Noiz argitaratua Asteazkena, 2021.eko Ekainak 30

Nafarroako Parlamentuko lehendakariak X. Legegintzaldiko bigarren urteari dagokion Jardueren Oroitidazkia aurkeztu du

Hualderen esanetan, eztabaida politikoaren lehentasunak eta jarduera mugatu dituen osasun-krisiari aurre egiteko akordioak lortzeko beharra izan da aldi honen ardatza

Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, Unai Hualdek, Nafarroako Parlamentuaren X. legegintzaldiko bigarren urteko jardueren oroitidazkia aurkeztu du gaur (26-5-2020/26-05/2021). Covid-19aren pandemiak eragindako krisi sanitarioak, ekonomikoak eta sozialak markatutako aldia izan da, eta horrek Legebiltzarraren jarduera eta eztabaida politikoaren lehentasunak baldintzatu ditu. Hala ere, 2.867 ekimen zenbatu dira, aurreko ikasturtean baino 1.172 gehiago.


Krisiaren ondorioak arintzeko neurriak ezartzen dituzten arauak, 2021erako Aurrekontuei buruzko Foru Legea eta egin berri zaion aldaketa, Europar Batasunetik datozen berreskuratze-funtsak ahalik eta ondoen kudeatzeko, izan dira legegintzaldi honen ekuatorean nabarmendu diren alderdietako batzuk; izan ere, prebentzio-neurriek ekarri dituzten zailtasunez gaindi, legealdi dinamikoenetako bat izaten ari baita.

 

Legegintzaldiko lehen urte honetan 20 foru lege onetsi dira; horietatik 14 Nafarroako Gobernuak igorritako proiektuei dagozkie, eta beste 6 Legebiltzarreko talde politikoek aurkeztutako foru lege proposamenen artetik sortuak dira. Aurkeztutako hamabost foru lege proposamen horietatik bost ez dira aintzat hartu, beste bat ez da onartu, eta hiruk ez dute amaitu Parlamentuko tramitazioa. Era berean, Nafarroako Parlamentuaren Erregelamenduaren testu bategina aldatzeko proposamen bat onartu zen.

 

Gainera, 10 foru-lege dekretu baliozkotu dira, denak, bat izan ezik, koronabirusaren (COVID-19) osasun krisiak eragindako inpaktuari aurre egiteko premiazko neurriak onesten dituztenak. Hamargarrena otsailaren 24ko 2/2021 Foru Lege-dekretua da, zeina Kontseiluaren 2017ko maiatzaren 29ko 2017/952 (EB) Zuzentarauaren transposizioa egiten baitu (zuzentarau horrek aldatzen du 2016/1164 Zuzentaraua, hirugarren herrialdeekiko asimetria hibridoei dagokienez).

 

Gainera, Nafarroako Gobernuak Tributu Harmonizazioari buruzko legegintzako foru dekretu bat igorri zuen, kasu honetan Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko 19/1992 Foru Legea aldatzeari lotua.

 

Gobernua bultzatu eta kontrolatzeko eginkizunen atalean 38 interpelazio (6 erretiratu dira) eta 951 galdera (aurreko urtean baino 468 gehiago) egin dira. Galdera horietatik 470 Osoko Bilkuran edo batzorde baten aurrean ahoz erantzutekoak izan dira, eta 481 idatziz erantzutekoak.

 

Gainera, Gobernuak 198 eskaera jaso ditu Gobernuko kideak eta bestelako karguak Parlamentuko batzordeen aurrean agertzeko, bere kudeaketaren kontu ematera.

 

Gobernuaren jarduketen kontrolaren eta adierazpen politikoen atalean, 1.259 informazio eskaera erregistratu dira, eta 74 adierazpen instituzional eta 112 ebazpen onetsi dira (166 mozioetatik, 36 baztertu dira eta 18 erretiratu), gertaera politiko eta sozialen jarraipen zabala erakutsiz. Onetsitako ebazpenetako 12 Foru Komunitatearen egoerari buruzko eztabaidan onetsiak dira.

 

Bestalde, Legebiltzarrak Nafarroako III. Lankidetza Plana (2021-2024) ere onetsi du, 67,66 milioiko zuzkidura duena, bai eta Pobreziaren eta Desberdinkeriaren aurkako II. Ituna (2021-2030) ere, garapen jasangarriaren eta pobreziaren eta desberdinkeriaren aurkako borrokaren esparruan kokatzen diren bi ekimen.

 

Parlamentuko organoek guztira 515 saio egin dituzte (aurreko aldian baino 163 gehiago) 526 bileratan: Osoko Bilkurak 39 (40 bilera), 52 Ponentzia, Mahaiak 28, Mahaiak eta Eledunen Batzarrak 60, eta batzordeek 388 (398 bilkura, 123 lan-saio eta 25 bisita). Azken hauen artean, nabarmentzen dira Osasun Batzordearen saioak (45), Kultura eta Kirolekoak (38), Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barnekoak (35 bilkura), Hezkuntzakoak (34), Eskubide Sozialetakoak (32), Lurralde Kohesiokoak (29) eta Garapen Ekonomiko eta Enpresarialekoak (28).

 

Aldi honetan, Nafarroako Parlamentuak NUPeko Gizarte Kontseiluko kide izendatu ditu Esteban Morrás, Miguel Arrarás, Juan Ramón Corpas, Idoia Sara eta Ubaldo González.

 

Era berean, Alicia Chicharro, Guillermo Barrios eta Patricia Moreno izendatu ditu Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Sala Zibil eta Penaleko magistratu-lanpostu bat betetzeko hautagai gisa.

 

X. legegintzaldiko bigarren urte honetan Nafarroako Parlamentuak ekitaldi instituzional, erakusketa eta hitzaldi ugari antolatu ditu. Hala ere, Covid-19ari aurre egiteko Kontingentzia Planak, urteroko bisita programa eteteaz gain, saio ugari telematikoki egin izana ekarri du.

 

Zenbaki horiekin eta pandemiak eta Gobernuari eusten dion "gutxiengo parlamentarioa" dela-eta, egoera epidemiologikoari lotutako "gizarte-, ekonomia-, lan- eta osasun-ondorioei aurre egiteko" akordioak lortzeko premiak baldintzatutako agertoki batean, Unai Hualdek "jarduera biziaz eta luzeaz hitz egin du, baita konfinamendu-hilabete gogorretan ere, garai horretan Nafarroako Parlamentuak jarduera handieneko erakunde gisa nabarmendu baitzen".

 

Testuinguru horretan, eta talde parlamentarioek egindako lana haztatu ondoren, besteak beste apustu-etxeekin, ehizarekin eta arrantzarekin, Nafarroako Foru Berriarekin, Nafarroako Kutxa Fundazioarekin edo kultura-jarduerarekin lotutako gaiak arautzeko aktibatutako ponentzia ugarietan, lehendakariak martxoan aktibatutako Erregelamendu Batzordeari erreparatu dio bereziki, legegintzaldi hau amaitu baino lehen hura erabat erreformatzeko asmoa baitago (azken erreforma 2011koa da). “Proposamenak eta akordioak tarteko, aurrera goaz. Irailaren hasierarako, testuaren lehen 71 artikuluak aztertuta izanen ditugu” (215).

 

Daukaten esanahi berezia dela-eta, Unai Hualdek nabarmendu nahi izan du nolako balioa izan duten bai Kontseilu Europarrean onetsitako Europako funtsetan parte hartzeari eta funts horiek eskuratzeari buruzko Osoko Bilkura monografikoak, bai Pobreziaren eta Desberdinkeriaren aurkako Nafarroako Itunaren eguneratzeak (aurreko bertsioa 2007koa zen). "Irailean jarraipen-mekanismoak aktibatuko dira, lortutako konpromisoen betetzea gainbegiratzeko, akordioan jaso zirenak", adierazi du.

 

Eztabaiden tonuari dagokionez, Unai Hualdek eskertu du izandako jarrera "konstruktiboa eta arrazoizkoa", taldeen artean Parlamentuan izan den eztabaidaren ezaugarri izan dena, hitzezko iruzur puntualen bat izan ezik. "Zorionez, joera orokorra ez dator bat beste foro parlamentario batzuetan maiz ikus dezakegun giro zakarrarekin. Espero dut legegintzaldiaren bigarren erdian giro horri eustea".

 

Horrela, unibertsitateekin, Gazteriaren Kontseiluarekin (Gazte Parlamentua) eta Eskola Kontseiluarekin egin ohi diren hitzarmenak berritu direla egiaztatu ondoren, lehendakariak CERMINekin eta UPNArekin batera garatutako azterlana aipatu du, "Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazioarteko Konbentziora egokitzeko behar diren lege- eta arau-aldaketak aztertzeko". “Arlo honetan hitzarmen espezifiko baten bidez egin den azterketa azpimarratu nahi dut”.

 

Barneko mailan, Unai Hualdek adierazi du pozik dagoela "Parlamentuaren kudeaketa berrantolatzeko eta modernizatzeko egiten ari garen urrats erabakigarriengatik, administrazio elektronikoaren ezarpena eta lan eta bilera telematikoetako egoeretara nahitaez egokitu beharra barne. Hala ere, osasun-bilakaerak adierazten du irailetik aurrera presentziara itzuliko dela”.

 

Amaitzeko, eta erakundeak zabalkundearen arloan egiten duen lana aipatu ondoren, non oraindik ere helburua baita "Parlamentua herritarrengana hurbiltzea", oroimen-ekitaldi, erakusketa eta hitzaldien agenda bizi batetik abiatuta, horietako asko Nafarroako elkarte-ehunaren lankidetza ordainezinarekin, lehendakariak honako hau adieraziz amaitu du: "Mahaiak, Ganberako langileek eta hedabideek duten jarrera eskertuz, ezinbestekoak baitira Parlamentuaren egitekoei ikusgarritasuna emateko orduan. Eskerrik asko”.