Noiz argitaratua Osteguna, 2018.eko Ekainak 28

Nafarroako Parlamentuak presoak urruntzen dituen espetxe politikarekiko bere desadostasuna adierazten du

ETAren desagerpenaren ondoren adostasun sozial eta politikoa dagoela argudiatuz, zigorrak gizarte- eta familia-loturak dituzten lekuetatik gertu bete ditzaten eskatzen da

Parlamentuko Osoko Bilkurak ebazpen bat onetsi du gaur, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu, PSN eta I-Eren aldeko botoekin eta UPN eta PPNren aurkakoekin, zeinaren bidez Nafarroako Parlamentuak, Espetxeen Lege Organiko Orokorra jarraituz, zeinak zehazten duen askatasunaz gabetzeko zigorrak gizarte –eta familia- loturak dituzten lekuetatik urrun betetzea ekidin behar dela gizarteratze printzipioei jarraiki, adierazten du “ez dagoela ados presoak urruntzen dituen espetxe-politikarekin eta zentzu honetan, ETAren desagerpenaren ondoren zabaldu den garai berriaren baitan, beharrezkoa ikusten du espetxe politika berri bat sortzea, askatasunaz gabetzeko zigorrak gizarte –eta familia- loturak dituzten lekuetatik urrun betetzea ekidingo duena, familiekin harremanak erraztuz, adin txikiko seme-alaben ongizatea bermatuz eta hauek gurasoekin egoteko duten eskubidea errespetatuz”.

 

Onetsitako ebazpenak bigarren atalean dio, Nafarroako Parlamentuak “beharrezkoa ikusten duela elkarbizitza politiketan aurrera pausuak ematea, eta horretarako banakotasun, gizatasun eta egindako minaren aitortza bezalako printzipioak ezartzea ezinbestekoa da”.

 

Zioen azalpenean, Geroa Bai, EH Bildu, Podemos-Ahal Dugu eta Izquierda-Ezkerrak aurkeztutako eta PSNk zuzendutako ebazpenak Nafarroako Parlamentuak onetsi dituen dozenaka erabaki aipatzen ditu, “salbuespeneko espetxe-politika nabarmen aldatzeko premiari buruz”, eta zentzu horretan, adierazten du “funtsezkoa dela zigorrak gizarte- eta familia-loturak dituzten lekuetatik urrun betetzea ekiditea”.

 

Esandakoaren harira, “ETA erakunde gisa desegitearen garrantzia” azpimarratzen da, baita Legebiltzarreko gehiengo handi batek azaroaren 9an onetsitako mozioaren garrantzia, zeinaren bidez “Parlamentuak bere borondatea adierazi baitzuen gaixotasun larriak dituzten nafar presoek espetxetik kanporatuak izateko modua izan dezaten. Bizikidetasunaren eta normalizazioaren aldeko urratsak eman daitezen eskatzen du gizarteak”.