Noiz argitaratua Asteazkena, 2017.eko Urriak 18

Osasunaren eta Gizarte Zerbitzuen arloetako Itun Sozialak arautzen dituen Foru Lege proiektuari buruzko irizpena onetsi da

Arreta berezia jarri zaio irabazi-asmorik gabeko entitateekiko hitzarmenei egokiro eutsi ahal izateari, gai teknikoen lehentasunari eta langileen eskubideak indartzeari

Eskubide Sozialetako Batzordeak gaur onetsi du Osasunaren eta Gizarte Zerbitzuen arloetako Itun Sozialak arautzen dituen Foru Lege proiektuari buruzko irizpena.

 

Nafarroako Gobernuak aurkeztutako foru lege proiektuak xedetzat du “itun sozial deitutakoak arautzea, irabazi-asmorik gabeko entitateek zenbait zerbitzu sozial, sanitario eta soziosanitario eman ahal ditzaten, baliabide publikoak horretarako aski edo egoki ez direnean”.

 

Arauak berariazko araubide bat ezartzen du zeharkako kudeaketa hori gauzatu ahal izateko, merkataritza-enpresekiko kontratazio publikoaren arauditik kanpo.

 

Horri dagokionez, arauaren testua argitze aldera Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, I-E eta PSNk eskaturik Batzordean egin diren zuzenketetan arreta berezia jarri zaie itundutako zerbitzuen hornidura ekonomiko egokiari, alderdi teknikoen lehentasunari eta langileen eskubideak indartzeari.

 

Hala, bada, irabazi-asmorik gabeko entitateekin eginen dira itunak; entitateok izaera horrekin eratuta eta erregistratuta egonen dira, gaitasuna izanen dute bestelako kudeaketa moduetan baino kostu handiagorik gabe zerbitzuak emateko, eta balizko etekin oro helburu sozialetan berrinbertitzeko konpromisoa edukiko dute beren estatutuetan.

 

Adjudikazio-hartzaile izateko baldintzen artean honako hauek aipatzen dira: “irabazi-asmorik gabeko entitate gisa jardutea edo zerbitzu-emate gauzatuan aritzea itunaren deialdiaren aurreko bost urteetan gutxienik ere, edo, lege hau indarrean jarri baino lehen eratutako entitateen kasuan, itunaren deialdiaren aurreko bi urteetan gutxienik ere”. Eta, PSNren ekimenez —beraren zuzenketa aho batez onartu da—, “esperientzia jarraitua izatea itunaren izaeraren edo itunaren xede den zentroaren arabera ezarriko den denbora-epean zehar”.

 

Era berean, aintzat hartuko da “ituna izenpetzen duten entitateetako langileen eta Nafarroako Administrazioko langileen artean ordainsariei eta lanaldiari dagokienez egon daitezkeen aldeak gutxitzea, betiere horrek ekartzen ez badu itundutako zerbitzuaren gastua handitzea (aldea handiagoa den kategorietan hurbiltzeari emanen zaio lehentasuna)”.

 

Eskaintzaren balio teknikoa, esperientzia, berariazko prestakuntza, hizkuntza eskakizuna, sarean lan egitea, arreta integrala edo erabiltzaileen iritzia bezalako alderdiak ez ezik, kontuan hartuko da lan merkatuan sartzeko zailtasunak dituzten pertsonak kontratatzea, bai eta emakume kualifikatuak eta zuzendaritza postuetakoak ere.

 

UPNk hizkuntza-irizpidearen zehaztugabetasuna salatu du, “arbitrariotasunerako atea” irekitzen duela esanez, eta PSNk “irizpide hori euskarari buruzko egungo araudiari” (18/1986 Foru Legea) egokitzeko eskatu du, baina bi zuzenketa horiek baztertu egin dira, lehenengoa aho batez, eta sozialistena Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-E taldeen aurkako botoez.

 

UPNk “kudeaketa eraginkorrari begira eskaintzaren balio ekonomikoa ere kontuan hartzeko” eskatu du, baina asmo horrek ez du aurrera egin (PPNk baino ez du aldeztu), ezta PSNk (UPNren babes soilarekin) desgaitasuna duten pertsonentzat, irizpide orokorren arabera, lanpostuan % 2 gordetzeko egin duen eskaerak ere.

 

Halaber ezetsi egin da PSNren zuzenketa bat, “aplikatzekoa den hitzarmen kolektiboa argitzea” xede zuena, hau da, bazkide langileen, lan-bazkideen edo besteren konturako langileen ordainsariak ez izatea altuagoak hitzarmen kolektiboak jardueraren eta lortutako maila profesionalaren arabera ezarritako ordainsarien % 150 baino. Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek argudiatu dute aski berme ematen duela “Nafarroan aplikagarri den hitzarmen kolektiboa” aipatzeak, eta aurka bozkatu dute. UPNk eta PPNk alde bozkatu dute.

 

Azkenik, UPNk erreparoak agertu ditu lege proiektuan antzematen duen “segurtasun juridikorik ezagatik”, ez baitira bereizten “izaera ekonomikoa duten zerbitzu sozialak eta izaera ekonomikorik gabekoak”, UPNren iritziz Europar Batasuneko araudiak eskatzen duen bezala.

 

Itunaren prezioari dagokionez, talde guztiek adostu dute, laukoaren eta PSNren zuzenketa bana oinarritzat hartuta, prezioak bermatu eginen duela itundutako zerbitzuei egokiro eutsi ahal izatea; hala, diru esleipenak aski izan beharko du behereneko esparruko hitzarmen kolektibo sektorialeko lansari kostuak eta gizarte segurantzakoak ordaintzeko, bai eta zerbitzuen garapenerako beharrezkoak diren gainerako kargak ere, zuzenekoak nahiz zeharkakoak.

 

Eta ezertan galarazi gabe kostuen eguneratzea, kalitate-estandar berrien ondoriozkoa barne, prezioa “ez da inoiz izanen handiagoa tasa eta prezio publiko indardunei buruzko foru araudiaren arabera izanen litzatekeena baino, ez eta zerbitzuak ordura arte, eskatu beharreko kalitatearekin eta edozein kudeaketa moduren bidez emanda, izan duen prezioa edo kostua baino handiagoa ere”.

 

Lansari kostuak kalkulatzeko, lansarien arteko aldeak murriztearen printzipioari jarraituko zaio, gorago aipatu bezala. Lansari-kategoria bakoitzeko zehaztu beharko dira kostuak, “behereneko esparruko hitzarmen kolektibo sektorialetik” abiatuta, eta, hala behar denean, itunaren prezioan soldata aldeak gutxitzeko aurreikusitako igoera jasoko da.

 

Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek sinatutako in voce zuzenketaren arabera, zerbitzuak zuzenean adjudikatu ahal izango dira soil-soilik entitateak onartzen duenean bere gain hartzea kasuan kasuko zerbitzu publikoaren finantzaketaren zati bat, halako moduan non itunaren prezioa, Administrazioarentzat, aipatutako arau orokorren arabera aterako litzatekeena baino txikiagoa izanen baita. Hori guztia, itundutako zerbitzuei egokiro eustearen printzipioa eta adjudikatzeko irizpideak errespetatuz, eta ezertan galarazi gabe kontratuei buruzko legerian eskaintza merkeegietarako aurreikusita dagoena aplikatzea. UPN, PSN eta PPN horren aurka agertu dira.

 

PSNk lortu du egoitzei ez ezik “eguneko zentroei edo bestelakoei” ere itunak zuzenean adjudikatu ahal izatea, “onuradunek laguntza jasotzen segituko dutela bermatzea” beharrezkotzat jotzen denean. UPNk aurka bozkatu du, PPN abstenitu egin da eta gainerako taldeek alde bozkatu dute.

 

Bestalde, foru legeak indarra hartu eta bi urteko epean, itun sozialak ezartzeko asmoa duten departamentuek azterlan bat prestatuko dute zeharkako kudeaketarekin ematen dituzten zerbitzu guztiei buruz, eta horiek pixkanaka berreskuratzen joateko azterketa eta plangintza bat aurkeztuko diote Nafarroako Parlamentuari.

 

Osasunari buruzko 10/1990 Foru Legearen 77. artikuluan xedatutakoarekin bat, foru legearen xede diren zentro eta zerbitzuak Erabilera Publikoko Laguntza Sarean sartzeko Lotura Hitzarmen Berezia izenpetu beharko da, eta Nafarroako Parlamentuak berretsi beharko du aldez aurretik.

 

Batzordean egindako eztabaidan 27 zuzenketa eztabaidatu dira (12 UPNrenak izan dira, 12 PSNrenak eta beste hiru GB, EHB, Podemos-Ahal Dugu eta I-Ek batera aurkeztuak). Horietatik 6 onetsi dira, 4 PSNrenak eta 2 laukoarenak.

 

Irizpena eman eta gero, Osasunaren eta Gizarte Zerbitzuen arloetako Itun Sozialak arautzen dituen Foru Lege proiektua Osoko Bilkurari aurkeztuko zaio, behin betiko eztabaida eta bozketa egiteko.

 

Foru lege hori toki erakundeetan aplikatu ahal izan dadin, proiektu horrekin batera Osoko Bilkurari aurkeztuko zaio Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea aldatzeko Foru Lege proiektua, Batzordetik pasatu gabe, ez baita zuzenketarik erregistratu.

 

Bakartxo Ruiz (EH Bildu talde parlamentarioa) izan da bilkurako burua, eta parlamentari hauek bildu dira: Maribel García Malo, Iñaki Iriarte, Luis Zarraluqui, Carmen Segura (UPN talde parlamentarioa), Consuelo Satrustegi, Virginia Alemán, Isabel Aranburu (Geroa Bai talde parlamentarioa), Asun Fernández de Garaialde (EH Bildu talde parlamentarioa), Mikel Buil, Fanny Carrillo (Podemos-Ahal Dugu talde parlamentarioa), Nuria Medina, Ainhoa Unzu (PSN talde parlamentarioa), Javier García (PPNko foru parlamentarien elkartea) eta Marisa de Simón (Izquierda-Ezkerrako foru parlamentarien elkartea).