Noiz argitaratua Osteguna, 2021.eko Apirilak 15

Nekazarien Borroken Nazioarteko Egunarekin bat egin du Nafarroako Parlamentuak

Unai Hualdek Pobreziaren eta Desberdinkeriaren aurkako Nafarroako Itunean hartutako konpromisoak azpimarratu ditu, eta aurki eztabaidatuko den klima-aldaketari eta trantsizio energetikoari buruzko Foru Legeari heldu dio

Duela zortzi urtetik hona apirilaren 17an ospatzen den Nekazari Borroken Nazioarteko Eguna dela eta, Nafarroako Parlamentuak nekazaritza-sektorearen defentsa eta elikadura-burujabetzaren sustapena aldarrikatzeko ekitaldia hartu du bere gain. “Legebiltzarrak bi helburu hauekiko konpromisoa hartu du, Garapen Iraunkorreko Helburuekin bat egin zuenetik ere”.

 

Horrela eman dio hasiera Unai Hualdek, Nafarroako Parlamentuko lehendakariak ekitaldiari, eta ondoren, duela pare bat hilabete berritutako Pobreziaren eta Desberdinkeriaren aurkako Nafarroako Itunaren edukia balioetsi du. Dokumentu horretan, besteak beste, honako asmoa jasotzen da: "tokiko ekoizpen agroekologikoa sustatzea eta klausula sozialak eta merkatu-erreserbakoak ezartzea, zerbitzu publiko guztietan elikadura osasungarria eta jasangarria (0 kilometro) sustatzeko".

 

Amaitzeko, klima aldaketari eta trantsizio energetikoari buruzko foru legea aipatu du Hualdek, "Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren Sareak (REAS) eta Nafarroako Elikadura Burujabetzarako Asanbladako gainerako kideek Nekazarien Borroken Nazioarteko Eguna dela-eta eskatzen dituzten zenbait gai heltzen baititu”.

 

Jarraian, María Jesús Ruiz eta Ana Malónek Nafarroako Elikadura Burujabetzarako Asanbladak "baliabideak agortzen dituen industria-eredu kapitalistari, klima-krisiari eta desberdintasun larriak betikotzeari" alternatiba bat bilatzeko helburuarekin egindako manifestua irakurri dute.

 

Horri dagokionez, Nafarroako Gobernua animatzen da "ekonomia- eta ingurumen-politikak GIHekin lerrokatzeko konpromisoa" gauzatzera, eta, horretarako, "agroekologiari babes irmoa emango dion eta tokiko produktuari mesede egingo dion kontsumo-eredua" eskatzen da.

 

Bestalde, eta Klima Aldaketari buruzko legea onartu berri dela eta, "hobekuntza" bat egon dela aitortzen da, baina "ez da nahikoa CO2 isuriei aurre egiteko, garraio-eredua aldatzeko edo berriztagarriak bultzatzeko. Ezinbestekoa da nekazaritza-, industria-, garraio- eta kontsumo-eredu bat sustatzea, ekintzekin, eta ez hitzekin. Horrela bakarrik lortuko dugu pertsonak eta ingurumena zainduko dituen benetako garapena".

 

Nekazarien Borroken Nazioarteko Eguna 1996an ezarri zen, Via Campesinaren bigarren konferentzian, eta Eldorado Dos Carajásen (Brasil) jazotako sarraski batean 19 langileren heriotza ohoratzeko modu bat izan zen.

 

Ekitaldian izan dira, besteak beste, Yolanda Ibáñez, bigarren lehendakariordea, Maiorga Ramírez, bigarren idazkaria, parlamentu-taldeetako eledunak, eta Itziar Gómez, Landa Garapen eta Ingurumeneko kontseilaria.