Noiz argitaratua Astelehena, 2021.eko Irailak 27

Parlamentuak azaroaren 4 eta 5ean eginen du Foru Komunitatearen egoerari buruzko eztabaida

Gobernuaren jarduna pandemia garaian, berreskuratze-tresnak eta elkarrizketa sozial eta politikoaren balioa aztertuko dira, baita bizikidetzaren eta autogobernuaren ikuspegitik ere

Nafarroako Parlamentuak azaroaren 4 eta 5 artean eginen du Foru Komunitatearen egoerari buruzko politika orokorreko eztabaida.

 

Mahaiak eta Eledunen Batzarrak gaur onetsi dituzten arauekin bat, eztabaida azaroaren 4an hasiko da –osteguna–, 09:15ean hasita, Gobernuko lehendakariaren azalpenarekin. Ondoren, ordu erdiko etena eginen da.

 

Etenaren ondotik, talde parlamentarioen eta foru parlamentarioen elkarteen eledunek hartuko dute hitza –gehienez ere, 30 minutu–, handitik txikira, lehendabizi oposizioko alderdiek –Navarra Suma eta EH Bildu– eta ondoren Gobernuari babesa ematen diotenek –PSN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta, azkenik, I-E–.

 

Hitzaldiak bukatutakoan, Gobernuko lehendakariak horiei erantzuna emanen die, proposamen bakoitzaren ondoren edo denek amaitzen dutenean. Jarraian, ihardespen-txanda irekiko da –gehienez ere, 10 minutu–, eta Gobernuko lehendakari María Chiviteren ihardespenarekin bukatuko da.

 

Eztabaida bukatzen denean, 15 minutuko epea irekiko da, talde parlamentarioek eta foru parlamentarien elkarteek Mahaiari gehienez ere 5 erabaki proposamen aurkeztu ahal izateko.

 

Erkidegoaren egoerari buruzko eztabaidak ostiralean –azaroaren 5ean– jarraituko du, 09:15ean hasita, Mahaiak onartutako proposamenen eztabaidarekin. Erabaki proposamenen eztabaidaren ordena bezperako berbera izanen da –hau da, handitik txikira–; lehendabizi oposizioko taldeak eta ondoren Gobernuari babesa ematen diotenak.

 

Talde bakoitzak bere proposamenak batera defendatuko ditu; gehienez ere, 10 minutu. Jarraian, aldeko eta aurkako txandak abiaraziko dira, bai eta ihardespen-txanda bat ere (biak ala biak, 5 minutukoak), zeinetan taldeek eta foru parlamentarien elkarteek eztabaidako hurrenkera bera gordeko baitute.

 

Eztabaida bukatutakoan, banaka bozkatuko dira talde bakoitzak aurkeztutako erabaki proposamenak.

 

Nafarroako Parlamentuko Erregelamenduko 200.1 artikuluak ezartzen duenez, legegintza-urtearen lehendabiziko bilkuraldiaren hasieran, salbu eta Gobernuko lehendakariaren inbestidura eztabaida egin izan denean edo bilkuraldi horretan hauteskundeak egin behar direnean, Osoko Bilkura berezia eginen da Komunitatearen egoerari buruzko politika orokorreko eztabaida bat egiteko.

 

Manu horrek orobat ezartzen du eztabaidarako deialdia egin aurretik, irailaren lehenbiziko hamabost egun baliodunen barrenean, Nafarroako Gobernuak Parlamentuari igorri ahalko diola horri buruzko komunikazio bat.

 

Bidalitako komunikazioan adierazten denez, Gobernuko lehendakariak bere hasierako hitzartzean pandemiak iraun duen bitartean Gobernuak egindako lanaren errepasoa egingo du hasieran, "zerbitzu publikoen hobekuntzan eta berrikuntzan, digitalizazioan, kohesioan eta jasangarritasunean oinarritutako garapen sozial eta ekonomikoaren eredu berri baten sustapenean zentratutako garaia” izan baita, PSN, Geroa Bai, Podemos-Ahal Dugu eta I-E alderdiek sinatutako akordioan jasotzen den bezala.

 

Etorkizunera begira, Maria Chivitek Nafarroa Suspertu Plana, Europako funtsak eta Enplegu Plana balioetsiko ditu, "elkarrizketa politiko eta sozialetik abiatuta eta urtearen amaierari baikortasun zuhur batetik aurre egitea ahalbidetzen duten adierazle ekonomiko eta sozial batzuen babesean susperraldiaren bidea markatzeko tresna baliagarriak diren aldetik".

 

Bestalde, Navarra Suma eta EH Bildu talde parlamentarioek Gobernuaren erantzuna epaituko dute eta, bakoitzak bere ikuspegitik, hurrengo ekitaldiko gakoak eta lehentasunak azalduko dituzte.