Noiz argitaratua Astelehena, 2016.eko Abenduak 5

Nafarroako Parlamentuaren 2016ko iritzi 'barometroaren' emaitzak aurkeztu dira

Parlamentuaren eta UPNAren arteko hitzarmenari esker egin da lana, eta honako gaiei buruzko balorazioak jasotzen ditu: egoera ekonomikoa, politika, herritarren kezkak, eta Parlamentuaren gaineko ezagutza-maila

Parlamentuko presidentea den Ainhoa Aznárez Igarza, UPNAko Juan Mari Sánchez Prieto eta Ernesto Pérez Esáin irakasleek aurkeztu dituzte gaur goizean barometroaren emaitzak. Izan ere, barometroa, Nafarroako biztanleen iritziak jasotzen dituen behatoki soziologikoa da eta unibertsitate publikoko soziologia departamentuak egin du.

Aurkezpenean, Aznárezek datu bat azpimarratu du: orain arte 7 barometro egin badira ere, oraingoa da erakunde publiko batek bakarrik egin duen bakarra, UPNAk. Era berean, UPNAko soziologia departamentuko zuzendaria den Juan Mari Sánchezek honako hau adierazi du: “Parlamentua sortu zenetik 38 urte igaro dira eta oraingoa lehenengo aldia da erakunde horrek herritarrei galdetu diela zenbateraino ezagutzen duten”.

Parlamentuko presidenteak adierazi du datua “kezkagarria dela: % 68ak badakite erakundea existitzen dela, baina soilik % 35,7ak dakite zein diren erakundearen eginkizunak eta % 42,3k esan dute ez dakitela zein diren erakundearen eginkizunak”. Datu horixe da kezkagarriena, eta Parlamentuan alerta piztu behar duena. Orain arte egin ez den horretan lan egin behar da benetan lortu nahi bada herritarrek Nafarroako lehenengo erakundearen gaineko ezagutza handiago izatea.

Komunikabideen aurrean aurkeztu baino lehen, azterlana bozeramaileen Batzordeari eta Parlamentuko Mahaiari aurkeztu zaie. Ernesto Pérez Esáin-ek egin du aurkezpena, Vidal Díaz de Rad-rekin batera. Bien artean garatu dute. Irailaren 5ean hasi zen azterlana, 800 pertsonaz osatutako lagina oinarritzat hartuta. Konfiantza-maila % 95,5ekoa izan zen. Laginak gehienez + % 3,5ko errorea izan dezake.

40 galdera interesgarri inguru egin dira, Nafarroari eragiten dioten gai desberdinei buruz, besteak beste: politika, egoera ekonomikoa, kezka nagusienak eta ordezkari politikoen gaineko balorazioa. Datu horietako batzuk aipatzearren, egoera ekonomikoaren gaineko balorazioan honako emaitza hauek izan dira: herritarren % 52k hala moduzkotzat jo dute, eta ia % 27k ontzat edo oso ontzat.

Nafarroako egoera politikoari dagokionez % 37’5k uste dute hala moduzkoa dela; Espainiako egoerarekin alderatuta % 16k oso egoera txarra dela adierazi dute, baina % 56,3k esan dute Espainiako egoera politikoa oso txarra dela.

Nafarroako eta Espainiako arazo nagusienak aukeratzean % 15ek uste dute langabezia dela arazo nagusiena bietan. Bigarren arazoa oro har politikariak dira, bai alderdiak bai politika bera; % 18,6k uste dute Nafarroan bigarren kezka hori dela, eta % 14,5 dago kezkatuta Espainiako politikariekin.

Herritarren politikarekiko interesari dagokionez, Parlamentuko presidenteak ere hausnarketa egin du gaitzusteari buruz, “egin behar” dugun lanari buruz “eta egoera hori aldatzeko autokritikari buruz”. Izan ere, Nafarroan interes politikoak honako datu hauek izan ditu: interesa dute % 33,8k, eta interes gutxi dute edo ez dute batere interesik % 55,4k.

Herritarrek politikari buruzko informazioa nola jasotzen duten ere aztertu da lanean: % 29,2k idatzizko prentsaren bidez, % 28,5ek estatuko telebistaren bidez, % 16,2k sare sozialen bidez eta % 13 eta % 12,8 artean tokiko telebistaren eta irratiaren bidez (hurrenez hurren). Parlamentuko presidenteak komunikabideei eskatu die erakundeari laguntzeko Nafarroako lehenengo erakundeak egiten duen lanaren berri ematen. Horri lotuta, Aznárezek adierazi du “barometroaren” emaitzek “hasitako estrategian sendotzen gaituztela, hau da erakundearen gaineko ezagutza areagotzeko estrategian. Horretarako, zalantzarik gabe, laguntza eskatuko diegu komunikabideei, behatokiaren emaitzek erakutsi duten bezala garrantzitsuak direlako Komunitate honen errealitate politikoa erakutsi behar denean”.

Ainhoa Aznárezek, hain zuzen ere, zera azaldu du: “pozten gaitu ikusteak iaz Presidentzian sartzean hasi genuen herritarrentzako Parlamentu Irekiaren estrategia egokia izan dela. Parlamentu honen presidentzia hartzean ulertu nuen herritarrek hobeto ezagutu behar zutela Nafarroako lehenengo erakundea. Horregatik hasi genituen, Parlamentu Irekiaren barruan, proiektu jakin batzuk denak batera: Parlamentu Ibiltaria, Osoko bilkura Sozialak edo Kultur Atrio. Proiektu horien guztien helburua erakundea irekitzea da, baina baita herritarrek Ganbera Legegileari buruz duten ezagutza areagotzea ere”.

Azterlaneko informazio guztia erantsitako fitxategian kontsulta daiteke.
 

Archivos adjuntos

Archivo adjunto1. atala

Archivo adjunto2. atala