Noiz argitaratua Astelehena, 2021.eko Martxoak 22

Parlamentuak Arraza Bereizkeriaren Ezabaketari buruzko Nazioarteko Egunarekin bat egiten du eta arrazakeria eta xenofobia jarrera guztiak gaitzesten ditu

Mahaiak eta Eledunen Batzarrak onetsia. 2021eko martxoaren 22an

Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, martxoaren 21ean izan den Arraza Bereizkeriaren Ezabaketari buruzko Nazioarteko Eguna dela-eta.

 

Onetsitako adierazpen instituzionalak honako hau dio:

 

“Arraza Bereizkeriaren Ezabaketari buruzko Nazioarteko Egunaren karietara, zeina pasa den martxoaren 21ean ospatu baitzen, Nafarroako Parlamentuak adierazten du gure lurraldean gerta daitekeen arrazakeria eta xenofobia adierazpen oro, partikularra, publikoa nahiz instituzionala, arbuiatzen duela eta, halaber, konpromiso sendoa duela gizarteko estamentu guztietatik jatorri, kultura edo etnia arrazoiengatiko bazterkeria oro desagerrarazteko.

 

Nazio Batuen Batzar Nagusiak egun hori aldarrikatu zuen 1960ko egun horretan Sharpevillen (Hegoafrika) izandako 69 pertsonaren erailketa gogoratzeko, polizia tiroka hasi zenean apartheida salatzeko modu baketsuan protestan ari ziren pertsonen aurka.

 

Gaur egun, zorionez, ez dugu halako egoerarik bizi gure inguruan, baina, hala ere, kezkaz entzuten ditugu zenbait adierazpen gorrotozko eta aporofobiko, azkenean aurreiritzi arrazista eta xenofoboen hedapena ekartzen dutenak.

 

Edonola ere, Nafarroa diskurtso horiek aurkakoa da nagusiki, bai eta pertsonak beren jatorria, kultura edo etniagatik diskriminatzearen aurkakoa ere.

 

Nafarroako Parlamentuak sinesten du hezkuntzak eta informazioak sentsibilizaziorako eta bizikidetzarako tresna gisa duten ahalmenean. Sinesten dugu besteak ezagutzea dela elkarrekin bizitzeko oinarria. Tolerantziaren printzipio etiko unibertsalean oinarritutako bizikidetza aldezten dugu, eta hori gauzatzen da errespetuan, onespenean eta gure munduko aniztasunaren preziatzean. Tolerantzia da lehentasuna ematea pertsonaren balioari, bere duintasunari eta bere eskubideei, bai eta aintzat hartzea pertsonaren iritziak, sinesmenak edo kultura, haiek konpartitu gabe ere. Sinesten dugu sentsibilizatzeko eta informatzeko beharrean, gizarte inklusibo eta konprometituago bat lortzeko beste pandemia bat diren arrazakeria eta xenofobiaren aurka.

 

Nafarroako Parlamentuak giza eskubideak aldezten ditu ororen gainetik. Eta giza eskubideen adierazpen bat da kulturen arteko bizikidetza, gure herritarren aniztasuna errespetatu eta balioan jartzen duena. Duela urtebete esaten genuen moduan, Nafarroa askotariko, anitz eta tolerante bat, hala izateaz harro dagoena, aldezten dugu. Nafarroa inklusibo batean sinesten dugu, non pertsona guztiek, beren jatorria edo azalaren kolorea edozein dela ere, Nafarroa hobeago baten alde lan egiten duten. Munduari irekita dagoen Nafarroa bat, non denok berdinak garen eta komunitatean bizitzeko proiektu baten ezinbesteko osagai garen: izan ere, ezin liteke bestela izan, bizi garen mundu globalizatuan.

 

Konpromiso hori ez da urteko egun bakarrera mugatzen; aldiz, urteko 365 egunetarako konpromisoa da. Eguneroko arrazakeria eta xenofobia arazoen konponbidearen zati izan nahi dugu, arazo horien adierazpide ororen aurka, eta, halaber, harrera eta bizikidetzarako lurraldea izanen den Nafarroa eraiki nahi dugu”.