Noiz argitaratua Asteazkena, 2021.eko Urriak 6

Nafarroako Parlamentuan "Y el tiempo se detuvo. Natalio Cayuela. Osasuna y Justicia" liburua aurkeztu da

Hualdek azpimarratu du memoriaren berreskurapenari begira historiak ezagutzearen eta ibilbideak aitortzearen garrantzia, "isiltasun-urte gehiegi"ren ondoren

Gaurkoan Nafarroako Parlamentuan Y el tiempo se detuvo. Natalio Cayuela. Osasuna y Justicia liburuaren aurkezpena egin da. Elkarlaneko saiakera bat da, Eduardo Martínez Lacabe historialariaren eta Osasuna Memoriaren eskutik kontatzen duena zortzi urtez Osasunako lehendakari izan ondoren 1936an estatu-kolpearen aurkako bere jarrerarengatik fusilatua izan zen horren historia.

 

Nafarroako Parlamentuko lehendakari Unai Hualderen esanetan, Eduardo Martinezek sinaturiko liburu horrek justizia egiten dio pertsona "konprometitu, jendekoi, ospedun eta sentsibilitate politikodun" bati. "Horregatik erail zuten. Gaurkoa egun garrantzitsua da Cayuela familiarentzat, baina baita gure memoria berreskuratzearen langintzarentzat ere. Urte gehiegiko isiltasuna, pixkanaka apurtzen ari garena; eta horretan datza honakoa bezalako argitalpenen garrantzia, historiak ezagutzeko eta ibilbideak aitortzeko pentsatuta daudenez gero".

 

Testuinguru horretan, eta Natalio Cayuelaren nortasuna iruzkingai hartu ondoren –besteak beste, garai hartan Parlamentuaren gaur egungo egoitzan kokatuta zegoen Probintzia Auzitegiko idazkari izan zen–, Hualdek balioan jarri du Gobernua eta Parlamentua "Nafarroako Memoriaren Institutuarekin eta NUPekin batera joan den legegintzalditik egiten aritu diren lana", eta hortxe kokatu du Nafarroako Memoria Historikoaren Dokumentu Funtsa.

 

Horri buruz, lehendakariak aitortu du: "erakundeok berandu bildu gara duela urte asko gizarte zibilak eta erailen eta errepresaliatuen ahaideek abian jarritako memoria-berreskurapeneko langintzara. Egia da omenaldi asko berandu iritsi direla, baina oraintxe bertan ezin ukatuzkoa da egiarekin, justiziarekin eta indarkeriaren biktima guztientzako erreparazioarekin dugun konpromisoa".

 

Unai Hualdek amaitu du Enrique Cayuelak izandako "zorte"ari buruzko aipamen bat eginez; hots, bere burua salbatu zuen anaia, autobus-geltoki zaharreko erlojuko txoko batean ezkutaturik. Halaber, lanaren egileari eta Osasunaren Memoria kolektiboari bere esker ona adierazi die, egoera ekonomikoaren eta kirol-jardunaren goraldi honetan C.A. Osasunaren mendeurrenaren ospakizunari egin dioten ekarpen ukaezinagatik. Bete-betean asmatzen da arrakastaz gozatzearekin batera aitorpena erakutsiz beren ideia politikoengatik erailak izan ziren klubaren fundatzaileekiko. Oharturik nago liburua jadanik iritsi dela Txilera. Espero dut beste toki askotara ere iristea".

 

C.A. Osasunako lehendakari Luis Sabalzak adierazi du lan hau "justizia egiteko" iritsi dela, ahanzturatik erreskatatuz Natalio Cayuela, "bultzada oso handia eman ziona Osasuna bere lehen urteetan garatzeari" eta "bidegabekeriaren, gorrotoaren eta krudelkeriaren" biktima izan zena.

 

Liburu honek "Osasunaren historiaren gainean argi gehiago ipiniko" duela esan ondoren, Sabalzak azpimarra jarri du Osasunatik egiten ari den dibulgazio-lanean, "urte gehiegiz nagusi izan den iluntasuna argiztatzeko", eta hori gauzatu da, gaur aurkezturikoa bezalako beste ekimen batzuen artean, Félix Monrealen "Valiente y luchador" obraren argitalpenean, zeina bazkide guztiei opari gisa eman baitzitzaien klubaren mendeurrenaren kariaz.

 

Amaitzeko, Sabalzak "nafar guztien batasun-ikur" gisa erreibindikatu du Club Atlético Osasuna. "Geurea bezain lurralde askotariko batean, non orotariko sentiberatasunak aurkitzen baitira, Osasuna sentimendu transbertsal eta integratzailea dugu, egituratze-elementua, ezberdin direnak elkartzen dituena. Eta gaur den egunean Osasunak hori guztia ordezkatzen badu, horren alde borrokatu ziren gizonengatik da. Natalio Cayuela, kasu".

 

Mikel Huartek, liburuaren egileetako bat eta Osasunaren Memoria-ko kide izanik, bilketa- eta ikerketa-lanaren berri eman eta Cayuelaren biografia aipatu du, eta ondoren bere poza adierazi du liburu hau "Natalio 20 urtez lanean aritu zen eraikin honetan" aurkezteagatik.

 

Bestetik, Jon Jiménez editoreak nabarmendu du azken urte honetan klubaren mendeurrenaren inguruan egin den lana, eta "lan horrek futbolari esker bultzatu du kultura. Bazegoen zor bat, eta eskertzekoa da Osasuna Memoriako jendea bezalakoa egotea, gauza izan dena urte bakarrean hiru liburu argitaratzeko. Lan hau auzolanari eta talde-lanari esker baizik ez da posible izan". Halaber, azpimarratu du Eduardo Martínezen zuzendaritza-lana, "historien liburu hau, historia sozialarena", sortzekoa.

 

NUPeko irakasle eta liburuko lankide den Amaia Álvarezek ohartarazi du liburu hau "eginkizun dugun puzzle handi honen funtsezko pieza" dela "Nafarroako memoria historikoa berreskuratzeko eta gerra zibilean izandako nahiz frankismoak kontrako zituen zenbait sektoreren aurka eginiko errepresioa ezagutzeko". Erantsi du liburu hau "futbola baino harago eta Osasuna baino harago" iristen dela, eta lortzen ari dela "Nafarroako gizarteko sektore asko memoria historikoan interesatzera hurbiltzea".

 

Josu Chueca historialari eta liburuko partaideak eskertu egin du Osasunaren Memoriak historia hauen berreskurapenerako eman duen bultzada. "Memoria historikoaren aferan lan asko eta asko dago eginkizun, berreskuratzeko, aitortzeko, historiatzeko eta argi publikopean jartzeko. Erbestea milaka eta milaka pertsonarentzako heriotza zibila da, eta Espainiako Estatuko memoria historikoaren barrenean ahaztuta dirauten esparru handietako bat dugu".

 

Eduardo Martínez historialari eta lanaren egileak liburuaren jatorria esplikatu du. Liburua pertsona askoren artean izan da eraikia, "memoriaren auzolan" bat da, eta gehitu du liburu hau ahalegintzen dela "Cayuelaren memoriaren gainean bota zuten lur guztia" kentzen.

 

"Liburuak jatorri du Osasunaren mendeurrena, bai eta zenbait kolektibo ere, Osasunaren Memoria bezalaxe konturatu ginenak nolakoak ziren gerrak klubaren bizitzan izandako ondorioak. Natalio Cayuela dugu bere iritzi politikoengatik errepresaliatuak izan ziren pertsona horietako bat", dio Martínez Lacabek. "Natalio gizon poliedrikoa, polifazetikoa, sozialki oso aktiboa izan zen, ildo asko jorratzen zituena. Pertsona zintzoa, bakegilea, iruindar peto-petoa, halakoa non, 1930eko hamarkadan, zeukan itzal sozialarengatik, herritarrek ez baitzuten ezer iruindarragotzat hartzen Cayuelatar bat baino".

 

Horrez gain, ekitaldia osatu du liburuan partaide izandako hauen bideoen proiekzioak: José Antonio Martín, Kirmen Uribe, José Manuel Jaurrieta, Gustavo Muñoz eta Miguel Izu.

 

Ekitaldiaren musika-alderdiaz Natalio Cayuelaren senitarteko Leo Cayuela arduratu da.

 

Ekitaldia erakunde-aretoan egin da, eta besteak beste bertaratu dira lehen lehendakariorde Inma Jurío, bigarren idazkari Maiorga Ramírez, eta parlamentari hauek: Raquel Garbayo, Alberto Bonilla (Navarra Suma), Carlos Mena (PSN), Jabi Arakama (Geroa Bai), Txomin González, Arantza Izurdiaga (EH Bildu), Ainhoa Aznárez (Podemos-Ahal Dugu) eta Marisa de Simón, bai eta Herritarrekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollo ere.