Noiz argitaratua Ostirala, 2018.eko Uztaila 20

Parlamentuko Lehendakaria Euskaltzaindiaren Mendeurreneko Ohorezko Patronatuaren eraketan izan da

Hogeita bat erakundek parte hartu dute gaur patronatuaren eraketan, Bizkaiko Foru Aldundiaren Bilboko egoitzan ospatu den ekitaldian. Tartean, Nafarroako Parlamentua.

 

Ainhoa Aznárez Igarzak Euskaltzaindiak 100 urte hauetan zehar burututako lana goretsi du, "horri esker euskarak bizirik jarraitzen baitu eta gizartearentzat erabilgarria baita sinesmenak, lurraldeak eta ideologiak alde batera utziz. Euskaltzaindiaren lanak erakundeon laguntza eta babesa merezi du".

Ainhoa Aznarez Igarzak, Nafarroako Parlamentuko Lehendakariak, Euskaltzaindiaren Mendeurreneko Ohorezko Patronatuaren eraketan parte hartu du gaur, bertako ohorezko kide gisa. Bizkaiko Foru Aldundiaren Bilboko egoitzan ospatu da ekitaldia, eta hogeita bat erakunde izan dira bertan, euskararen lurralde desberdinetako garrantzitsuenak, hain zuzen.

 

Ekitaldian hitza hartu dute Iñigo Urkulluk, Eusko Jaurlaritzako Lehendakariak; Ana Ollok, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilariak; Beñat Arrabitek, Euskararen Elkargoko lehendakariordeak; Unai Rementeria Bizkaiko ahaldun nagusiak; Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak; eta Andres Urrutia euskaltzainburuak.

 

“Gaur berresten dugula duela ehun urte lau Foru Aldundiek euskal gizarte zibilaren izenean eman ziguten zeregina, eta harago eramaten dugu konpromisoa, ordurik hona Euskal Herrian izan diren errealitate berriei aitortza eginez eta euskal gizarteko eragileei gure elkarlana eskainiz, euskara eta euskal kulturaren mesedetan”, adierazi du gaur Andres Urrutia euskaltzainburuak.

 

Nafarroako Parlamentuko Lehendakariak, Ainhoa Aznarez Igarzak, 100 urte hauetan zehar burututako lan goresgarriagatik esker ona adierazi dio Euskaltzaindiari. “Hizkuntza bateratzeak etorkizuna bermatu dio euskarari, eta lan bikain horren zati handi bat Euskaltzaindiari zor diogu, lurralde desberdinetako ideia eta izaera desberdinak gainditzen jakin baitu eta gure hizkuntza erakundetzeko gaitasuna izan duelako. Bere sorreraz geroztik 100 urte igaro diren honetan, euskararen biziraupena izan da emaitza, gizartearentzat eraginkorra izan da bere jarduna eta lana, sinesmen, ideologia eta lurraldeak alde batera utziz”. Aurtengo maiatzaren 14an, Foru Legebiltzarrak Euskaltzaindiarekin hitzarmena berretsi zuenean aipatu bezala, Aznarezek berretsi du “Euskaltzaindiaren lanak erakundeon laguntza eta babesa merezi duela. Herritar guztiok dauzkagun hizkuntzagatiko diskriminazio eza bezalako oinarrizko eskubideak defendatzea da gure zeregina”.

 

Zentzu honetan, lehendakariak adierazi du Nafarroako Parlamentuak “hizkuntza gutxituen erabiltzaileen eskubideen babesarekiko konpromiso irmoa duela –zehazki, euskaldunen eskubideekin. Mendeetan zehar gure arbasoek gizarte desberdinak garatzeko erabili duten hizkuntza izan da euskara, eta gorabehera historiko desberdinak direla eta diskriminatua izan da, aspaldi konpondu nahi dugu egoera hau”, adierazi du.

 

Lehendakariak ere aipatu nahi izan du erakundearen sorreratik 100 urte pasa direla eta orain arte zazpi gizon izan direla buru, “hausnarketa hau zabaldu beharko litzateke hurrengo lehendakaria emakumea izan dadin”, azpimarratu du.

 

Ehun urteko historia

 

Euskaltzaindia sortzeko prozesua 1918ko urtarrilean abiatu zen, zehatz-mehatz urtarrilaren 12an, Ramon de la Sotaren taldeko Koxme Elgezabal eta Felix Landaburu Bizkaiko Aldundiaren ahaldun abertzaleek Euskararen Akademia -izen hor jarri zioten hastapenetan- bat sortzeko proposamena aurkeztu zutenean, Aldundiaren Osoko bilkuran eztabaidatua izan zedin; proposamena euskaraz aurkeztu zuten eta bertan argi azaltzen zuten euskararen etorkizunerako behar-beharrezkoa zela erakunde bat sortzea. Gaurko ekitaldian gertaera hura gogorarazi dute.

 

Euskaltzaindiak bere mendeurrenaren ospakizunak 2018ko urrian hasi eta 2019ko urrira arte iraungo du, eta aurreikusitako ekitaldi instituzionalen artean bi izanen dira azpimarragarrienak: gaurkoa alde batetik, Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzan; eta bestetik, 2019ko urrirako aurreikusten den gaurkoaren antzeko ekitaldi bat, Mendeurrenaren ospakizuna itxiko duena eta Gipuzkoako Foru Alduniaren Egoitza Nagusian ospatuko dena.

 

Ohorezko Patronatua osatzen duten erakundeen zerrenda:

 

Eusko Legebiltzarra.

Eusko Jaurlaritza.

Nafarroako Parlamentua.

Nafarroako Gobernua.

Euskal Hirigune Elkargoa.

Espainiako Gobernua.

Arabako Foru Aldundia.

Bizkaiko Foru Aldundia.

Gipuzkoako Foru Aldundia.

Euskadiko Udalen Elkartea (Eudel)

Nafarroako Udal Kontzejuen Federazioa (NUKF)

Baionako Herriko Etxea.

Bilboko Udala.

Donibane Garaziko Herriko Etxea.

Donostiako Udala.

Gasteizko Udala.

Iruñeko Udala.

Mauleko Herriko Etxea.

Galiziako Errege Akademia.

Ikerketa Katalanen Institutua (Institut d'Estudis Catalans).

Espainiako Errege Akademia