Noiz argitaratua Ostirala, 2017.eko Ekainak 16

Txosten juridiko batek zehaztuko du Kontuen Ganberak UPNri ukatu dizkion zirriborroak eskatzea bidezkoa den

Ultzamako biometanizazio plantari buruzko Ikerketa Batzordeak erabaki du jasotako agiriak aztertzeari ekitea, hilaren 26an berriro bildu baino lehen

Ultzamako biometanizazio plantaren inguruko jarduketak legezkoak izan diren argitzeko eratutako Ikerketa Batzordea gaur eguerdian bildu da lanerako planaren diseinuan aurrera egiteko. Ildo horretan, dokumentazioa eskatzeko lehen epea amaituta, beste epe bat ireki da, hilaren 25era artekoa, jasotzen dena aztertzen joateko.

 

Ikerketa Batzordeak hilaren 8tik aurrera bideratu diren 62 informazio-eskaeren jasotze-egoera aztertu du bilera horretan, eta, horien bolumen eskerga ikusita, erabaki du ezinbestekoa dela jasotakoa aztertzen jarraitzea, eskatutakoarekin bat datorren ikusteko.

 

Parlamentariek onartu egin dituzte berandutzeari buruz Nafarroako Ogasunak emandako azalpenak, eta, inolako justifikazio edo komunikaziorik tartean izan gabe ere, uste dute berdintsu egon daitekeela Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioa ere; UPNren eskaera bat igorri zitzaion berari.

 

Gainera, aho batez onetsi da Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Eren eskaera bat, Levenger SL eta Bioenergía Ultzama SA enpresek 2008tik 2011ra bitartean igorritako eta kobratutako faktura guztiak bidaltzeko eskaera, hain zuzen.

 

Beste alde batetik, Kontuen Ganberaren erantzuna ikusirik –Fiskaltzari bidalitako azken txostenaren aurretiko dokumentu eta zirriborroak emateari uko egin dio eta eskaeraren arrazoiak lehenbailehen azaltzeko eskatu du–, UPNk birformulatu egin du bere informazio-eskaera eta 7 puntutan xehakatu du.

 

Bost puntu baiespenez onartu dira, eta azken biak, auditoreek lagungarri izan zituzten komunikazio eta paper-sortei buruzkoak, direla-eta, erabaki da txostena eskatzea Legebiltzarreko zerbitzu juridikoei, eskaera bidezkoa iruditzen zaien ala ez adieraz dezaten. Bien bitartean, txostena Batzordearen esku egon arte, mahai gainean gelditu dira bai fiskalizazio organoaren balizko agerraldia, bai ontzat emandako bost puntuetako eskaeren izapidetzea.

 

Maiorga Ramírez (EH Bildu talde parlamentarioa) buru duen Ikerketa Batzordeak hurrengo bilerarako eguna jarri du: ekainaren 26an (astelehena) eginen da, 12:00etan, atea itxita.

 

Parlamentuko Mahaiak iragan hilaren 22an onetsitako arauekin bat, Batzordeak ikergai izanen ditu “Iraizotzen (Ultzama) abereen mindetan oinarrituta elektrizitatea ekoizteko planta bat egiteko obra publikoaren eta horren geroko ustiaketa egiteko kontzesioaren prozedura, proiektu teknikoak, kontzesioa Bioenergía Ultzama SAri laga izana, zinegotzi batzuek enpresa horretan parte hartu izana bazkide gisa, jardueraren nondik norakoa eta plantaren itxiera, bai eta Nafarroako Gobernuko departamentuek diru-laguntzen bidez emandako funts publikoen erabilera eta xedea ere”.

 

Ikerketa batzordea bere eginkizunak amaitu arte ariko da lanean. Irailaren 30a baino lehen lana amaitu eta txostena eman beharko du, baina epe hori luzatu ahal izanen da.

 

Honako hauek daude Ikerketa Batzordean: Sergio Sayas, Juan Luis Sánchez de Muniáin (UPN talde parlamentarioa), Unai Hualde, Patxi Leuza (Geroa Bai talde parlamentarioa), Maiorga Ramírez, Adolfo Araiz (EH Bildu talde parlamentarioa), Rubén Velasco, Carlos Couso (Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioa), Guzmán Garmendia, Santos Cerdán (PSN talde parlamentarioa), Javier Garcia (PPNko foru parlamentarien elkartea) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkartea).