Noiz argitaratua Astelehena, 2018.eko Martxoak 26

Parlamentuak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez bere kezka agertzen baitu Argentinan nahiz Txilen maputxeen herriaren aurka darabilten errepresio-politika dela eta

Mahaiaren eta Eledunen Batzarrean onetsia. 2018ko martxoaren 26an

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional bat onetsi du, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak bere kezka agertzen baitu Argentinan nahiz Txilen maputxeen herriaren aurka darabilten errepresio-politika dela eta. Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aurkeztu dute.

 

Geroa Bai, EH Bildu Nafarroa eta Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioek eta Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkarteak aldeko botoa eman dute; UPNk, PSNk eta PPNk, berriz, aurkakoa.

 

Adierazpenak honako hau dio:

 

“1. Nafarroako Parlamentuak bere kezka adierazten du Argentinan nahiz Txilen maputxeen herriaren aurka darabilten errepresio-politika dela eta.

 

2. Nafarroako Parlamentuak Espainiako Gobernua premiatzen du Argentina nahiz Txileko gobernuei eska diezaien maputxeek jasaten duten errepresioaren eta giza eskubideen urraketen bidea alde batera uzteko, bide horiek egunero aplikatzen baitira lurraldearen militarizazioaren bidez.

 

3. Nafarroako Parlamentuak maputxeen lurraldean gertatzen ari den salbuespen demokratikoko egoera salatzen du

 

4. Nafarroako Parlamentuak bat egiten du estatuko segurtasun indarren esku gertaturiko indarkeriazko hilketak argitzeko eskariarekin –Santiago Maldonado eta Rafael Nahuelenak argentinar administraziopean eta Macarena Valdés, Luis Marlleo eta Patricio Gonzálezenak txiletar administraziopean–, guztiak 2017an gertatuak.

 

5. Nafarroako Parlamentuak adierazten du maputxeen antzinako lurraldearen autodeterminazio-eskaria onartzearen alde dagoela, Argentinak eta Txilek kendu egin baitzieten.

 

6. Nafarroako Parlamentuak adierazten du maputxeen lurraldea eta dermioa haren ekosistema mehatxatzen duen basogintza-eredutik eta gainerako erauzte-proiektuetatik babestearen alde dagoela.

 

7. Nafarroako Parlamentuak arbuiatzen du maputxeen lurraldeko biztanleen kriminalizazio oro, kriminalizazio horren oinarria neokolonialista, arrazista eta patriarkala baita eta etengabeko salbuespen egoera babesten baitu, eta hori bateraezina da jatorrizko herriek duten bizitzarako, lurralderako eta kulturarako eskubidearekin”.