Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Azaroak 9

Parlamentuak Nafarroako Gobernuari eskatu dio STEM ikasketak susta ditzala, unibertsitateekin eta Lanbide Heziketako ikastetxeekin lankidetzan

Tituludunen gabezia zuzendu nahi da, eta merkatuari behar duen talentua eman Komunitateko enpresa-ehundura IKT garapen ekonomikoari egokitzeko

Parlamentuak, gaurko osoko bilkuran aho batez onetsi duen ebazpen batean, Nafarroako Gobernua premiatzen du “azterlan bat presta dezan, unibertsitateekin eta Lanbide Heziketako ikastetxeekin koordinatuta, jakiteko Nafarroan zertan diren STEM ikasketak (Zientziak, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika), azken hamar urteon izan duten garapenari begiratuz”.

 

Onetsitako ebazpenaren bigarren puntuak —Geroa Baik zuzendua— Foru Gobernua premiatzen du “sakonki azter dezan, aurreko ikastetxeekin, enpresaburuekin, lanbide-elkargoekin, langileekin eta sindikatuekin batera, STEM profilek datozen hamar urteotan izanen duten eskaeraren proiekzioa, bai eta eskaerari barneko erantzuna emate aldera hartu beharreko neurriak ere, konklusioak txertatuz Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean, ikasgai horiek hurbilago eta eskuragarriago bihurtzeko”.

 

Bestalde, jada hirugarren atalean, Nafarroako Gobernuari eskatzen zaio “Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planean sar dezala pertsonen hezkuntzako etapa guztietan barrenako ibilaldi bat —0 urtetik hasi eta master, doktoretza edo ikerketaraino—, STEM errealitatea hezkuntzako arlo guztietara hurbiltzeko, arlo horiek hurbilagoak eta eskuragarriagoak izan daitezen”.

 

Azkenik, hau eskatzen zaio Foru Gobernuari: “berariazko plan bat sortzea emakumezkoendako STEM profilen prestaketa sustatzeko, arlo horietako graduak eta Lanbide Heziketa ikasten ari diren emakumeendako bekak sartuta; halaber, beraiendako campus teknologikoak sortzea, zeinetan indartuko den kasu arrakastatsuen ikusgaitasuna”. Azken atal horren bozketan EH Bildu abstenitu egin da, eta I-Ek aurka bozkatu du. UPN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta PPNk aldeko botoari eutsi diote.

 

PSN talde parlamentarioak bultzatutako ebazpen horren zioen azalpenean “merkatuari behar duen talentua eskaintzeko” eskatzen da, “Nafarroako enpresa-ehundura IKT garapen ekonomikoari egokitu ahal izateko”. Horretarako, “ekonomia gero eta baldintzatuago baitago 4.0 industriara eta ekonomia berriko beste era batzuetara”, beharrezkotzat jotzen da STEM ikasketak sustatzea.

 

“Bereziki larria” da emakumezkoen profilen egoera, % 29 baino ez direlako hirugarren mailako ikasketak STEM bidetik hasten dituzten ikasleen artean, nahiz eta emakumeak gehiengoa izan unibertsitateetan, oro har (matrikulen % 54).