Noiz argitaratua Osteguna, 2017.eko Urriak 19

Parlamentuak arbuiatu egiten ditu atxiloketak, AlD errefusatzen du eta Kataluniako arazoarentzako irtenbide politikoa eskatzen du

Bi adierazpen instituzional onetsi ditu eta Osoko Bilkura hasi aurretik bost minutuko elkarretaratze isila egin du Legebiltzarraren egoitzaren atarian

Nafarroako Parlamentuko Mahaiak eta Eledunen Batzarrak bilkura berezi bat egin dute gaur, osteguna, eta hartan bi adierazpen instituzional onetsi dituzte, UPNk eta PSNk aurka bozkaturik (PPN ez da egon); bata, Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu taldeek aurkeztua, eta bestea PSNk aurkeztua. I-Ek adierazpen instituzional baterako aurkezturiko proposamen batek ez du aurrera egin, UPNk eta PSNk aurka bozkaturik (PPN ez da egon) eta Geroa Bai absteniturik.

 

Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Duguren ekimenez onetsitako adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak bere kezka eta arbuioa adierazten ditu ANCko lehendakari Jordi Sánchez eta Ómnium Culturaleko lehendakari Jordi Cuixart espetxeratu dituztelako, eta bere babesa eta elkartasuna helarazten dizkie.

 

2. Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gobernua eta Estatuko botereak premiatzen ditu beren errepresio-estrategia albo batera utz dezaten eta elkarrizketaren nahiz errespetuaren bidea jorra dezaten – Kataluniako erakunde sozialen eta instituzioen ordezkarien eskubide zibil eta politikoekikoa– , egoera hau bideratzeko.

 

3. Nafarroako Parlamentuak erabaki du bost minutuko elkarretaratze bat egitea gaur, urriak 19 –osteguna–, 09:25ean, Katalunian gertatzen ari den salbuespen demokratikoko egoera salatzeko, askatasunarekiko, demokraziarekiko eta eskubide zibil eta politikoekiko konpromisoa eta elkarrizketan oinarritutako irtenbide baten aldeko eta elkarrizketaren eta negoziazioaren aldeko apustua adierazte aldera, horiexek baitira gatazka politikoak ebazteko bide bakarrak”.

 

Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezquerrak alde bozkatu dute; UPNk eta PSNk, aurka (PPN ez da egon).

 

PSNren ekimenez onetsitako adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak Aldebakarreko Independentzia Deklarazio (AID) oro errefusatzen du”.

 

UPNk, PSNk, PPNk (bozketan parte hartu du) eta I-Ek emandako aldeko botoekin onetsi da, eta Geroa Baik, EH Bilduk eta Podemos-Ahal Duguk aurkako botoa emanik.

 

Adierazpen-proposamenak beste hiru puntu biltzen zituen, baina baztertu egin dira. Honakoa zioten:

 

“2. Nafarroako Parlamentuak adierazten du Konstituzioaren erreforma batekin burutuko den prozesu bat abiaraztearen alde dagoela, Espainian lurralde-elkarbizitzaren esparrua eguneratu eta modernizatuko eta eskubide sozialak blindatuko dituena.

 

3. Nafarroako Parlamentuak Konstituzioan jasotzen den botere-banaketarekiko errespetua agertzen du, zeinak berarekin baitakar epaileen ekintzekiko errespetua.

 

4. Nafarroako Parlamentuak apustu egiten du legezkotasunaren bidearen alde, edozein arazo politikoren erantzun izan behar duen elkarrizketa politikoaren oinarria izan dadin.

 

Geroa Bai, EH Bildu eta Podemos-Ahal Duguk kontra bozkatu dute; baita I-Ek ere, salbu eta 3. puntuari dagokionez, horretan abstenitu egin baita. UPN, PSN eta PPNk aldeztu egin dituzte bertan behera geratu diren hiru puntuak.

 

Izquierda-Ezkerraren adierazpen-proposamen baztertuak honakoa zioen:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak bere kezka eta arbuioa adierazten ditu ANCko lehendakari Jordi Sánchez eta Ómnium Culturaleko lehendakari Jordi Cuixart espetxeratu dituztela-eta.

 

2. Nafarroako Parlamentuaren ustez, ez Konstituzioaren 155. artikuluaren aplikazioak ez Justiziaren eta Estatuko segurtasun kidego eta indarren jardunak ezin dute berez konpondu Katalunian dagoen gatazka politikoa.

 

3. Nafarroako Parlamentuak dio Katalunian dagoen gatazka politikoak konponbide politiko eta demokratikoa izanen duela, erreferendum itundu eta bermedun baten bidez erabakitzeko eskubidea gauzatzean.

 

4. Nafarroako Parlamentuak erabaki du bost minutuko elkarretaratze bat egitea gaur, urriaren 19an –osteguna–, 09:25ean, Katalunian bizi den salbuespen demokratikoko egoera salatzeko eta irtenbide politiko eta elkarrizketatu bat eskatzeko”.

 

Adierazpen hau bertan behera geratu da, UPN eta PSN, emandako kontrako botoekin (PPN ez da egon), eta Geroa Bai absteniturik. Podemos Ahal Duguk aldeko botoa eman du, eta EH Bilduk ere bai, salbu eta 3. puntuan, zeinean abstenitu egin baita.