Noiz argitaratua Osteguna, 2024.eko Apirilak 11

"Ustelkeria politikoaren zantzu guztien aurrean gupidagabea" dela adierazi du Foru Gobernuak

UPNk, interpelazio baten bidez, Belateko tunelen obren esleipen prozesuan praktika akastunen zantzuen aurrean Gobernuak izan duen erreakzioa gaitzetsi du

Juan Luis Sánchez de Muniáinek (UPN) Nafarroako Gobernuari leporatu dio balizko "ustelkeria kasuen aurrean" Parlamentuak "egia ezagut dezan oztopoak jarri” izana.

 

Bestalde, Félix Taberna lehen lehendakariorde eta Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza eta Berdintasun kontseilariak ziurtatu du bere Gobernua "gupidagabea" izaten ari dela "ustelkeria politikoaren zantzu guztien aurrean".

 

Lehen lehendakariordeak zehaztu duenez, ustelkeria "ez da prebarikazioa eta funtzionario-eroskeria soilik", iruzur fiskala ere bada, "transfugismo politikoa, hedabide arduradunak saihesten ari diren fake new-ak, esparru politikoan egiten ari diren populismo arranditsua eta gorrotoaren diskurtsoa”.

 

Tabernak adierazi duenez, CISen azken inkestak "herritarrek gure demokraziaren funtzionamendua onartzen ez dutela adierazten du, eta, beraz, “noraino iritsi garen, herritarren pertzepzioa zein den eta kultura demokratikoa zein den sakon hausnartzeko" deia egin du. “Ikuspegi zabal bat eman diezaiogun ustelkeriari, mundu mailan kezkatzen gaituen zerbait baita, eta Nafarroa mailan kezkatu behar gaitu; berreskura dezagun herritarren konfiantza", aldarrikatu du.

 

Nafarroako Gobernuak "ustelkeria politikoaren zantzu guztiekin gupidagabea izaten jarraituko du, eta sistemak dituen mekanismo guztiak aktibatuko ditugu", gaineratu du. Horri dagokionez, Gobernu Onari eta Gardentasunari buruzko Foru Legearen, Parte-hartze Demokratikoari buruzko Legearen eta Jardunbide Egokien eta Ustelkeriaren aurkako Bulegoaren garapenarekin gardentasunean egindako aurrerapenak nabarmendu ditu.

 

Juan Luis Sánchez de Muniáin UPNko bozeramaileak, bestalde, Nafarroako Gobernuan "ustelkeria praktiken zantzuak" daudela adierazi du, eta Gobernuaren "erreakzioa" gaitzetsi du.

 

Bereziki, Belateko tuneletako obrak esleitzeko prozesua aipatu du. Bertan, hainbat funtzionariok adierazi dute "arrazoirik gabe esleitu dela eta prozedura akastuna dela". Salaketa horien aurrean, Nafarroako Gobernua "ez da administrazio zintzo gisa jokatzen ari"; aitzitik, "informazio garrantzitsua ezkutatzen ari da", eta "kontrol-organoen funtzionamendu egokia" eragozten du, esleipen-mahaiko idazkaria, adibidez, ager ez dadin.

 

"Legebiltzarreko gehiengoak behartu dituzte informazio hau ezkutatzeko eta gobernu demokratiko bat kontrolatzeko mekanismorik funtsezkoenak funtziona ez dezan", salatu du erregionalistak, eta "bustiaren gainean euria ari duela" azpimarratu du, "jakin dugulako ikuskatzaileek legez kanpoko beste jardunbide bat salatu dutela gutxienez lau esleipen-prozesutan".

 

"Kontu handiz ibili beharrean, oztopoak jarri dituzte Parlamentu honetan egia jakin dadin irregulartasunak aztertu eta hautematen dituzten funtzionarioen eskutik. Ustelkeriaren aurka borrokatu nahi duen batek ez ditu funtzionarioak jazartzen, ez ditu sorgin ehizaren menpe jartzen, babestu baizik", esan du.

 

Ainhoa Unzuk (PSN) uko egin dio "Nafarroako ustelkeria politikoaz hitz egiteari, ez baitago halakorik", eta UPNri leporatu dio "akusazio asko egitea, baina ezta proposamen bat ere". Ohartarazi duenez, "ustelkeriaren susmoaren itzala modu maltzurrean eramateko arriskua dago, eskuinaren higatzeko estrategia baten babesean", eta estrategia horren "helburu bakarra Gobernua lokaztea, birrintzea eta Legebiltzarrean etengabeko gatazka sortzea da, herritarrengan desadostasuna baino sortzen ez duena".

 

Adolfo Araizek (EH Bildu) esan dio Sánchez de Muniáini "ez etortzeko Parlamentu honetara 'agian' edo ‘beharbada’, esatera, eman iezaguzue informazioa, bestela, funtsik gabeko susmoak sortzen ari dira eta". Gobernuan ustelkeriaren "orbana zabaltzen" saiatzea leporatu dio UPNri, "badakitenean ez dela horrela. Ez diogu arnasik emango euren estrategiari, badakite gutxiengoan daudela Legebiltzarrean", azpimarratu du.

 

Blanca Regúlezek (Geroa Bai) gogorarazi duenez, "UPNk ohituta gaitu oposizioan dagoenetik ustelkeriaren eztabaida modu makalean ekartzera, arerio politikoarengan zalantza sortuz, interes alderdikoiekin", hori guztia "hautestontzietan lortu ez zutena lortzeko".

 

Javier Garcíak (PPN) adierazi duenez, "ustelkeriaren definizioak Alderdi Sozialistaren siglak ditu", eta Óscar Chivite Lurralde Kohesiorako kontseilariaren kargu-uztea eskatu du. "Lurralde Kohesiorako Departamentuan sozialisten kudeaketaren gainean dagoen itzalaren" aurrean atentzioa eman du, "Gobernuko kideek babesten baitute, eta horiek, egiteagatik edo ez egiteagatik, erantzukizuna dute".

 

Daniel Lópezek (Contigo-Zurekin) deitoratu egin du UPNk ustelkeriaren inguruko interpelazioa ekartzea, "beste egoera batzuetan egin ez dutenean", PPri erreferentzia eginez. Azken bost urteetan 1.000 pertsona zigortu dituzte ustelkeriagatik, baina "100 baino gutxiago" sartu dituzte kartzelan. "Horren eta 96tik ustelkeria kasuei eman zaien indultu kopuruaren aurrean, benetan harritzen zaituzte bai legezko sistemarngan, bai klase politikoarengan jendeak konfiantza galdu izanak?", nabarmendu du.

 

Maite Nostik (Vox) aurpegiratu duenez, "denoi ahoa betetzen zaigu ustelkeriaren aurka borrokatzeko", baina "ustelkeriarekin jarraitzen dugu". Eta "Belateko tunelen obren esleipenean parte hartu duten guztiak deklaratzera joan daitezen" eskatu du.