak onartu ez duena, eta eskatzen zuen “elkarrekin lan egiten jarraitzeko, enpresaren eta enpleguaren orainaldiaren eta etorkizunaren alde”.

 

Zioen azalpenean, Navarra Suma talde parlamentarioak sustatutako ebazpenak “Landabengo plantaren etorkizunaren aldeko apustu garbia” eskatzen zuen, etorkizuna elektrifikazioari loturik duen ibilgailuaren merkatuan bere lekua mantendu ahal izateko.

 

Ildo horretan, adierazten zen Europako funtsek lagundu behar dutela merkatuaren eraldaketak ez dezan eragin kaltegarririk izan Nafarroako lantegiaren lehiakortasunean, “lanpostu gehien sortzen duen enpresetariko bat baita, bai zuzenean bai zeharka, eta berari esker ibilgailuari lotutako muntako industria osagarria ezarri da” Nafarroan.

 

Amaitzeko, mozioa proposatu duenak Volkswagenek Foru Erkidego osoan duen garrantzia aipatzen zuen, eta azpimarratzen zuen lotura estua dagoela 1984az geroztik (Landabenen ezarri zenetik) sortutako garapenaren eta fabrikaren hazkundearen artean, "automobilaren sektoreko Europako onenetako bat" baita.