Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Azaroak 9

Parlamentuak Nafarroako Gobernua premiatzen du hiru hilabeteko epean txikizkako merkataritzari laguntzeko plan bat egin dezan

Baztertu egin du Gobernuari eskatzea elkarrizketak izan ditzala Iruñeko Udalarekin, trafikoaren antolaketa berria “geldiarazi eta, kasua bada, lehengoratzeko”

Parlamentuak, gaurko osoko bilkuran UPN, Geroa Bai, EH Bildu, PSN, PPN eta I-E taldeen baiezko botoekin eta Podemos-Ahal Duguren aurkako botoarekin onetsi duen ebazpen batean, Nafarroako Gobernua premiatzen du “hiru hilabeteko epean txikizkako merkataritzari laguntzeko plan bat egin dezan”.

 

Baztertu egin da bigarren puntu bat, Foru Gobernua premiatzen zuena “elkarrizketak izan ditzan Iruñeko Udalarekin, txikizkako merkataritzaren beharrizanei eta proposamenei erantzute aldera eta lehengoratuz, kasua bada, Iruñeko Alde Zaharrean eta I. Zabalgunean eta Pio XII.aren etorbidean trafikoa aldatzeko hartu diren neurriak”. UPNren, PSNren eta PPNren babesa ez da aski izan, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek aurka bozkatu baitute.

 

UPN talde parlamentarioak bultzatutako ebazpen horren zioen azalpenean, txikizkako merkataritzak “hiriak, herriak eta auzoak suspertzeko” egiten duen ekarpena nabarmentzen da, eta Iruñeko Udala I. zabalgunean eta Pio XII.aren etorbidean sustatzen ari den bezalako neurriek “merkataritza horri kalte nabarmena” egiten diotela ohartarazten da.

 

Testuinguru horretan, gogorarazten da Nafarroako Parlamentuak bere interesa adierazi duela gure erkidegoan txikizkako merkataritza sustatu eta laguntze aldera, “lanpostuak sortu eta lurraldea kohesionatzen duelako”.