Noiz argitaratua Osteguna, 2019.eko Martxoak 28

Sodenaren jarduketei eta Gobernuak eta haren kideek horietan 2002tik izandako inplikazioari buruzko Ikerketa Batzordearen konklusioak onetsi dira

50 milioitik gorako galerak egiaztatu dira Iberdrolako espekulazio eragiketan, eta Antzinako Automobilen Museoa sortzeko ahaleginean izandako jardunbide ezegokiaren berri ematen da

Parlamentuko Osoko Bilkurak Sodenaren jarduketa eta Nafarroako Gobernuak eta haren kideek Iberdrolaren akzioen salerosketan (2004-14), huts egindako zenbait inbertsio finantzario zehazterakoan eta Davalor Salud SLri maileguak ematean izandako inplikazioa aztertzeko eratu zen Ikerketa Batzordearen konklusioen txostena onetsi du gaur. Bertan jaso dira PSNren gogoetak, batetik, eta Geroa Bai, EH Bildu eta I-Erenak, bestetik, Iberdrolari buruz eta Burgos familiari antzinako ibilgailu sorta erosteari buruz. UPN, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta PPNk aurka bozkatu dute.

 

Konklusioen agirian adierazten da, gainera, erabaki dela Fiskaltzari jakinaraztea nola Sánchez Galán Iberdrolako presidente eta kontseilukideak uko egin dion agertzeari, ustez Zigor Kodearen 502. artikulua urratu baitu eta ustez agiri bidezko lekukotza faltsua eman baitu, akzioak erosteko prozesuan parte hartu izana ukatuz. Geroa Bai, EH Bildu eta I-E dira azken ekarpen horren titularrak. Aurreko guztiek bezala horrek ere PSNren babesa jaso du. Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai taldeak horri bakarrik eman dio aldeko botoa.

 

UPNren konklusioak boto partikular gisa mantendu dira, eta baztertu egin dira Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bairen, PSNren eta I-Eren aurkako botoekin, PPNk alde bozkatu du. Baita Geroa Bairen, EH Bilduren eta I-Eren, eta PSNren gainerakoak ere, ez baitute babes gehiagorik eduki.

 

Zerbitzu Juridikoen bitartekotzaren beharra egon da, azkenean onetsi diren puntuak UPNk eta PPNk ez zituztelako konklusio-proposamenetatik banandu nahi, bereiz bozkatu ahal izateko.

 

Geroa Bai, EH Bildu eta I-Ek konklusioen txostenari egindako ekarpenak aipatzen du EHNn desinbertsioa egin zela Iberdrolaren % 1 erosi ahal izateko, eta hori “Foru Komunitatearen interesentzat guztiz negatiboa” izan zela. Haien iritziz, “ez Sodenako ez beste ezein erakunde publikotako teknikariek aldez aurretik txostenik egin gabe hartutako erabaki politikoa izan zen, prozeduraren urratze baldar bat”. “Erantzule politikotzat” jotzen dute “UPN-CDN koalizioaren Gobernua, Miguel Sanz eta Francisco Iribarren lehendakariordea buru direla”.

 

Burgos familiari antzinako ibilgailuen bilduma erosteko inbertsioari dagokionez, “jardunbide ezegokia” aipatzen dute, “gero justifikatu nahi izan zen erabaki pertsonal baten ondoriozkoa. Inbertsioa oinarri teknikorik gabe egin zen, eta ez zituen bete Sodenaren jarduketa-parametroak”. Ohartarazten dute, gainera, ezin izan dela jakin “non diren bi motozikleta”, eta erantzukizun politikoa egozten diete “Miguel Sanz Gobernuko lehendakariari eta Nuria Iturriagagoitia Industriako kontseilariari”.

 

Ildo beretik, konklusioen txostenerako bere ekarpenean PSNk Iberdrolaren eta Burgos familiari automobilak erostearen inguruko gertaerei erreparatzen die.

 

Iberdrolaren akzioen salerosketari dagokionez, zeinak “50 milioitik gorako galerak” eragin baitzituen, “espekulazio eragiketa bat” aipatzen da, “itzalgunez eta Gobernu batek sekula egin behar ez dituen jarduketez betea. Galerak munta handikoak izan ziren, gaur arte aitortutakoak baino askoz handiagoak”.

 

Eta Nafarroan Automobilaren Museoa sortzeko behar omen ziren antzinako ibilgailuen salerosketari buruz, “ez zen inolako txostenik egin, bideragarritasun azterketa a posteriori egin zen, eta 141.000 euro baino gehiago galdu ziren, baita bi motozikleta ere. Ezin kalkulatu ahalako arduragabekeria dosiak egon ziren”.

 

Konklusioetan hiru boto partikular jaso dira, hurrenez hurren UPNk, PSNk eta Geroa Bai, EH Bildu eta I-Ek sinatuak, ikuspuntu kontrajarriak azaltzen dituztenak Parlamentuan egindako jarduketen xedeari eta edukiari buruz. Erregionalistek eta sozialistek Ayerdi kontseilariari leporatzen diote mugak gainditzea prozedura- eta betearazpen-gaietan (Davalor). Gobernuari eusten dioten lau taldeetatik hiruk ez dute irregulartasunik sumatzen lehendakari ekonomikoaren jokabidean, eta lehenagoko eragiketetara hedatzen dute berrikuspena; zehazki, Aertusa-Noi eta Estudios de Ingeniería Adaptada (EINA) enpresekiko eragiketetara.

 

UPNk eskatuta jaso den boto partikularrak dioenez, Sodena sozietate publikoak “badauka prozedura bat ezarrita, enpresa-proiektu jakinetarako abal, mailegu edo inbertsioak onesteari buruzko erabakiak hartzeko”. Hortik aurrera, boto partikularrak “gaur egun likidazio prozesuan” dagoen Davalor Salud enpresari emandako maileguari ekiten dio.

 

Hori dela eta, azpimarratu egiten da Nafarroako Gobernuko lehendakari ekonomikoak nahita saihestu zuela “Sodenako arduradunei jakinaraztea Davalor Salud enpresari milioi bateko mailegua emateko asmotan zela”. Are gehiago, “Ayerdik bazekien ez zuela mailegu hori eman behar, zeren 2015eko irailean jada enpresa kaudimenik gabe zegoen eta ezin zuen laguntza publikorik eskuratu, Gizarte Segurantzarekiko eta Foru Ogasunarekiko zor metatuak zituelako. Europako araudiaren arabera, mailegu horrek legez kanpoko estatu-laguntzaren ezaugarriak ditu”.

 

UPNk, azkenik, “Sodenaren prozedurei eta irizpide teknikoei itzuri egiteko irregulartasun eta azpijoko sorta bat” egozten dio Ayerdiri. “Bere burua errugabetzeko erabili duen argudio bakarra Sodenaren beste jarduketa batzuk espurgatzea izan da, Davalorrenaren antzeko egoerak aurkitzeko”.

 

Horregatik guztiagatik, bere txostenean azaldutako “egitate eta konklusioak frogatzen dituzten dokumentuak eta lekukotasunak Fiskaltzari igortzeko” eskatzen du talde erregionalistak.

 

Geroa Bai, EH Bildu eta I-Ek eskatuta jaso den boto partikularrak Davalor Salud, Aertusa-Noi eta Estudios de Ingeniería Adaptada (EINA) enpresei lotutako Sodenaren jarduketa aipatzen du lehenik, “Komunitatearentzat estrategikoak eta interesekoak diren sektoreetan (automobilgintza, haize-energia eta I+G+B) huts egindako hiru eragiketa, aurreikusitako prozedurei lotu zitzaizkienak eta legezkontrakotasun arrastorik gabekoak”.

 

Geroa Bai, EH Bildu eta I-Eren boto partikularrak, azkenik, Parquenasa (Sendaviva) enpresan egindako inbertsioari erreparatuta honako hau dio: “aurreikuspen eta planifikazio akats sekulako batzuek Sodenaren aurreikuspenen porrot izugarria ekarri zuten, eta geroztik hark bakarrik eusten dio finantzarioki jarduera horri”.

 

Hala, erantzukizun politikoak egozten dizkie UPNren eta UPN-CDNren gobernuei (hurrenez hurren, 1999-2003 eta 2003-2007), “fiskalizazioan eta analisian egindako prozedura-akatsak” leporatuz lehenbizikoari eta “interes publikoa ez defendatzea” bigarrenari, eta ondoren kontu hartzen dio oraingo Gobernuari ere, “enpresaren akzioetako partaidetza ez berrikusteagatik eta bazkideen itun osagarria indarrik gabe ez uzteagatik”.

 

Hori guztia dela eta, Nafarroako Gobernuari eta Sodenari eskatzen diete “berrikus dezatela Parquenasan duten % 45eko partaidetza aldatu gabea, eta erreboka dezatela akziodunen itun osagarria, non akziodunentzako trataera lehentasunezkoak eta esklusiboak aurreikusten baitira”.

 

PSNk eskatuta jaso den boto partikularrak, berriz, Davalor enpresak hartutako “norabide ulertezina” aipatzen du, zeinak, “Nafarroako Parlamentuak eta Garapen Ekonomikorako Departamentuak behin eta berriz emandako abisuak” gorabehera, azkenean eraman baitzuen “hurrenez hurreneko jesapenak ematera, 2,6 milioi eurora iritsi arte”.

 

Esparru horretan, prozedura “ezohikoa, itsumustukoa eta, interes bereziren bat tartean izan ezean, ulertzen zaila” aipatzen da. “Datuak eduki arren, ez Ayerdi lehendakariordeak ez Sodenako Administrazio Kontseiluak ez zuten ikusi nahi izan Davalor aspalditik kaudimenik gabe zegoela milioi bateko mailegua eman zitzaion egunean”.

 

Hori esan ondoren, “bai UPNk bai Geroa Baik Sodena nahierara” erabili dutela ziurtatzen du talde sozialistak.

 

Ikerketa Batzordea 2018ko urriaren 30ean sortu zen, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu-Orain Bai eta I-E taldeen ekimenez, eta xede izan du “Sodena enpresa publikoak Iberdrolako akzioak salerosteko eragiketan (2005-2014) izandako prozedura eta haren emaitza aztertzea”.

 

Halaber, Sodenaren jarduera ikertu da “Kontuen Ganberak aztertutako zenbait proiektu hutseginetan egindako finantza-inbertsioak (2002-2013) direla eta, bai eta jarduera hori sozietate publiko horren eginkizunera egokitzen den ere”.

 

Bestalde, Sodenak Davalor Salud SL enpresari “zenbait mailegu emateko erabilitako prozedura” ikertu da.

 

Azkenik, eta, era berean, Parlamentuko Mahaiak 2018ko urriaren 15ean onetsitako arauei jarraituz, “Nafarroako Gobernuak eta haren kideek eragiketa horietan izandako inplikazioa” aztertu da.

 

Bere lanetan zehar Ikerketa Batzordeak hainbat entitate, aditu eta goi kargudunen balorazioak eta proposamenak jaso ditu. Ia bost hilabete eman ditu lanean, eta bitarte horretan bilkura asko egin ditu, lehenengoa 2018ko urriaren 31n eta azkena gaur bertan.

 

Osoko Bilkurak onetsitako ondorioak ez dira lotesleak izanen auzitegientzat, eta ez dute eraginik izanen ebazpen judizialetan. Parlamentuko Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira eta Foru Diputazioari jakinaraziko zaizkio. Horrez gain, Parlamentuko Mahaiak Fiskaltzari helarazi ahalko dizkio, dagozkien akzioak egikaritzeko, bidezkoa bada.

 

Ikerketa batzordeak azkendu egiten dira eskatu zaien lana amaitzen dutenean eta, betiere, legegintzaldia amaitzean.