Noiz argitaratua Astelehena, 2021.eko Martxoak 8

Ostegun honetan, M-11, Terrorismoaren Biktimen Europako Egunarekin Nafarroako Parlamentuak bat egiteko bi adierazpen instituzional baztertu dira

Unai Hualde Parlamentuko lehendakariak aurkeztutako testuaren aurka egin du Navarra Sumak, eta Geroa Baik eta EH Bilduk Navarra Sumak aurkeztutako adierazpena errefusatu dute

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional baterako proposamena errefusatu du. Proposamenaren bidez, Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Terrorismoaren Biktimen Europako Egunaren oroitzarekin. Lehendakaritzak aurkeztu du.

 

Navarra Sumak aurka bozkatu du; PSNk, Geroa Baik, EH Bilduk, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak, berriz, alde.

 

Adierazpen instituzionalerako proposamen errefusatuak honako hau zioen:

 

“Nafarroako Parlamentuak honako hau erabaki du:

 

- Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Terrorismoaren Biktimen Europako Egunaren oroitzarekin, haiekiko guztiekiko oroitzapena, aintzatespena eta solidaritatea adieraziz.

 

- Nafarroako Parlamentuak erabaki du arlo guztietan sustatzea giza eskubideen kultura, demokrazia eta elkarbizitza, bai eta bultzada ematea ere duintasunaren, memoriaren, enpatiaren eta biktimekiko hurbiltasunaren aldeko politikei.

 

- Nafarroako Parlamentuak, Nafarroako Gobernuarekin batera, datorren ostegunean, martxoak 11, omentze-ekitaldi bat eginen du, 12:00etan, Baluarteko plazan, terrorismoaren biktimen oroitzapenetan.

 

- Eledunen Batzarrak adierazpen instituzional baterako proposamena errefusatu du. Proposamenaren bidez, Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Terrorismoaren Biktimen Europako Egunaren oroitzarekin. Navarra Sumak aurkeztu du.

 

Geroa Baik eta EH Bilduk aurka bozkatu dute; Navarra Sumak, PSNk, Podemos-Ahal Duguk eta Izquierda-Ezkerrak, berriz, alde.

 

Adierazpen instituzionalerako proposamen errefusatuak honako hau zioen:

 

“Nafarroako Parlamentuak honako hau erabaki du:

 

- Nafarroako Parlamentuak bat egiten du Terrorismoaren Biktimen aldeko Europako Egunarekin, oroitzapen berezia eskainiz 11Mko biktimei eta gure komunitatean hainbesteko samina eragin duen organizazio terrorista izandako ETAren biktimei.

 

- Nafarroako Parlamentuak erabaki du arlo guztietan eta, batez ere, hezkuntzarenean, sustapen-lana egitea giza eskubideen, demokraziaren eta elkarbizitzaren kulturaren alde, terrorismoaren biktimen lekukotasunak, bizipenak eta hausnarketak dokumentatuz eta iraunaraziz, eta haien duintasunaren, memoriaren eta haiekiko enpatia eta hurbiltasunaren aldeko lana eginez.

 

- Nafarroako Parlamentuak, Nafarroako Gobernuarekin batera, datorren ostegunean, martxoak 11, omentze-ekitaldi bat eginen du, 12:00etan, Iruñeko Baluarteko plazan, terrorismoaren biktimen oroitzapenetan.

 

- Gure komunitatean kalitate demokratikoa hobetze aldera, Nafarroako Parlamentua osatzen duten alderdi politikoek konpromisoa hartzen dute terrorismoa espresuki gaitzesteko, eta edozein elkarte, antolakunde edo alderdi politikori exigitzeko gaitzets dezan hark ere, eta justiziarekin lankidetzan jardun dezan ebazkizun dauden krimenak argitzeko".